“¿Qué harías tú en un ataque preventivo de la URSS? Uuuurs, uuurs ¡No sé!” (Zer egingo zenuke zuk SEBSen eraso prebentibo batean? Ez dakit!). Lelo hori buruan darabilkit etengabe azken asteotan. Polansky y el ardor taldearen kantu ezagunaren esaldia da. Tira, ezaguna 1983an, argitaratu zen urtean, Gerra Hotz betean, gazte eta nerabe ginenondako. Orduko albistegiek ere, gaur egunekoek bezala, misil kontuak eta gerraren hotsak zekarzkiguten. Bizipen errepikatuaren sentsazioa kendu ezinda nabil ni. Orduan ere etsai bat behar zen, eta beldurra eragitea zen helburua, orain legez.
Abestiari URSS kendu, eta Errusia jarriz gero, errepika orain erabiltzeko modukoa da. Errusia da-eta etsai hori, misilez beteta dagoena, eta gu guztion kontra jo nahi duena. Bide batez esan, orduko SESBren errepublika nagusia zela Errusia. Urteak pasatu eta berdinetan gaudela ematen du, ia lau hamarkada geroago. Albisteak entzun eta “hau bizi izan dut” errepikatzen dut neure kautan. Aitzakia perfektua armetan gastua igotzeko eskatzeko, orduan sasoian bezala. Beraz, esan genezake kantu bera dela, edo kantu beraren bertsioa.
Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak —AEBek xaxatuta eta Europako Batasunak bedeinkatua—, baina, ez da déjà vu sentsazioa eragiten didan bakarra. Hertzainak taldeak azken kontzertuak eskainiko ditu. Azken kontzertuak? Egon nintzen azken kontzertuan, barren! 1993an, Donostian! Berriro azkena? Tira, pandemia aurretik ere Euskaldunan izan ginen Gari eta Josu Zabala ikusten. Eta BECera ere joango gara. Hurrengo baten ere elkartzen badira, joango gara, eta hurrengoan, eta hurrengoan… bakean utzi arte!
Horrela nola ez dugu, bada, etengabeko déjà vu sentsazioa izango? Kiribil infinituan gabiltza murgilduta, behin eta berriro antzeko bizipenak ditugula sentitzen dugu, denborak malguki forma balu legez, espiralean. Badakigu guztia ziklikoa dena. Erakusleihoei begiratzea baino ez dago. Prakek gerria mokorrean izan dute, eta orain ia saihets azpian. Baina biak ala biak aspaldian ere jantzi genituen. Dena itzultzen da, beraz; besaburuetako betegarriak (honbrerak) ere bai, kontu egizue!
Aurrekoak moda kontuak dira, friboloak, beharbada, baina ederki ilustratzen dute gure mundua, ia dena inbentatuta dago-eta. Arroparen anekdota hutsa bada ere, badirudi belaunaldi bakoitzak praka motarekin batera galdera berberak egin (eta ebatzi) behar dituela: Zer da euskal literatura? Euskaraz idazten dena ala euskal herritarrek idatzitakoa?
Halakoak irakurrita Munchen Oihua koadroan agertzen den pertsonarena egiteko gogoa izaten dut: esku biekin buruari eutsi, eta ahoa guztiz zabalduta garrasi luze eta ozena egin, desesperazioa adierazteko.
Betiereko beste letania bat da “euskara zaila da” errepertoriokoa: hizkuntza eskakizunak altuegiak dira, azterketak gero eta zailagoak jartzen dituzte… Uf! Baina horiek ez dira behin eta berriro, ziklikoki, itzultzen direnetakoak; isil antzean, murmurioa da batzuetan, baina hortxe dago beti. Beraz déjà vu sentsazioa barik, asperra sortzen didate, eta usain txarra hartzen diet. Agian nire kontuak dira, lagun batek Euskararen Señora ohorezko titulua jarri didanetik buruko haizeak hauspotu dizkit, batek daki!
Ez dakit zer egingo dudan Errusiaren eraso prebentibo baten, baina izan dadila, behintzat, Hertzainaken kontzertuaren ostean, mese…
Leave a Reply