Aiora Larrañaga Solaberrieta
Sei mila biztanleko herri txiki batean, neskena bakarrik den eskubaloi klubari bizirik eustea ez da nolanahiko lana. Askotariko oztopoak aurkitzen dituzte bidean, eta horietako bat izaten da kategoria bakoitzeko taldea sortzea. Hain zuzen ere, horregatik animatu dira 35 eta 43 urte bitarteko lau emakume 18-20 urte bitarteko neskekin batera senior mailako eskubaloi taldean jokatzera.
Amak dira laurak: hiruk duela hamar edo hogei urte utzi zioten eskubaloian jokatzeari, eta sekula jokatu gabea da bestea. “Erokeria da, badakigu. Xarrak deitzen digute taldean”, aitortu du Nerea Arriaga Txirrita-k, barrez. Izan ere, hasieran txantxa moduan hasi zena bete egin zen aste gutxitan. “Uda zen, eta seniorren taldea osatu nahian zebiltzan. Taldeak izena emateko epemuga gerturatzen ari zen, eta nahikoa jokalari elkartu ezinik zebiltzan. Brometan esan genien laguntzeko prest izango ginela, baina haiek ez zebiltzan txantxetan, eta hitza hartu ziguten”, kontatu du Arriagak.
Erabakiaren arrazoien inguruan galdetuta, ez du zalantzarik egin: “Orio Eragin kluba 2019an sortu zen, eta, beheko mailak indartsu badatoz ere, klubean hasitako neskak ez dira iritsi oraindik senior mailara. Jokalariek gazte mailatik senior mailara salto egiteko aukerarik ez badute, gure neskek inguruko taldeetara joan beharko dute”. Arriagak, esaterako, alaba bat dauka beheko mailetan. “Eta sentitu nuen egoera hori saihesteko nire aletxoa jarri behar nuela, aurrerantzean ere neskek herrian bertan eskubaloian jokatzeko aukera izan dezaten”. Sentitu, eta egin.
Mugarik Ez jardunaldiak
Arriagak Eider Makazagari bota zion erronka; klubak taldeko jokalarien amentzat antolatu zuen Mugarik Ez jardunaldietan ezagutu zuten elkar. Hasieran jardunaldi horien xedea emakumeak eskubaloira gerturatzea bazen ere, parte hartzaile batzuei gaztetan eskubaloian jokatzen zuten garaiak ekarri zizkien gogora esperientzi hark, eta eskubaloian jokatzeko harra ere piztu zitzaien. “Esan dezakegu bi faktoreak bat etorri zirela une berean. Batetik, Mugarik Ez egitasmoan parte hartu genuen, eta, bestetik, senior mailako taldea osatu ezinik zebiltzan. Elkarren artean animatu, eta horrela sortu genuen taldetxoa”. Makazagak aitortu du ez zitzaiela askorik kostatu elkar konbentzitzea. “Segituan eman genuen baiezkoa, saltsero samarrak ere bagarelako”.
Hasieran, gazteek harriduraz hartu zituzten taldeko jokalari berriak, eta kezka apur bat bazutela ere uste dute. “Ez gintuzten ezagutzen, eta ez zuten konfiantzarik gugan. Normala da; informazioa falta zitzaien. Aspaldi eskubaloian jokatu gabeak gara, eta jakin nahi zuten zein taldetan aritu ginen, zenbat urtez…”, azaldu du Ninoshtka Gozategi atezainak. Gainera, badakite gazteek ez dutela atzera egin nahi, urteetan lortutako maila galduta.
Lau emakumeentzat ez da erraza izan senior mailako lehiak exijitzen duen erritmora egokitzea. Hasieratik ohartu ziren 20 urteko adin tartea ez dela nolanahikoa, eta lehen entrenamendutik antzeman zutela azaldu dute. Alderdi fisikoaz gain, kirol arloan ere desberdintasun handia dagoela nabaritu dute. “Gazteek urteak daramatzate elkarrekin jokatzen. Kirola bera ere oso barneratua dute. Guri, berriz, joko orduak falta zaizkigu”, aitortu du Gozategik.
Iritzi berekoa da Nerea Oteiza. “Jokatu gabe urte asko pasatzen direnean, antzeman egiten da. Orain egokitzapen garaian gaudela esango nuke”. Dena dela, pistara bueltatzeak ahaztua zuen grina piztu diola adierazi du. “Nik beti ulertu izan dut kirola taldeko jarduera baten moduan, eta, lehen entrenamendua egin ondoren, leher eginda banengoen ere, irribarre handi batekin itzuli nintzen etxera. Oso polita da berriz ere taldekideen arteko laguntasuna eta talde izaera sentitzea”.
Leave a Reply