Prebentzioa izango da gakoa

Prebentzioa izango da gakoa

Josune Zarandona

Zahartze demografikoak erronka berriei aurre egiteko estrategiak gauzatzera behartuko du gizartea. Jaiotze tasak behera egin duen moduan, bizi itxaropenak gora egin du, eta gero eta adineko pertsona gehiago dago. Baita Gipuzkoan ere. Alde horretatik, pertsona horien zaintza nola kudeatu, epe ertain-luzean hori izango da gizartearen erronka handietako bat. Ubikare Zainketak enpresaren sortzaileetako bat da Nerea Amenabar, bai eta Goierrin martxan dagoen Goi Osasun Lab egitasmo berritzailearen koordinatzailea ere, eta hark dio arazo demografikoari aurre egiteko “prebentzioa” izango dela gako nagusietako bat.

Hain zuzen, prebentzioa oinarri hartuta, “adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea eta euren autonomia ahalik eta gehien luzatzea” ditu helburu Goi Osasun Lab proiektuak. Goieki Goierriko garapen agentziarekin elkarlanean diseinatutako programa da eta 2020an jarri zuten martxan Beasainen, Ataunen eta Itsasondon, tokian tokiko udalek sustatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri fundazioaren diru laguntzari esker.

NEREA AMENABAR

Mendekotasunik ez duten adineko pertsonei zuzenduta dago programa. “Mendekotasunik ez duten arren, gaixotasun kroniko bat edo gehiago izaten dituzte normalean, euren osasunak kezkatzen ditu eta hobetzeko borondatea agertzen dute”, zehaztu du Amenabarrek. Erabiltzaile horien beharrak identifikatzea izaten da lehendabiziko egitekoa: “Behar fisikoak, kognitiboak edo psikologikoak izan daitezke”, esan du koordinatzaileak. Horiek hobetzeko, programa pertsonalizatu bat garatzen dute, eta “profesional erreferente bat” izendatzen zaio bakoitzari.

GOI OSASUN LAB

Egitasmoa fase eta egoera ezberdinetara egokitu behar izan dute. Hasieran, pandemiaren eraginez, programa guztia “berrantolatu” behar izan zuten. “Aurrez aurreko saio guztiak on-line egin behar izan genituen orduan, eta erronka handia izan zen”. 30 pertsonak hartu zuten parte lehendabiziko fasean, eta emaitzak “oso positiboki” baloratu zituzten. “Sei hilabete iraun zuen, eta erabiltzaileek %15 hobetu zuten bizi kalitatea”, kontatu du Amenabarrek.

Taldekako saioak

Bigarren fasean, “kostua mantenduz pertsona gehiagorengana iristea” izan zen helburu nagusia. Programan parte hartzeari utzi zion Itsasondok, baina beste herri batzuk batu zitzaizkien Beasaini eta Atauni: Mutiloa, Zaldibia, Olaberria eta Segura. “Ehun pertsonak hartu zuten parte, nahiz eta hirurogeik amaitu zuten. Hiru hilabeteko iraupena izan zuen, eta, emaitzak hain onak izan ez ziren arren, jende gehiagorengana iristeko aukera izan genuen”, jakinarazi du Amenabarrek.

Gaur-gaurkoz, Ataunen eta Olaberrian dago martxan Goi Osasun Lab. “Adinberriren diru laguntzak amaitu ziren eta udal bakoitzak finantzatuta ari dira programa lantzen”, azpimarratu du koordinatzaileak. Goi Osasun Labek Goierrin “hazten jarrai dezan” gustatuko litzaioke Amenabarri, baina Goierritik kanpora ere mota horretako zerbitzuak sustatzea garrantzitsua dela uste du. “Ubikare proiektu berritzaileak bultzatu nahi dituzten udalekin elkarlanean aritzeko prest” dago, arazo demografikoari aurre egiteko prebentzioa “beharrezkoa” izango delako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.