Ihintza Elustondo
Landa eremuko lurren mugak arazo iturri bilakatu dira. Izan ere, lehen, jabeek ondo ezagutu ohi zituzten beren lurrak eta haien mugak, baina belaunaldien arteko transmisio faltak mugarriak eta mugak garbi ez egotea edo horiek desagertzea ekarri du. Horren ondorioz, lurrak nahiz mendiak ez dira lehen bezala zaintzen, eta, erakundeek ohartarazi dutenez, horrek “kalte larriak” eragiten ditu nekazaritza munduan. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailak diru laguntza lerro bat jarri du martxan, udalerriek beren lurren mugak digitalizatu ahal izateko proiektuak gara ditzaten.
Arantxa Ariztimuño aldundiko Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak azaldu duenez, Gipuzkoako lurren %90 landa lurrak dira, eta lursail horiek “baserriari lotuta” egon dira historikoki. Hala ere, azken hamarkadetan, Gipuzkoako gizartea “kaletartu” egin da, eta horrek lursailen eta haien mugarrien gaineko ezagutza “galtzea” ekarri du. Egoera horretaz jabetuta eta ondorengo belaunaldiei “informazio osoa eta argia” helarazi asmoz, aldundiak iaz jarri zuen martxan Gipuzkoako landa lurren mugak digitalki jasotzeko egitasmoa. Prozesua hamar urtean amaitzea espero dute, eta, horretarako, aldundiak hiru milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du —300.000 euro urtean—. Udalerri bakoitzak jarri beharko du proiektua finantzatzeko gainerako %50a; horri esker, lursailen jabeek ez dute euren gain hartu beharko kosturik.
Aldundia dagoeneko ari da lanean Gipuzkoako hainbat herritan. Joan den urteko deialdian bederatzi herrik adierazi zuten proiektuarekiko interesa: Ataunek, Olaberriak, Orexak, Mendarok, Zumarragak, Azkoitiak, Abaltzisketak, Legazpik eta Zegamak. Herri horietan lanak “oso aurreratuta” doazela azaldu du Ariztimuñok; aurtengo deialdian, beste hainbat herri batu dira egitasmora: Beizama, Elgeta, Azpeitia, Aia, Anoeta, Baliarrain, Albiztur, Beasain, Deba…
Beizamako Udalak orain gutxi ekin dio landa eremuko lursailak topografikoki mugatzeko prozesuari; joan den larunbatean egin zuten egitasmoa herritarrei azaltzeko bilera. Erakunde horrek Geograma enpresa kontratatu du herriko 6., 7., 8. eta 11. poligonoetako landa lurren mugak zehazteko. Guztira, landa eremuan dauden eta 357 hektareako azalera duten 175 lursail baino gehiago mugatuko dituzte. Cristina Galvan Geogramako topografoa arduratuko da proiektua gidatzeaz, eta, hark azaldu duenez, “oso garrantzitsuak” dira halako egitasmoak, jabetza arloan “gero eta arazo gehiago” dagoelako.
Gauza bera uste du Manuel Labaka Beizamako herritarrak. “Gu asko ibili izan gara landa lurretan; ganadua zaintzera edo garotara joan izan gara. Baina orain nire alabek ez dituzte gure lurrak ezagutzen”. Horregatik uste du garrantzitsuak direla halako proiektuak. “Izan ere, azterketa garatzean, mugak digitalizatuta geldituko dira, eta hala ez da galduko haien gaineko ezagutza”.
Inplikazioa, beharrezkoa
Proiektuaren helburuak dira mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugarriei eta mugei GPS koordenatuak ematea. Lanak behar bezala egin ahal izateko, beharrezkoa izango da lur jabeen laguntza, horiek eta mugakideek lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko baitituzte. Lanak bukatu ondoren mugak zehaztuta, mugarrien koordenatuak dituzten planoak emango dizkiete jabeei.
Oraingoz, lau poligonotako mugak zehaztuko dituzte Beizaman, eta gainontzeko poligonoenak datozen urteetan. Poligono horietan lurrak dituzten herritarrei zer pauso eman beharko dituzten azaldu zien Galvanek larunbateko batzarrean. Batetik, mugak garbitu beharko dituzte; lursailaren perimetroak garbi egon beharko du, neurketak egiteaz arduratzen diren teknikariei mugetarako sarbidea errazteko. Bestetik, jabe bakoitzak lursailen mugen eta mugarrien egoera berrikusi eta adostu beharko du mugakideekin. Azkenik, Geogramakoek banatutako fitxategiak bete eta udaletxean entregatu beharko dituzte lurjabeek; akordioetarako sinadura orriak daude fitxategi horietan.
Lurjabe bakoitzak azaroaren 25erako entregatu beharko du sinatutako orria, eta Geogramako langileak abenduan hasiko dira neurketak egiten. Enpresa horretako kideek mugakideekin adostasunera iristen saiatzeko eskatu diete herritarrei. “Halako egitasmorik ez da berriro gauzatuko, eta garrantzitsua da mugak orain zehaztea, ezagutza ez galtzeko. Saiatu akordiora iristen, ondorengoei gauzak ondo eginda uzteko”, esan zuen Galvanek.
Ariztimuño “oso pozik” dago egitasmoak Gipuzkoako herrietan izan duen erantzunarekin. “Behar handi bati erantzuten dio proiektuak, eta lurjabeek balorazio positiboa egin dute”. Datozen urteetan digitalizaziorako laguntzen deialdiak ateratzen jarraituko duela adierazi du aldundiak.
Leave a Reply