Miren Garate
Eibarko Arrate kultur elkarteak 70 urte bete ditu. Aniaiz Ariznabarreta (Eibar, 1980) elkarteko koordinatzailearen esanetan, urte hauetan guztietan egindakoa “ospatzeko, eskertzeko eta aitortzeko” baliatu nahi dute urteurrena, baina, aldi berean, baita aurrera begiratzeko ere. Horren adibide da urriaren 22an egingo duten Kulturgintza Eibarren mahai ingurua.
70 urte egin ditu Arrate kultur elkarteak. Tarte horretan, zer mugarri nabarmenduko zenituzke?
1952an, garai hartako eferbeszentzia politiko, kultural eta sozialak bultzatuta abiatu zuen elkarteak jarduera, eta 1980ko hamarkadara arte loraldi moduko bat izan zuen. 1980ko hamarkadan, berriz, gainbehera izan zuen, baina hamarkada horren amaieran beste talde bat sartu zen, beste susperraldi bat emateko asmoz. Hogei urte inguru egon zen talde hori, eta, ondoren, orain zuzendaritza taldean gaudenok sartu ginen.
Erraz gauzatu al dira belaunaldi aldaketa horiek?
Erreleboak eman direnetan, batzuetan egon da jarraitutasun bat, eta beste batzuetan etena egon da; zuzendaritza batzordeak esan du: “Gu honaino iritsi gara, eta orain berriak sartuko dira”. Azken aldaketa, adibidez, horrela izan zen, nahiz eta gure apustua izan aurrekoen herentzia horri ere bidea ematen jarraitzea, guk ekarritako proposamen berriak gehituz. Ez daukagu hausnarketa zehatz bat jakiteko zenbat kostatzen den belaunaldi aldaketa. Ikusten dugu belaunaldi berriak lokaletan badabiltzala, jardunbide honetan badabiltzala, eta bazkide egiten ere hasi direla. Denborak esango du horrek zer ondorio dituen elkarteko barne bizitzan.
Zer jarduera antolatu ohi dituzue urte osoan?
Aurretik egiten ziren hainbat elementuri eutsi diegu: argazki lehiaketa, udako ikus-entzunezko zikloa, pintxo lehiaketa… Horrez gain, liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta horrelakoak ere egiten ditugu. Azken zuzendaritza batzorde honek lokalen berrikuntzaren erronkari ere heldu dio. Sortu eta hamar urtera-edo lortu zituen lokalak kultur elkarteak, eta horrek markatu du asko haren izaera, jarduera eta Eibarko kulturgintzan egindako ekarpena. Orain dela hamar urte obra handi bat egin zen, eta orain erronka da ikustea nondik nora jo eskaintza aldetik.
Zergatik izan da garrantzitsua kultur elkartearen lokala?
Hiru pisuko lokal bat da: sotoan dago zinema aretoa izan zena —orain itxita dago, eta ea aukerarik dagoen berritu eta berreskuratzeko—; gero, solairu oso bat dago taberna, erakusgela eta agertoki txiki batekin; eta, goiko solairuan, elkartearen bulegoak, hiru bilera gela, areto handi bat eta abar daude. Arrate frankismo garaian sortu zen: kanpoan egin ezin ziren hainbat eztabaida egin ziren lokalen barruan; kulturaren ikonoetako bat izan dira lokal horiek. Pandemia osteko ezintasun eta neurri murriztaile guztiekin ere, funtsezkoak izan dira hainbat eragilek beren jarduera mantendu ahal izateko eta kultur eskaintza berreskuratzeko.
Nolakoa da Arrate kultur elkartearen antolakuntza?
Historikoki boluntarioek eroan izan dute elkartea: zuzendaritza batzorde bat dago, bazkideak, eta beharren eta interesen alde aldatzen doazen batzorde eta lantaldeak. Gure jardueraren ardatz nagusietako bat da zeozer egin nahi duenak izan ditzala baliabideak eskura horiek egin ahal izateko; hau da, baliabideak eman nahi ditugu, nahi duen hori egin dezan jendeak.
Ospakizunetan murgilduta zaudete. Bazkideek egindako lanekin erakusketa bat jarri duzue, bazkari bat ere egitekoak zarete datorren larunbatean, hainbat tailer ere antolatuko dituzue…
70 urte ospatzen ditugula aprobetxatu nahi genuen eskertzeko, ospatzeko eta aitortzeko urte hauetan egindako guztia; baina, horrekin batera, eta, batez ere, aurrera begira kokatzeko.
Horri lotuta, urriaren 22an Kulturgintza Eibarren mahai ingurua egingo duzue: Maite Arroitajauregi musikariak, Oier Araolaza dantzariak, udaleko kultura teknikariak, Eta kitto euskara elkartekoek eta Jaixak Herrixak Herrixandako kolektibokoek parte hartuko dute. Zer landuko duzue?
Beren iritziak ekartzeko eskatu diegu kide horiei, baina hainbat dinamika planteatuko ditugu, mahai ingurua modu parte hartzailean egiteko. Eibarko kultur eragile eta norbanako guztiak gonbidatu ditugu, eta nahi dugu izatea iritzi trukaketa bat, egoeraren argazki zabal bat ateratzeko: zer eskaintza dugun, zer behar ikusten ditugun, zer egoeratan gauden eragileak, zein diren gure behar eta ametsak… Nolabait, ikusi nahi dugu aurrera begira nola koka gaitezkeen, bai elkarrekin, bai bakoitza bere eremuan.
Zeuek nola ikusten duzue egoera?
Eibarren ez dago kultur mahairik, ez dago estrategia eta hausnarketa komunik… Alde horretatik, urrats bat egin nahi dugu, abiapuntu bat jarri, ikusteko horien beharrik, sortzeko gogorik edo indarrik badagoen. Guri gustatuko litzaiguke horrek jarraipena izatea, eta beste herri batzuetan egon diren proiektuak eta egin diren urratsak ezagutzeko bidea ematea horren ondoren. Printzipioz, urriaren 22ko mahai inguru horrekin hasiko gara, eta ikusiko dugu lanketa horrek nora eramaten gaituen.
Leave a Reply