Zenbait kaleratze bi urtez atzeratzeko dekretua

Azken urteetan egindako etxe kaleratzeen ondorioz, 27/2012 lege dekretua onartu zuen Espainiako Gobernuak joan den azaroaren 15ean. Hainbat baldintza betetzen dituzten familiek hipoteka exekuzioa gelditu ahal izango dute, gehienez, bi urtez. Baina, horretarako, bi baldintza mota jartzen ditu: ekonomikoak eta familiari buruzkoak. Errentari dagokionez, etxeko diru sarrerak hilean gehienez 1.597 euro izatea; hipotekaren zama duela lau urte baino %1,5 handiagoa izatea, eta etxeko diru sarreren erdia baino gehiago erabiltzea hipoteka ordaintzeko. Familiaren baldintzak, berriz, hauek dira: langabea, guraso bakarra, familia ugaria edo genero indarkeriaren biktima izatea, eta etxean 0-3 urteko haur bat izatea, edo lanik egin ezin duen eta %33tik gorako ezintasuna duen pertsona bat bizitzea etxean.

Baldintza ekonomiko guztiak eta familiari buruzko bat betetzen dutenek eskatu ahalko dute laguntza. Etxegabetzea bi urtez atzeratzeko besterik ez du balioko. Gainera, etxea bankuarena izango da, eta, jabetza berreskuratzeko, bankuari erosi beharko liokete.