Etengabe “deseraikitzen”

Etengabe “deseraikitzen”

Jone Markuleta Etxegoien

Oñatiko Udaleko Berdintasun Sailak sustatzen duen Jabekuntza Eskolak emakumeentzako ikastaro, tailer eta jardueren programa bat proposatzen du urtero. Aurten, berritasun gisa, gizonentzako tailer bat izango da: Gizonak feminismorantz. Etzi amaituko da han izena emateko aukera. Urriaren 28an, azaroaren 11n eta 18an, eta abenduaren 2an landuko dute gaia, 17:00etatik 20:30era, kultur etxeko atikoan. “Deseraikitze” prozesu batean murgilduko dira.

Hiruki Larroxa kolektiboko kide Joseba Gabilondo izango da tailerraren gidaria. Parekidetasun eta LGTBI gaietan aholkularitza, formakuntza, bidelaguntza eta herri proiektu integrala bultzatzen duen kolektiboa da Hiruki Larroxa. Gabilondok berak ziurtatu duenez, “gero eta udal eta elkarte gehiagok” eskatzen dituzte horrelako zerbitzuak.

“Gizontasunaren inguruko hausnarketa bat egitea, gai horri begiratzea” proposatuko du Gabilondok tailerrean; hau da, gizonek gizon moduan dituzten jarrerak eta egiten dituzten harremanak nondik sortzen dituzten pentsaraziko die partaideei. “Denetik egoten da tailerrean”, esan du Gabilondok: “Aurrez feminismoaren edo maskulinitatearen inguruan ezer irakurri, hausnartu edo aurrelanketarik egin ez duen norbait, adibidez, edo inguruan duen emakume feminista batek bultzatuta tailerrean izena eman duena”.

JOSEBA_GABILONDO

Lehenik eta behin, “maila pertsonaleko hausnarketa bat” bultzatuko du Hiruki Larroxako kideak, eta ondoren salto egingo dute maila sozialago batera. “Gizon hegemoniko baten abantailez eta pribilegioez” hausnartuko dute bigarren pauso horretan. “‘Gizonak feminismorantz’ esaten dugunean, ez dugu esan nahi gizonak feminismoan sartu behar direnik; ez, behintzat, borroka horretan. Baina bai esan nahi dugula gizonek feminismoaren balioekin eta aldarriekin bat egin behar dutela”.

Amaieran, konpromisoak

Tailerrean parte hartuko duten norbanakoek “beren ibilbidea egin ahal izateko” hainbat hausnarketa sustatuko ditu Joseba Gabilondok, eta etorkizunerako “konpromiso pertsonal eta kolektiboak” hartzeko tartea emango du amaieran, “bakoitzak gizon moduan dituen erronkei heltzeko”.

Maskulinitatearen edo feminismoaren inguruan hitz egiteko eta gizonek lanketa horretan duten rolaren inguruan hausnartzeko talde bat sortzea da Oñatiko Udaleko Berdintasun Sailaren Jabetze Eskolak antolatutako tailerraren helburua. Talde egonkor bat sortu nahi dute etorkizunean, prozesu horretan “deseraikitzen jarraitzeko”. Hori bai, talde horiekin “kritiko” hitz egin du Gabilondok. “Izan ere, talde horiek autokonplazentzian eta biktimismoan eror daitezke. Gizona ezin da jarri gaiaren erdigunean, eta, sarri, hori egiteko joera egoten da horrelako taldeetan”. Gizonek “betidanik” izan duten sozializatzeko modua “eurak erdian jartzea” izan dela azpimarratu du Hiruki Larroxa kolektiboko kideak, eta gaineratu du “errazagoa” dela “norbere burua biktima baten rolean jartzea, erasotzailearen rolean jartzea baino”.

Gabilondoren ustez, horrelako jarrerak ez izateko, garrantzitsua da inguruko talde feministekin harreman zuzena izatea eta kontrasteak egitea. “Horrelakoetan, garrantzitsua da noizbehinka kanpo begirada bat edukitzea. Geure buruari etengabe galdetu behar diogu ea ondo ari garen. Presente izan behar dugu deseraikitzea bizitza osoko prozesu bat dela”.

Izen ematea, martxan

Feminismoari buruzko ikastaroaz gain, guztira hamar tailer antolatu ditu Oñatiko Udalak: zoru pelbikoari buruzkoa, yoga eta autodefentsa feminista, tartean. Bi modu daude ikastaroetan izena emateko: udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan izena emateko orria beteta edo Oñati.eus helbidean eskaera orria osatuta.

Tailerretan izena emateko, lehentasuna izango dute Oñatin erroldatuta dauden herritarrek eta aurrez ikastaro bera egin ez dutenek. Behin lehentasun horiek zehaztuta, zozketa bidez sortuko dituzte taldeak, eta telefonoz edo mezu elektroniko bidez jakinaraziko diote parte hartzaile bakoitzari. Gutxieneko kopuru bat ere zehaztu dute tailerretarako: zazpi lagun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.