Gazteak, klima aldaketa ardatz

Gazteak, klima aldaketa ardatz

Mikel del Val

Pirinioetako Lan Elkarteak antolatuta, Gazteriaren Pirinioez Gaindiko II. Foroa egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra Hondarribian. Pirinioekin muga egiten duten lurraldeetako hirurogei bat gazte elkartu ziren topaketa horretan, klima aldaketaren aferak ardatz dituzten lankidetza proiektuak garatzeko eta abian jartzeko. Akitania Berriko, Okzitaniako, Kataluniako, Andorrako, Aragoiko (Espainia) eta Euskal Herriko gazteak bildu ziren Hondarribian.

Topaketaren bigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Hondarribiak iaz Huescan (Aragoi) eginikoaren lekukoa hartu du aurten. Paola Lloret Pirinioetako Lan Elkarteko proiektuen eta komunikazioen kudeatzailea da Gazteriaren Pirinioez Gaindiko Foroaren antolatzailea, eta hark azaldu du Pirinioetako gazteek dituzten “elementu eta kezka komunak bilatzen” hasita bururatu zitzaiela foroa sortzeko aukera, “gazteek esan dezaten zer den gehien kezkatzen dituena, eta zer den politika publikoetan txertatuta ikusi nahi dutena”.

Iazko topaketan, etorkizunera begira klima aldaketaren gaiak eragin zuen kezkarik handiena parte hartu zuten gazteen artean. Hori dela eta, aurtengo topaketa kezka horren inguruan antolatu dutela azaldu du Lloretek, eta parte hartzaileek Pirinioetako Lan Elkarteko kideek gai horrekiko duten esperientzia eta jakintza baliatu ahal izan dutela baietsi du.

Arreta klima aldaketan jarrita, gazteek eurek sortutako eta kudeatutako klima aldaketaren inguruko proiektuak martxan jartzen saiatu dira antolatzaileak. Helburua izan da eskakizunetatik ekintzetara pasatzea: “Guk gazteei ezin diegu eskatu klima aldaketa konpon dezaten, baina, eragin eremu txikiagoan, eta, gure esperientzia eta laguntza baliatuta, Pirinioetako klima aldaketari buruzko erronkak planteatzen dituzten proiektuak abiatzeko eskatu diegu”. Pirinioetako Lan Elkarteak proposatutako erronken emaitza “arrakastatsua” izan dela nabarmendu du Lloretek, guztira ildo ezberdinak jorratzen dituzten zazpi proiektu sortu dituztelako foroak iraun duen lau egunetan.

Makroproiektuez harago

Proiektuetako batek biodibertsitatea babestea du ardatz; beste batek, Pirinioetako bideen zaintza; produktu lokalen produkzioa eta kontsumoa sustatzea ditu muinean beste proiektu batek; biztanleak sentsibilizatzean jarri dute arreta laugarren proiektu batean… Azken horiek gauzatzeko hainbat ildo jorratzea erabaki dute parte hartzaileek. “Hala nola artearen bidez jaialdiak antolatzea, hedabideetan kanpaina bat sortzea, edo lurralde ezberdinetan barrena ibiliko den autobus-museo moduko bat prestatzea”.

Lloreten esanetan, gazteek garatu dituzten ekinbide horiek ez dira klima aldaketaren erronkak konponduko dituzten makroproiektuak, “baizik eta gertuagoko ideiez osatutako ekintzak”. Horrez gain, Pirinioetako Lan Elkarteko kideak “ziur” dira gazteek sortu dituzten proiektuak “egingarriak” direla, eta proiektu horietako askok etorkizunean bidea egin dezaketela.

Foroak iraun zuen lau egun “sutsuren” ondoren, hemendik aurrerako helburua proiektuak “egikaritzea” izango dela iragarri du Lloretek: “Ezinezkoa da proiektuak lau egunetan soilik garatzea. Orain gure egitekoa izango da gazteekin harremanetan jarraitzea, finantzaketa aukeren inguruan informatzeko. Xedea da proiektuak gauzatzeko beharrezkoa den dirua lortzea”.

Gazteen helburu nagusia klima aldaketaren inguruko lankidetza proiektuak garatzea izan bada ere, “giro onean disfrutatzea eta pertsonak ezagutzea” ere bada xedeetako bat: “Ezin dugu ahaztu gazteen topaketa bat dela”.

Hori dela eta, egunetako batean, Bidasoa ibaia itsasontzian ezagutu zuten, eta Hendaiako (Lapurdi) hondartzan ozeanoen babesaren alde lanean ari diren bi erakundetako ordezkariekin elkartu ziren, gai horren gainean mintzatzeko. Urriaren 1ean, berriz, Nafarroako Gobernuak antolatuta, 40 kilometroko bizikleta martxa bat egin zuten Bidasoko bide berdeko zati batean.

Antolatzaileak, “asebeteta”

Topaketarekin “asebeteta” daude antolatzaileak, ikusi baitute gazteek “ondo” erantzuten dutela eta antolatzen dituzten jardueretan parte hartzeko interesa dutela. “Horrelako ekintzek gure jarduna gizartera zabaltzen laguntzen dute, eta ikusgarriago egiten dute. Oso aberasgarria da gazteak euren konfort gunetik ateratzea eta beste era batera pentsa dezaten bultzatzea”, azaldu du topaketaren antolatzaileak.

Hala, Pirinioetan klima aldaketak eragina izaten jarraitzen badu, inguruko lurraldeetan ere eragina izango duela ziurtatu du foroko kideak: “Garrantzitsua da guk izendatzen dugun bioeskualde horretan pentsatzea, muga administratiboak alde batera utzita. Izan ere, klima aldaketak ez ditu mugen arteko barrera horiek kontuan hartzen, denoi eragiten digun auzia da. Azken batean, era integralean aurre egin behar zaio klimaren krisiari”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.