Julene Frantzesena
Urrategi auzoko etxean, ezin toki lasaiagoan du Udane Juaristi artistak (Azkoitia, 1985) sormenaren txokoa. Naturaz inguratutako gunean sortzen ditu Udatxok —hori du izen artistikoa eta marka— bere lan “urbanoak”. Arte Ederrak ikasi zituen, Bilbon, eta pinturan espezializatu zen. Ikasketak bukatutakoan hasi zen erakusketak jartzen, eta “saltseatzen eta ikasten” aritu da urteotan.
Zaletasuna eta lana. Non dago batetik besterako muga?
Gehiago da zaletasuna. Enkargu bidez zerbait eskatzen didatenean eta asko gustatzen ez zaidanean, lan bihurtzen da. Egin beharrekoa derrigorrezkoa denean, alegia. Kamisetak, altzariak, koadroak, erakusketak… sortzen dudan guztia zaletasuna da. Eta ederra da nire zaletasuna, askotan lan bihurtzen delako. Gustura sortzen dut, gustura aritzen naiz.
Koadroak ez ezik, arropetarako-eta diseinuak ere egiten dituzu.
Marrazkiak egiten hasi nintzen. Ideia nondik sortu zitzaidan ez badakit ere, arropekin probatzea erabaki nuen. Unibertsitatean serigrafia ikasi nuen, eta ideia bat baneukan. Polita da teknika. Materiala erosi, Interneten saltseatu, eta estanpatzen hasi nintzen. Dena etxean egiten dut, eta diseinu berriak sortu eta sortu nabil: elastikoak, jertseak, poltsak, kuxinak, edredoi nordikoen azalak… Astorerekin ere egin dut lan: arropetarako diseinuak egin dizkiet, udarako eta negurako.
Zer teknika erabiltzen dituzu koadroak egitean?
Hasieran, pintura soilik erabiltzen nuen obretan, eta, gero, papera sartzen hasi nintzen. Batez ere, argazkiak eta pintura erabiltzen ditut orain. Collageak egiten ditut, transfer teknika erabilita. Argazkiekin eta paperarekin testura desberdinak lortzen ditut, eta horiei kolore biziko pinturak gehitzen dizkiet. Errotuladoreak, arkatzak, Lego piezak, egur zatiak eta metakrilatoa erabiliz egiten ditut nahasketak. Olio pintura ere egin izan dut, baina denbora asko eskatzen du. Gehiago disfrutatzen dut gauza azkarrak egiten.
Zure lan askotan pertsonak, hiriak, bizikletak, autoak, ateak, leihoak… ikus daitezke. Diseinuetan, berriz, animaliak.
Bai, batez ere horiek gustatzen zaizkit. Hiriak atsegin ditut, baina beti sartzen diet natura ukitu bat lanei. Aurpegiekin ere izan nuen bolada bat. Dena den, egiten ditudan koadroak urbanoak, zikinak dira; lerro askokoak. Papera erabiltzen dut margolanetan, eta horrek narras ukitua ematen die. Argazkien zatiak erabilita, fantasiarekin osatzen ditut lanak. Koadroetan, abiapuntua beti argazkia izaten da, edo argazkiekin egindako muntaketa. Eta horri gehitzen dizkiot elementuak.
Zertan inspiratzen zara koadroak eta diseinuak egiterakoan?
Nire margolanak nahikoa kaotikoak dira, gauza asko nahasten baititut. Diseinuak, berriz, askoz ere sinpleagoak dira: animaliekin hasi nintzen, asko gustatzen zaizkit-eta margotzeko. Orain hasita nago koadroetako urbano ukitu hori sartzen diseinuetan: bizikletak, arrantzaleak… Arropetan diseinuak nola gelditzen diren begiratzen dut, batez ere. Koadroetarako, berriz, argazkiak ateratzen ditut bidaietan, eta horiek bideratzen dute margolana. Ditudan argazkien araberakoak izaten dira.
Erakusketa ugari ari zara jartzen azkenaldian, ezta?
Bai. Orain aste gutxi, Tabakalerako Non Galleryn izan dut erakusketa bat. Eta, orain, berriz, Donostiako Aldamar kaleko Tirikitauki galerian dauzkat nire lanak ikusgai.
Zer aurkituko du Tirikitaukiko Eraikiz erakusketara doanak?
Eraikiz izena jarri diot, lanak argazki batetik hasitakoak eta elementuak gehituz osatutakoak direlako. Eraikuntza lanak dira, toki desberdinen nahasketak, eta errealitatea eta fantasia dituzte nahastuta.
Saltzen al dituzu lanak halako erakusketetan eta?
Tabakalerakoa oso ondo joan zen; lan batzuk saldu nituen. Aste Santua zen, eta… Ez dakit tokiagatik edo zergatik, baina ondo joan zen. Tabakalera handia da, baina galeria horiek bereziak dira. Toki informala eta ederra da, eta denetarik saltzen dute han: liburuak, koadroak, arropa… Nire lanentzat aproposa zen tokia.
Erakusketetara begira, lanak egin egiten dituzu, edo aurretik dituzunak eramaten dituzu?
Normalean, prestatu egiten ditut. Tabakalerako kasuan, baina, astebete lehenago deitu zidaten, eta eginda nituenak eraman nituen. Asko neuzkan gordeta, eta gaitz erdi. Oraingo erakusketarako, berriz, batzuk egin ditut, eta aurretik eginda nituen batzuk eraman ere bai. Hala eta guztiz, margolan denek dute lotura elkarren artean. Ez dut edozer jartzen erakusketetan.
Margolaritzan aritzeko, teknika edukitzea nahikoa al da?
Teknika ikas daitekeen zerbait da, eta garrantzitsuagoa iruditzen zait inspirazioa-eta edukitzea. Buruak lagundu egin behar dizu margolanak egiten. Ikasi egin daiteke, teknikari dagokionez, baina gero norberak landu behar du sormena. Imajinazioa ere landu daiteke, ideiak hartuz besteengatik, baina… Pertsona batzuei atera egiten zaie barrutik, eta hori da ederra. Plus bat dauka pertsona horrek. Baina, esan bezala, ikas daiteke. Ikasitakoarekin disfrutatzeak helburua izan behar du, ez emaitza.
Mural bat baino gehiago egin duzu urteotan kalean, Azkoitian.
Bai, lau bat-edo badaude ikusgai, eta Azpeitian ere bai beste batzuk. Neure kasa egin izan ditut kaleko margolanak, eta horiek enkarguak ekarri izan dizkidate; tabernetarako eta etxeetarako, adibidez. Muralena ederra da, eta baita etxe barrukoena ere. Kalekoa beti dago hor ikusgai, edonork ikus dezake, eta hori gustatzen zait. Zestoako etxe batean egin dut mural bat orain dela gutxi. Kale bat margotu diet, eta ematen du kale horretan bertan zaudela. Hain dira handiak muralak, bertan zaudela sentiarazten dute. Koadroekin, aldiz, ez da hori gertatzen. Aurreneko kaleko murala Azkoitiko fabrika zahar batean egin nuen. Esne Beltzako DJak hura ikusi zuen, eta harremanetan jarri zen nirekin. Hori dela eta, Gazta Zati Bat proiektuaren bira egin nuen musika taldearekin, zuzenekoetan margotuz. Gainera,Gora diskoaren azala ere nik egin nuen.
Enkarguak eskatzen dizkizutenean, jendeak nahi duzuna egiteko esaten dizu, edo ideia zehatza izaten du?
Normalean, ez dit ia inork esaten “libre-libre, nahi duzuna egin”. Ideia bat denek izaten dute, eta muga gehiago edo gutxiago jartzen dute horren arabera. Nik nahiago dut zer nahi duten esaten badidate; izan ere, gauza bat da nik nahi dudana egitea, eta bestea eskatu didanari egindako hori gustatzea.
Leave a Reply