Arkaitz Apalategi
Gipuzkoako herririk luzeena izateaz gain —14 kilometro luze—, mitologia eta esaunda zaharrengatik ezaguna da Ataun. Mendi aldeko herria izateak eta Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnografoak egindako lanak izan dute zerikusirik horretan. Mendeetan nekazaritza giroko eta mendi inguruko herria izan da, baina, gaur egun, XXI. mendeko gizartearen erronkei erantzutea da esku artean duten erronka nagusia.
Hedaduraz handia izan arren, biztanlez herri txikia da Ataun; 1.674 lagun bizi dira. Demografia aldetik gorabehera ugari izan ditu azken hamarkadetan: XX. mende hasieran, Goierri eskualdeko herririk jendetsuena zen, 2.880 biztanlerekin. Industrializazioaren eta nekazaritza bizimoduaren galeraren ondotik, ordea, 1.550 biztanle izatera iritsi zen. Azken bi hamarkadetan etxebizitza ugari egin dira, batez ere San Martin eta San Gregorio auzoetan; horrek eta jaiotza tasaren igoerak biztanleriak berriz gora egitea ekarri dute.
Aralarren magalean eta Agauntza ibaiaren arroan kokatuta dago. Hamalau kilometro luze da, eta hiru auzo nagusi —San Martin, San Gregorio eta Aia— eta hainbat auzunetan banatuta dago. Horrek zaildu egiten du zerbitzu guztiak herritar guztiengana iristea, eta zenbait arlotan —osasuna, kultura, bilguneak…— San Martin eta San Gregorio dira herritarren erreferentzia nagusiak. Auzo txikietako biztanleei eustea eta gutxieneko zerbitzuak bermatzea da udalaren helburuetako bat.
Auzo guztietara iritsi nahian
Ataungo hiru auzoetan txikiena da Aia, eta baita herrigunetik urrunena dagoena ere. Horrek zailtasunak sortzen ditu oinarrizko zerbitzuetarako irismena bermatzeko garaian. Asier Rodriguez alkateak azaldu duenez, ordea, aurten hainbat hobekuntza egiteko asmoa dute han. Batetik, Behone etxea bota eta haren orubea eta plaza ingurua txukundu nahi dituzte. “Auzo guztietako parkeak berritzen ari gara; San Martingoa egin zen, eta aurki San Gregoriokoa eta Aiakoa egin nahi ditugu”. Aiatik Urkillagara doan errepidean ere konponketa lanak egin nahi dituzte, urak kanalizatu eta azkenaldian eragin dituen lur mugimenduak saihesteko.
Zerbitzu aldetik ere, askotan beste auzoen atzetik gelditu izan da Aia, eta hori konpontzeko ahaleginetan ari dira. “Lehen, San Gregorioko medikua astean behin-edo joaten zen Aiara; orain, ordea, murrizketak direla eta, ez dute zerbitzu hori ematen”. Osakidetzarekin harremanetan jartzen saiatu dira, eta idatzi bat ere bidali dute, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso. Kontrakoa gertatzen da autobus zerbitzuarekin; iaz egin ziren linea aldaketekin, orain behintzat autobusa Aiaraino iristen da, eta bertakoak “gustura” daudela dio.
Buruan hainbat proiektu badituzte ere, egoera ekonomikoa eta udalen finantzaketa maila kontuan izanda, Ataun bezalako herri batek ez du inbertsio handirik egiteko aukerarik. “Proiektuak baditugu, baina arazoa finantzaketa da. Inbertsio berriak egiteko zailtasunak ditugu, eta egiten ari garen lan gehienak mantentze lanak dira. Batzuek, gainera, premia handia dute, eta derrigorrean egin beharrekoak dira”.
Lan horietako bat herriko baserri bideak berritzea izango da. Azken urteetan hainbat bide konpondu badituzte ere, beste hiru gelditzen zaizkie oraindik, baina, horretarako ere, diru laguntzen zain daude. “Proiektua eta laguntza eskaera aurkeztuta daude Goimenen [Goierriko Landa Garapenerako Elkartean], baina izan dituzten aldaketa batzuk tarteko, proiektuak aztertu eta laguntza horiek emateko modua aldatu egin da, eta luzatzen ari zaigu kontua”.
Herri bideen inbentarioa
Ataungo Udalak esku artean duen proiektuetako bat herri bideen inbentarioa da. Duela bi urte hasitako lana da, eta hainbat herritarren laguntzari esker osatu dute. Bilketa hori guztia egitea “lan handia” izan dela dio alkateak, baina etorkizunerako erreminta erabilgarria izango dela deritzo; “dagoeneko erabili dugu kontsultaren bat egiteko”.
Hainbat mapa eta herriko bide eta bidexka publikoen zerrenda osatua egin dute. Inbentario horretan bi motatako bideak sartzen direla azaldu du Rodriguezek: “Batetik, baserrietara doazen bide publikoak, eta, bestetik, garai bateko gurdibide, bidezidor eta galtzadak”. Beste bi astez ikusgai egongo da inbentario hori, herritarrek beste ekarpenen bat egin edo aldaketaren bat proposatu nahiko balute.
Turismoa, pixkanaka pizten
Duela urte gutxira arte turismoari ez zaio aparteko garrantzirik eman izan Ataunen, baina, pixkanaka, gero eta indar handiagoa hartzen ari den sektorea da. Horretan zerikusi handia dute Lizarrustiko Parketxeak eta Barandiaran museoak. Aralarko parke naturalaren interpretazio zentroa da parketxea, eta hura ezagutzeko hainbat ibilbide ateratzen dira handik. Horrez gain, aterpetxea eta jatetxea ere baditu. Barandiaran museoak, berriz, ikerlari ezagunaren bizitza, ibilbidea eta ikerlanak ezagutaraztea du helburu. 2010. urtean inauguratu zuten, eta, harrezkero, milaka bisitari hartu ditu.
Mitologia eta turismoa uztartzen dituen beste egitasmo bat Jentilbaratza elkarteak antolatzen dituen ibilbide mitologikoak dira. Ataungo paisaiak eta pertsonaia mitologikoak uztartzen dituzte, modu ludiko batean.
Auzolana eta herri partaidetza bezalako balioen bidetik, egungo behar eta erronketara egokitzeko ahaleginean dihardu Ataunek, baina sustraiak galdu gabe eta nondik datorren ahaztu gabe. Katea ez baita eten.
Leave a Reply