On:giz-ek berdintasunaz pentsaraztera bultzatu nahi ditu mutil gazteak

Gero eta elkarte gehiagok dihardute berdintasuna gizonezkoen ikuspegitik jorratzen. Gipuzkoan, esaterako, hor daude HarEmonak eta On:giz elkarteak. Formazioa eskainiz, gizon taldeak sortuz eta dinamizatuz nahiz bestelako ekintzak bultzatuz, gizonezkoengan jarria dute arreta. On:giz-ek, esaterako, gazteentzako proiektu berri bat du esku artean 2013. urte honetarako. Elkarteko kide Mikel Otxotorenak astekari honi azaldu dionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bat baliatuta, antzerki forum bat ari dira prestatzen “16-20 urte arteko gazteentzat”. Antzerkiaren ideia ez da berria. Izan ere, martxan dute Konprimituak helduentzako lana ere. Ideia berari jarraituz, publiko gazteagoaren ezaugarrietara moldatuko dute hura: “Argi genuen gazteen arteko komunikazioan, haien bikote harremanei zegokienean eta sexualitatearekin zerikusia duten gaietan beste modu batera planteatu eta jorratu behar genituela gauzak. Eta proiektu berria horretara bideratuta dago: gazteek erabiltzen dituzten kodeak erabiliz jorratu nahi dugu berdintasunaren gaia antzerki forumean”.

Testua bera gazteekin lantzen saiatu direla azaldu du Otxotorenak: “Eztabaida saio batzuk egin genituen, hortik informazioa atera ahal izateko eta horretan oinarrituta testua sortzeko. Eta, egia esan, nahikoa esperientzia polita izan da, eta argi ikusi da kodeak erabat desberdinak direla. Gazteek erabiltzen zituzten kodeak erabiltzea interesatzen zitzaigun”.

Gazteengana zuzentzeko beharra sentitu du elkarteak. “Gazteei dagokienez, gizontasunaren eraikuntza sozialarekin zerikusia duten gaietan hutsune bat zegoela ikusten genuen, hor lan egiteko behar bat bazegoela”, adierazi du On:giz-eko kideak. Kontuak kontu, antzerkia neska-mutilez nahiz soilik neskez osatutako taldeentzat ere izan daitekeela zehaztu du Otxotorenak. “Antzerkia bera izango da kasu guztietan; ondorengo eztabaida saioa planteatzeko modua da aldatzen dena”, gaineratu du.

Martxan dute proiektua, eta aurtengo udarako prest izatea espero dute, “antzerki lan berri batekin eta aktore berri batekin”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan zuten iaz, eta aurten erakunde horrenaz gain beste batzuen inplikazioa ere jaso nahi lukete.

Gai bera, hamaika modutara

Urte hasiera izaki, “antolakuntza lanetan” buru-belarri dabil elkartea. Oraindik egitasmo zehatzei eta, batik bat, data zehatzei buruz hitz egiteko goizegi irizten dio Otxotorenak, baina zerrendatu ditu esku artean dituzten egitasmoetako batzuk. Esaterako, Donostiako Udalarekin elkarlana egin zuten iaz; abenduan, udaleko Berdintasun Sailarekin batera, gizon helduentzat Gizonak eta zaintza izeneko jardunaldia antolatu zuten, eta “2013ra begira lan ildo horretan jarraitzeko” asmoan ari dira.

Abenduko esperientziarekin gustura gelditu zen Otxotorena: “Gaur egun, horrelako proiektuetako parte hartzea ez da masiboa izaten, eta erantzuna nahikoa ona izan zen, bai parte hartzaileen kopuru aldetik, bai haien parte hartzeagatik”.

Helduentzako antzerki forumarekin ere jarraitzeko asmoa du elkarteak. Formatu horrekin alde batetik bestera ibili dira joan den urtean, eta aurten ere deitzen dieten tokietara joateko prest daude. Antzezlanaren kasuan bereziki, urteko sasoi konkretu batzuk izaten dituzte beteenak; martxoaren 8aren eta azaroaren 25aren ingurukoak, hain zuzen ere.

Hitzaldiak, antzerki forumak, jardunaldiak, gizon taldeen dinamizazioa, erakundeen aholkularitza, sentsibilizazio kanpainak… hamaika bideri heltzen diote On:giz-en, mezu bakarraren alde: “Gizonak eta berdintasuna gaiaren inguruko arloak jorratzea da gure asmoa. Gizonezkoak formatzea. Erantzunkidetasunetik hasita, indarkeria, homofobia eta horrelako arloak lantzen ditugu. Gizontasunaren eraikuntza horretan zer faktorek eragiten duten ikusten dugu, eta horrek dituen ondorioak, emakumeenganzein gizonezkoengan. Batetik, sentsibilizatzen eta kontzientzia sortzen saiatzen gara. Hau da, gizon izateko eredu jakin batek gizarte osoarentzat, bai emakume eta bai gizonontzat, zer ondorio ezkor izan ditzakeen ikusaraztea nahi dugu. Hori da lehen pausoa. Ondoren, sexismoaren eta berdintasunaren inguruan dauden gaietan sakontzen saiatzen gara”.

“Bestetik, saiatzen ari gara beste esku hartze batzuk ere bultzatzen erakunde publikoei zuzenduta, baita nazioarteko erakundeekin ere. Esaterako, LNE Lanaren Nazioarteko Erakundearentzat lan txiki bat egiten ari gara, Erdialdeko Amerikarako laneko sexu jazarpenaren eta maskulinotasunaren arteko loturari buruz; gida bat dugu esku artean”. Hain zuzen ere, Otxotorenak berak badu esperientzia bai eta ikasketak ere nazioarteko garapen lankidetzan eta berdintasunean.

2007an sortu zen On:giz elkartea, Gipuzkoan. Handik beste hainbat txokotara zabaldu zen gero, Arabara eta Bizkaira nagusiki. Hasierako bidea gizon taldeei lotuta egin zuen, EHUko ikerketa baten bidetik ikusi baitzen gizon taldeak dinamizatzeko tresna baten beharra. Hasierako helburuetako bat zen, hain zuzen ere, “epe ertain batean gizon taldeak dinamizatu nahi zituztenentzat gida bat sortzea, laguntza modura”. Hainbat gizon-emakume elkartu ziren, eta “hutsune bat” nabaritu zuten berdintasunaren gaia “gizontasunean oinarrituta jorratzeko”. Mugimendu feministarekin harreman zuzena mantenduz dihardute lanean ordutik.