Gaixotasun arraroei izena jartzeko saialdia

Gaixotasun arraroei izena jartzeko saialdia

Ikerne Zarate

Aita, zerbait egin beharko dugu gaixotasun arraroak dituzten haur euskaldunak laguntzeko”. Hala esan zion Sergio Gomezi Santos semeak, berak eta Lautaro anaiak zelula amen tratamendua jaso ondoren. Esan eta egin. Gaixotasun arraroak dituzten haurren bizi kalitatea hobetzeko, Elkartasuna eta Itxaropena elkartea sortu zuten joan den urtean. Sergio Gomez eta Lidia Fernandez argentinarren bi semek muskulu distrofia dute, eta kanpaina bat abiatu zuten, behar zuten tratamendua egin ahal izateko bitartekoak lortzeko. Azpeitian sortu zuten elkartea, eta dagoeneko ekinbidea martxan dute, helburu argi batekin: ahalik eta diru gehiena lortzea gaitz arraroen gaineko ikerketa sustatzeko.

Azken zortzi urteetan Azpeitian bizi da familia, eta plastikozko tapoiak biltzen dituzte elkartean. Horretarako, Elkartasuna eta Itxaropena elkarteak edukiontziak jarri ditu Azpeitian, Azkoitian, Getarian, Zarautzen, Donostian eta Lezon. Jasotzen dituzten tapoiak Azkoitiko Recuperados Isasi lantegiak erosten ditu. Tapoi tona bakoitzeko 170 euro ordaintzen dizkio lantegiak elkarteari. “Oraingoz, hamar tona lortu ditugu, eta 1.700 euro ikerketara bideratzeko”. Mugarik ez dagoela gaineratu du Gomezek: “Ahalik eta diru gehiena bildu behar dugu ikerketa egiteko eta mediku tratamenduak bilatzeko, haur hauen guztien bizi kalitatea hobetzeko; merezi dutelako”.

Ikerketa zentroekin harremanetan hasiak dira, jasotako dirua bideratzeko. Biogurutzeta Gurutzetako ospitaleko Ikerketa Zentroa (Barakaldo, Bizkaia) da horietako bat: “Biogurutzeta zentroarekin harremanetan jarri nintzen, baina oraindik ez dut erantzunik jaso; horren zain nago. Jakin badakigu oso garestia dela ikerketa, eta horregatik beharrezkoa da ekinbide honekin ahalik eta diru gehiena biltzea”.

Gaur egun, Gipuzkoako sei udalerritan dituzte tapoiak biltzeko edukiontziak, eta horietako bitan soilik dute akordioa udalekin: Azpeitian eta Lezon. Lezon, hilabete hasieran aurkeztu zuten egitasmoa Gomezek eta Jesus Maria Martiarena alkateak. Agerraldian izan zen Markel Merino lezoarra ere, bere ama Sonia Angulorekin. Sei urte ditu Merinok, eta garun paralisia dauka, ia %90ekoa.

Gomezek esan du oso garrantzitsua dela Lezoko eta Azpeitiko udalek emandako babesa. Edukiontziak Gipuzkoa osora zabaldu nahi ditu orain, eta, oraintxe, Zumarragako eta Irungo udalekin harremanetan da: “Garrantzitsua da udalek bat egitea kanpainarekin”. Gaineratu du kanpaina ugari antolatzen direla, baina hasi bezala amaitzen direla, jarraipenik ez zaiela ematen: “Guk dirua lortzen dugu tapoien bidez ikerketarako, eta, gainera, birziklatzen laguntzen dugu”. Inplikazioa ezinbestekoa dela dio: “Gipuzkoa zerbait bada, solidarioa da. Harro egoteko modukoa da herrialdea, bizitzeko, lan egiteko… Izugarria da hemengo jendeak duen jarrera”.

Edukiontzietan bildutako tapoiak Lapatxeko zabortegian utzi dieten eremu batean biltzen dituzte, Azpeitian. Tapoiak ez ezik, erakunde, elkarte eta norbanakoen donazioak jasotzeko aukera ere badago: “Santander bankuan kontu korrontea du elkarteak [0049 4613 04 2716166018], eta hor egin dezakete diru sarrera. Banketxe horrek hasieratik eman zion baiezkoa elkartearen ekinbideari “.

Elkartasuna eta Itxaropenak ibilbide laburra badu ere, tapoiak biltzeaz gain, Gomezek dio ideia ugari dituela ikerketarako dirua biltzen jarraitzeko. Tartean, euskal kantari eta artistekin batera egiteko ekinbide bat abiatu nahiko luke: “Baina, horretarako, haien prestasuna eta laguntza behar ditut, eta, horren harira, dei egin nahi diet elkartearekin harremanetan jar daitezen”.

Herritarrei eskerrak

Etxean bizi du berak gaixotasun arraroak izatea esan nahi duena, eta hunkitu ere egin da edukiontziak dauden herrietan bizilagunek erakutsi duten jarrerarekin: “Izugarri polita da ikustea haurrak, aitona-amonak edo gurasoak, plastikozko poltsa tapoiz beteta edukiontzira bidean. Eskertzeko jarrera da, eta, horrela, jarraitzera animatu nahi ditut, guztia gutxi delako”.

Gipuzkoara egitasmoa zabalduta, argi du herrialdea ere gainditu nahi duela, eta Euskal Herrira jauzi egin: “Espainiako Estatuan 3 milioi lagunek dute gaixotasun arraroren bat, eta hamaika gaitz daude. Garrantzitsua da horiei aurre egin ahal izateko sare solidario hau handituz joatea”. Udal, kantari eta artistengana ez ezik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarengana heltzea du helburu, “laguntza guztia ere ez delako nahikoa”.

Informazio gehiago webgune honetan:

www.solidaridad guipuzcoa.es

Leave a Reply

Your email address will not be published.