Maite Alustiza
Ateak irekitzeko eguna izan zuten Gipuzkoako museo ugarik asteazkena, Museoen Nazioarteko Eguna baliatuta. Doakoa izan zen sarrera, eta jarduera bereziak prestatu zituzten. Beste askok, ordea, asteburura begira antolatu dute eskaintza. Honako hauek dira ekintzetako batzuk:
Eibarko Armagintzaren Museoa
Gaurtik igandera sarrera doakoa izango da, eta iganderako bisita gidatua antolatu dute, 11:30ean, gazteleraz: Duela 100 urteko Eibartik zehar paseatuz. Izena emateko: museoa@eibar.eus edo 943-70 84 46 —bisita aurreko egunera arte—. Nerea Alustizak gidatuko du bisita. Irteera lekua: Euskotreneko geltoki nagusia.
Makina Erreminta Museoa
Museoen Nazioarteko Eguna baliatuta, Gipuzkoan ekoitzitako makinez osatutako zazpi kabina dokumentatu erakusgai jarriko ditu Elgoibarko Makina Erreminta Museoak, Barakaldon (Bizkaia), BECeko erakustokian. Ekainaren 16ra arte ikusi ahal izango dira.
Gatz Ekomuseoa
Leintz-Gatzagako museoa ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte biharko eta iganderako. 12:00etan euskaraz izango dira, eta 13:00ean gazteleraz. Prezioa: helduek, 2,5 euro; 8 urte edo gutxiago dituzten umeek, doan.
San Telmo museoa
Aurten ere musikarekin lotu ditu San Telmok Museoen Nazioarteko Eguneko ekintzak, Donostiako udal kontserbatorioarekin eta musika eta dantza eskolarekin elkarlanean. Igandean, 12:00etan, musika eta dantza eskolako ikasleek koreografia bat eskainiko dute, Maider Urrestarazuk gidatuta. Ballet klasikoa eta garaikidea uztartuko ditu ikuskizunak. Museo osoan, une ezberdinetan, hainbat pieza entzuteko aukera egongo da. Gainera, gaurtik igandera arte doakoa izango da museorako sarrera.
Untzi Museoa
Emakumeak eta itsasoa erakusketara bisita gidatua antolatu dute biharko, 12:15ean. Gipuzkoa Solidariarekin elkarlanean eta Olatu Talka programazioaren barruan prestatu dute, Mikrocosmos ibilaldi turistiko sentsitiboa jardueraren barruan.
Barandiaran museoa
Igandean, 10:00etatik 14:00etara, Ataungo Barandiaran museora bertaratzen direnek doan ikusteko aukera izango dute.
Igartza Monumentu Multzoa
Bihar, doakoak izango dira Igartzarako bisita gidatuak, Beasainen, aurrez erreserba eginda. Familientzat Gure museoa eta paisaia tailerra egingo dute, 11:00etatik 14:00etara. Jolasen bidez, haur eta gaztetxoek hainbat galdera erantzun beharko dituzte, baita hainbat proba gainditu ere.
D’Elikatuz
Ordiziako Elikadura eta Gastronomia Zentroaren eskutik, Erdi Aroko azoka egingo dute bihar eta igandean. Horrez gain, bihar, 17:30ean, haurrentzako ginkana prestatu dute. Ordiziako argazki zaharrak baliatuta, garai bateko paisaia, historia eta herriko jendea ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Zumalakarregi museoa
Ormaiztegiko museoan sarrera doakoa izango da bihar eta igandean.
Zerain Paisaia Kulturala
Baserri artean ibilbide gidatua egingo dute bihar, 11:00etan. Nekazaritza ustiaketak Zeraingo historian izan duen garrantzia eta gaur egun nola lantzen duten hausnartuko dute bidean.
Igartubeiti Baserri Museoa
Ezkio-Itsasoko museoan bihar eta igandean izango da ate irekien eguna, eta sarrera zein bisita gidatuak doakoak izango dira. Bisita gidatuak: 11:00etan, euskaraz; 12:30ean, gazteleraz; eta 17:00etan, taldearen arabera. Biharko, gainera, tailerra antolatu dute 7 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat. Hiru ipuinen bitartez, parte hartzaileek Igartubeiti baserriaren iraganera, orainaldira eta fantasiazko etorkizunera bidaiatuko dute. Aintzira Oñederrak eta Izibene Oñederrak gidatuko dute saioa. Izena emateko: 943-72 29 78.
Urrelur
Urretxuko mineral eta fosilen museoan haurrentzako arkeologia tailerra antolatu dute gaurko, 17:00etatik 18:00etara. Suhar arkeologia taldearen eskutik, Historiaurreko gizakiek sua, artea, ehiza eta suharria nola egiten zituzten ikasiko dute. 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat; leku mugatuak.
Oiasso Erromatar Museoa
Bihar izango da ateak irekitzeko eguna Irungo museoan, eta doakoa izango da sarrera.
Ekomuseoa
Askotariko jarduerak egingo dituzte, bihar, Larraulgo Ekomuseoan. Karobia dokumentala aurkeztuko dute, 11:30ean, eta Garai batean Erniopean ipuin eta ilustrazio topaketa egingo dute. Aurretik, Antton Amonarrizi eskainitako eskultura inauguratuko dute.
Urmara
Alkizan, iganderako prestatu dute egitaraua. 11:00etan, bisita gidatua izango da, eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin egindako Soro eskultura gune berria erakutsiko dute. Koldobika Jauregi artistak Process erakusketa berria aurkeztuko du egun horretan. Bisita gidatuan eta erakusketaren inaugurazioan parte hartzeko, beharrezkoa da aurrez izena ematea 609-46 59 42 telefonora deituta.
Balentziaga museoa
Eskaintza berezia prestatu du Getariako museoak biharko eta iganderako. Bihar, Getariako semeen legatua: Balenciaga eta Elkano ibilbidea egingo dute. Horretan, museoa eta herriko alde zaharra bisitatuko dituzte. Cristobal Balentziagaren eta Juan Sebastian Elkanoren figura eta legatu kulturala ezagutu ahal izango da. Bi ordu iraungo du; doakoa da, baina beharrezkoa da izena ematea: 943-00 88 40.
Iganderako, ginkana antolatu dute 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. 11:00etan hasiko da, eta ordubete iraungo du. Museoan ez ezik, herrian ere ariko dira parte hartzaileak. Doakoa da, baina izena eman behar da. Leku mugatuak.
Ekainberri
Zestoako Ekainberriko sarrerak erdi prezioan izango dira bihar. Bisita gidatuetan, historiaurreko paisaiak han bizi ziren gizakietan eta haien bizimoduan nola eragiten zuen erakutsiko dute. Ekain Abenturan, bisitariak Paleolito garaian murgilduko dira: sua egiten, margotzen eta ehizatzen ikasiko dute. Lekuak aurrez erreserbatzea komeni da.
Beste jarduera bat ere izango da bihar: Sortu (zure) labar artea. Ekainberriko liburutegi txokoan mahaiak izango dira margolanak egiteko; behin bukatuta, lanak etxera eraman ahal izango dira. Jarduera librea da egun horretan Ekainberri bisitatzeko sarrera erosten duen edonorentzat, eta museoaren ordutegiaren barruan edozein momentutan egin ahal izango da.
Lili jauregia
Zestoan, Lili jauregiko bisitetarako sarrerek %50eko deskontua izango dute bihar.
Leave a Reply