Eneritz Maiz Etxarri
Gipuzkoako herririk txikienetako bat da Baliarrain. 155 biztanle ditu, eta Orexa (111), Beizama (118) eta Gaintza (129) bakarrik ditu atzetik. Azken urteetan gazte ugari bizi da Baliarrainen, eta, hori baliatuta, elkartu eta Baliarraingo Gazte Eguna antolatu dute gaurko. Haientzat izango da eguna bereziki, baina eskualdeko eta inguruko herrietako gazteak Baliarrainera joan daitezen nahi dutela esan du Ugaitz Garmendia antolatzaile lanetan ari den gazteetako batek. Aurreikuspenak “goitik” bete dituzte, eta dagoeneko 182 txartel saldu dituzte afaritarako.
“Herriko Kultura Batzordearen ideia izan zen Baliarraingo Gazte Eguna antolatzea”, adierazi du Garmendiak. Haur, heldu eta adinekoentzako egitasmoak antolatzen ditu batzordeak, baina orain artean gazteei begirakorik ez dutela izan zehaztu du Baliarraingo Gazte Eguneko antolatzaile taldeko kideak. “Herri txikia da gurea, eta gazteak behin ere ez dira izan asko. Horregatik, ez da ezer antolatu izan”.
Herriko festetan jabetu ziren herrian bazeudela jada gazte batzu-batzuk. “Nik 15 urte nituenean, ia ez zegoen nire adinekorik, baina gaur egun 14 eta 20 urte arteko hamabost bat gazte daude herrian”. Ideiari tiraka hasi, eta pixkanaka forma eman diote Gazte Egunari.
Egun, 22 urte ditu Garmendiak, eta Kultura Batzordetik beregana eta herriko beste gazte batengana jo zutela kontatu du: “Gazte Eguna antolatzearen ideia ea zer iruditzen zitzaigun galdetu ziguten”, esan du. Herriko gainerako gazteekin hitz egiteko talde bat osatu zuten. “Eta 14 urtetik 24 urtera arteko hemezortzi bat gazte bagaudela jabetu ginen”. Gainerakoei proposamena aurkeztu, eta guztiak ados agertu ziren, “bai eguna antolatzeko eta baita laguntzeko ere”.
Lehen aldia izanda, udalak eman die diru laguntza. “Baina gu aritu gara antolaketa lanetan”. Lehenik eta behin, taldeko bi gazte helduenak Kultura Batzordeko beste bi kiderekin elkartu ziren, “ideiak trukatzeko”, eta gero elkartu ziren herriko gazte guztiak: “Ideiak bota, eta nolako eguna nahi genuen adostu genuen”.
Ideietan bat eginda
Garmendiak zehaztu du denek argi zeukatela zer nahi zuten: “Egun bakarra nahi genuen, iluntze aldera, afariren bat egiteko, elektrotxarangaren bat… Gure gustuak aintzat hartuta, nahikoa azkar adostu genuen zer egin nahi genuen”. Gaztetxoenak “ilusioz” daudela kontatu du Garmendiak. Egunaren aurreko antolaketa lan gehienak “helduenek” euren gain hartu dituztela nabarmendu du. “Baina eguneko lanen banaketa egina daukagu, guztiek parte hartzeko”.
“Jendea erakartzeko”, garagardo dastaketa jarri dute hasteko: “Baliarrainen ekonomatua dugu, eta bertan saltzen dira Basabe garagardoak. Horregatik, eurekin jarri ginen harremanetan”. Elektrotxuflak girotuko du arratsaldea, eta, behin garagardoak dastatuta, saiheski afaria egingo dute. Gaua, berriz, nahi beste luzatzeko moduan izango dira DJ Nazarekin: “Saioa gau osora luzatzeko prest agertu da DJa; beraz, jende kopuruaren araberakoa izango da festa”, esan du Garmendiak. Tartean, “saltsa pixka bat sortzeko”, bingoa izango da.
Afaria prestatzeko herritarrei laguntza eskatu zieten gazteek, eta baita barra muntatzeko eta bezperan egin beharreko lanetarako ere. “Herritarrak prest agertu dira egunean bertan laguntzeko”, azpimarratu du, eta “uste baino lan gehiago” egin beharko dutela gaineratu du. “Guztien laguntza eskertuko dugu. Gainerakoan, gu saiatuko gara ahalik eta lanik gehienak egiten: barrakoa, bingoa,…”. Afaltzeko asmotan denak, gaur bertan 20 eurotan izango ditu salgai txartelak.
Autobus zerbitzua
Alegiko eskolan elkartzen dira baliarraindarrak, eta kuadrilla-eta han inguruan dutela zehaztu du Garmendiak. “Ea bertako jendea ere animatzen den”, zehaztu du. “Guztiei bidea errazte aldera”, autobus zerbitzu bat ere jarri dute. Arratsaldean, lineako autobusa baliatuko dute: Alegia-Ikaztegieta-Baliarrain, 18:30ean eta 20:45ean. Aldiz, bueltatzeko, autobusak 03:00etan eta 05:00etan abiatuko direla argitu du antolatzaileak, eta Tolosarainoko bidea egingo dutela.
Herri txikia da Baliarrain, baina “Alegia inguruko herritarrak eta Goierri aldekoak” ere gonbidatu dituzte Baliarraingo gazteekin batera herriko lehenengo Gazte Egunean parte hartzera.
Leave a Reply