Unai Zubeldia
Txapelketa, arreta, fereka, osaketa. Kiniela, dela, horrela, txapela. Sarrera, barrera, egoera, amaiera… Ia oharkabean, irailetik errima saltsan murgilduta dabiltza bertsozale gehienak. Batek asmatu duela, bestea behetik ibili dela, ezuste polita izan dela, gaia gustatu zaiela… Bertsolari Txapelketa Nagusiak beti sortzen du irrika berezia zaleen artean, eta aurtengoa are bereziagoa izaten ari da, COVID-19aren eraginez bost urtera joan delako berez lau urtez behin egiten den txapelketa.
Irailaren 15ean aurkeztu zuten txapelketa, Villabona-Amasan, eta egun horretan gelditu ziren zehaztuta bertsozale askoren abenduaren 18ra arteko asteburuak. Getxon (Bizkaia) izan zen lehen faseko lehen saioa, irailaren 24an, eta joan den igandean seigarrena eta azkena, Lizarran (Nafarroa). Tartean, bi saio egin dituzte Gipuzkoan: irailaren 25ean, Arrasaten, eta urriaren 8an, Donostian.
Finalaurrekoak zehaztuta, Gipuzkoako hamabi bertsolari ariko dira lehian urriaren 22tik azaroaren 12ra, finalaurrekoetako lehen fasean —24 bertsolari dira guztira—, eta puntu gehien biltzen duten hemezortzi bertsolariak igaroko dira finalaurrekoetako bigarren fasera. Beste hiru saio izango dira gero, azaroaren 19an eta 26an, eta abenduaren 3an. Puntu gehien biltzen duten zazpi bertsolariek Maialen Lujanbio zain izango dute abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian jokatuko duten finalean.
“Gabezia handia nabaritu dugu bost urte hauetan”, hasi du azalpena German Zelaiak (Aizarna, Zestoa, 1949): “Ilusioz hartu dugu txapelketa, eta bertsolariekin batera ari gara gozatzen eta sufritzen, sufritu ere egiten dugulako norbait ezinean ari dela ikusita”. Oso bertsozaleak dira bai Zelaia eta bai Laxaro Azkune (Azpeitia, 1950). Besteak beste, gai jartzen urte askoan ibilia da Azkune. “Horrez gain, Erniarraitz, Osinalde eta Lizardi sariketak ere, esaterako, beti ikusten ditugu; bertsolari gazteetako asko ezagutzen ditugu, eta Txapelketa Nagusia izaten da gazte horien garapenaren isla. Polita izaten da gazteak gora egiten ari direla ikustea. Barrua mugitzen zaigu; ilusioa sortzen zaigu”. Getxoko saioan bakarrik huts egin zuen azpeitiarrak, eta Lizarrakora ere joaterik ez zuen izan aizarnarrak.
Bertsoa, eskolatik
Txapelketa Nagusia “modu naturalean” bizi du Haizea Aranak (Eskoriatza, 2001). “Inoiz ez dut edukitzen izugarrizko gogorik txapelketa iristeko, baina gero piztu egiten naiz beti”, aitortu du. Horren erakusgarri, lehen faseko sei saioetan izan da eskoriatzarra, eta, okerrik ezean, azken zazpietara joateko asmoa dauka. “Eskolan bertsozaletutakoa” dela aitortu du Aranak: “Han hasi nintzen bertsolaritza lantzen, eta, kontziente naizela, arretaz ikusten ari naizen hirugarren Txapelketa Nagusia da hau; 2013ko txapelketa izan zen lehenengoa. Bertsoaren inguruko harreman sare horiek lotu naute ni bertsolaritzara”. Eurak etxekoekin baino gehiago, etxekoak eurekin bertsozaletu direla argitu du Aranak, Oihana ahizparekin eta berekin.
Zelaiari eta Azkuneri, berriz, etxetik datorkie bertsoarekiko maitasuna. “Guk oso zalea genuen aita”, hasi du azalpena aizarnarrak: “Eta hark buruz ikasita edukitzen zituen puntu-erantzun batzuk ere”. Azkunek esan du 1962an irratiz txapelketako saioak ematen hasi zirenean “meza bera baino garrantzitsuagoa” izaten zela bertso saioa euren etxean: “Han ez zegoen txintik ere egiterik; irratiari begira-begira egoten ziren denak. Hortik hartu dugu guk zaletasuna”.
Zelaia eta Azkune kuadrillan joaten dira saioetara: “Nahiz eta aurten apalduta daukagun taldea; arrazoi bat dela eta bestea dela, bederatzitik laura jaitsita gabiltza”. Emazteekin batera joaten dira biak saioetara. “Gurekin batera egin dira bertsozale, eta gustura ibiltzen gara elkarrekin”. Arana, berriz, Oihana ahizparekin eta lagunekin joaten da saio gehienetara: “Eta, saioak entzuteaz gain, inguruko herriren batean bazkari-afariak eta parranda txiki batzuk egiteko ere baliatzen dugu aukera. Gotaine-Irabarnen [Zuberoa], esaterako, bazkaltzera joan ginen, bi ordu eta erdiko bidea geneukalako”. Aranari asko gustatzen zaio saio bakoitzaren ondoren atarian saioaren inguruko gorabeherez, gaiez, puntuez… hizketan aritzea: “Bitxia eta polita izaten da une hori”.
Larunbatetan, saio gehientsuenetan, erritual bat izaten dute Zelaiak eta Azkunek: “Saioa bukatu, Azpeitira itzuli eta Mendizabal jatetxean afaltzen dugu, saioa bera aztertuz”.
Bertsolari izan gabe, “bertsolarien lagun oso gertuko” izatera iritsi direla adierazi du Azkunek. “Eta guretzat gauza handia da hori. Bertsolarien kuadrillakoak bihurtu gara ia-ia”. Herri Irratiko garaiak gogoan, koadernoa eta boligrafoa eskuan dituela joaten da Azkune saioetara: “Kontzentratzen laguntzen dit horrek; laneko bizioa da”. Zelaiak aldamenetik onartu du “lehen baino gehiago” asmatzen dutela orain saioa ondo samar edo gaizki samar doan. “Lehen, asko huts egiten genuen, baina itxuran gabiltza orain. Ikasten ari gara, nonbait!”. Hori bai, aizarnarrak aitortu du Azkune falta izaten dutenetan, koaderno eta boligraforik gabe, “galduta” ibiltzen direla.
Bertsolaritza asko aldatu da azken urteotan. “Eta garai bateko bertsolaritzan geldituta daude bertsozale batzuk; gaur egungo bertsolaritzari ez diote kasu handirik egin horiek, eta esaten dute ez zaiela gustatzen”. Azkunek goratu egin ditu bai lehengo bertsokera eta bai gaur egungoa. “Bertsolariek gai eta modu asko landu dituzte azken urteotan; ikasiak dira, eta estimatu egiten dugu hori ere”.
Saioetan, poz txikiak
Joan den larunbatean Arana asko poztu zuen Onintza Enbeitaren saioak. “Baina harritu, bereziki ez nau inork harritu. Oihana Iguaran, adibidez, ez neukan hain kontuan hartuta, baina oso ondo aritu zen Gotaine-Irabarnen”. Pena pixka bat, berriz, Maialen Akizu bidean gelditu izanak eman dio: “Saio txukuna egiten ari zen, baina poto egin zuen bukaeran, eta pena izan zen”. Xabat Galletebeitia, Amaia Iturriotz eta Oihana Bartrarekin ere bazeukan itxaropen pixka bat, baina lehen fasean bidean gelditu dira horiek ere.
Zelaia Eñaut Martikorenarekin gelditu zen harrituta joan den larunbatean, Donostian: “Ganbarako gaia entzun eta han bota zituen bederatzi puntuko hiru bertso on, bat-batean”. Martikorenaren hamarreko txikiko saioa gehitu du Azkunek: “Antologikoa izan zen patata tortillaren kontura bota zuena. Eñautek beti eskaintzen du gauza bitxiren bat edo beste”. Bidean gelditu direnen artean, berriz, Miren Amuriza aipatu dute biek: “Ez zuen bere eguna izan, eta ezta Mantxik ere [Iñigo Mantzizidor]. Iban Urdangarinek ere zerbait esango du ozta-ozta kanpoan gelditu ondoren, baina egunean bertan egin behar izaten da bertsotan, eta…”.
Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre eta Sustrai Colina lehian direla, finalaurrekoetan “oso maila ona” espero du Aranak: “Saio bereziak gelditu dira; Irungoan, esaterako, emakumezkoak dira sei bertsolarietatik bost. Guztiak saio politak izango direla iruditzen zait”. Zelaiak ere “oso maila ona” espero du finalaurrekoetan.
Finala urruti dago oraindik, baina aurten aldaketa handi bat izango da, Barakaldoko (Bizkaia) BECetik Iruñeko Nafarroa Arenara lekualdatuko delako oholtza. Aranak “oso gustura” hartu du aldaketa: “Nafarroako bertsolaritzan asko eragingo du, eta garrantzitsua iruditzen zait Euskal Herriaren erdigunea Gipuzkoatik eta Bizkaitik ateratzea”.
Leave a Reply