Hegal bateko sentimenduak

Hegal bateko sentimenduak

Unai Zubeldia

Garaikur bat baino askoz gehiago eskuratu zuen Realak 2019ko maiatzaren 11n, Granadan (Espainia), Espainiako Kopako finalean Atletico Madril 1-2 mendean hartu zuenean. Sentimenduzko zurrunbilo handi baten moduan, ordura arte emakumezkoen futbola ezagutzen ez zuen zale asko erakarri zuen Realaren balentria hark, eta testuinguru horretan gorpuztu da, pixkanaka, Z7 Taldea Realaren lehen zale taldea ere.

“2018-2019ko denboraldian, ordura arte elkarrekin egon gabeak ginen zale batzuk elkartzen hasi ginen Zubietan, zelaiaren hegal batean”, hasi du azalpena Luismi Gomez Z7 Taldeko presidenteak. “Whatsapp talde bat sortu genuen berehala, taldearen inguruko informazioa elkarrekin trukatzeko”. Izan ere, Gomezen hitzetan, artean “oso zaila” zen “Realaren inguruko informazio zehatza aurkitzea”. Whatsapp taldearekin hasi zena, zale talde ofizial bihurtu zen 2020ko apirilean, nahiz eta, koronabirusak eragindako pandemia tarteko, 2019-2020ko denboraldian eta hurrengo bietan ezin izan zuten aurkeztu proiektua.

“Nahi baino gehiago” itxoin ondoren, hurrengo astean, azaroaren 9an, asteazkenean, aurkeztuko dute zale talde hori, Donostiako Amara auzoko Arkupe tabernan, 19:00etan. Z7 Taldeko hainbat kiderekin batera, bertan izango dira Realeko hainbat jokalari, jokalari ohi, entrenatzaile eta arduradun. “Eta, noski, edonor etor daiteke aurkezpenera”.

“Aldaketa handia” Realean

Realak 2004an sortu zuen emakumezkoen futbol taldea, eta, gorako bidean, txuri-urdinak 2005-2006ko denboraldian iritsi ziren maila gorenera. Gomezek azaldu du bera 2009-2010eko sasoian hasi zela Reala jarraitzen. “Aintzane Encinas, Maialen Zelaia, Larraitz Lucas, Irene Paredes… jokalari horiek zeuden orduan taldean”. Orduko irudiak gaur egungoekin alderatuta, urte gutxian futbola “asko” aldatu dela uste du Z7 Taldeko presidenteak. “Aldaketa handia izan da. Fisikoki, gaur egun maila harrigarrian daude jokalariak, eta emaitzak iristen ari dira, gainera. 2018-2019 denboraldian Kopa irabazita, goia jo genuela uste nuen, baina…”.

MAIANA BELAUNZARAN

Aurtengo irailaren 29an Munichen (Alemania) zegoen Maiana Belaunzaran, Z7 Taldea Realaren zale taldeko kideetako bat. Bat-batean, Kopako finaletik Txapeldunen Ligako atarikora igaro zen Reala. “Harrigarria izan zen aurreko denboraldia; inork ez zuen uste taldea horrelakorik egiteko gai izango zenik”. Gomezek uste du parean “Bartzelona geldiezina” zeukalako bakarrik ez zuela irabazi Realak Espainiako Liga.

Aurreko sasoian Reala Txapeldunen Ligako atarikorako sailkatu zenetik, Belaunzaranek argi zeukan bai Anoetan eta bai Munichen bera harmailetan egongo zela. “Momentu historikoa izan da Realarentzat, lehen aldiz aritu baita Europan, eta han egon beharra neukan; ikusi eta bizi egin nahi nuen momentua”. Joan zen Munichera, galdu zuen Realak 3-1 —kanporaketan, guztira, 4-1—… “Baina izugarri gozatu nuen”. Belaunzaran 2019-2020ko sasoian hasi zen Reala jarraitzen. “Gustatu egin zitzaidan ikusi nuena, oso erakargarria egin zitzaidan, eta ilusio handiarekin ari naiz bizitzen azken bizpahiru urteetako ibilbidea”.

Profesionalizazio eske

Normala den bezala, dena ez da zoriontasuna, ordea. Denboraldi honetan bertan Z7 Taldeko kideak “arazo asko” izaten ari dira kanpoko partida batzuetarako sarrerak lortzeko. Gomezen hitzetan, joan den asteburukoa izan zen adibiderik argiena: “Alavesek ez zigun eman sarrera bakar bat ere, eserleku baino zale gehiago dauzkala argudiatuta. 25 eman zizkion Realari, baina haiek, normala denez, jokalarien artean banatu zituzten sarrera horiek”. Z7 Taldeko presidenteak argitu du “zazpi” sarrera bakarrik behar zituztela. “Baina ezinezkoa izan zen”. Horregatik, “gero eta profesionalagoa” den liga batean, zaleen arloa ere “gehiago zaintzeko” exijitu du Gomezek. “Etorkizunean hori lortzeko lanean jarraituko dugu guk”.

Z7 Taldea “lagun talde bat” dela deskribatu du Belaunzaranek. “Zaletasun berbera daukagun jendea elkartu gara, eta harreman polita sortu da gure artean”. Gomezek gaineratu du partida egunetan gosaltzeko gelditzen direla, hamaikakoari buruz hitz egiten dutela, taktikari buruz… “Eta, partiden ondoren, askotan, bazkariak antolatzen ditugu, kanpoko partidetan Arkupe tabernan elkartzen gara…”. Zale guztiek Z7 Taldearen “ateak zabalik” dauzkatela ziurtatu dute biek ala biek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.