Gizonekin berdintasun gaiak lantzeko ikuspegia gehienbat 1970eko hamarkadan sortu ziren, herrialde anglosaxoietan; Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran eta Australian, alegia. Noski, betiere mugimendu feministak bultzatuta”, dio On:giz elkarteko Mikel Otxotorenak. Mugimendu feminista ohartu zen populazioaren erdiarekin bakarrik ari zirela lanean, eta beste erdiarekin zer egin pentsatzen hasi ziren. Hala, “batez ere maila akademikoko ikerketak iritsi ziren, gay, lesbiana eta transexualen mugimenduaren bultzada nabarmenarekin”.
Euskal Herrian hamarkada bat geroago hasi zen mugimendua nabaritzen: “Oso modu informalean izan zen, gaztetxeetan, etxe partikularretan… gizonei zegozkien gai jakin batzuen inguruan eztabaidatzeko eta hausnarketak egiteko elkartzen hasi ziren. Pixkanaka-pixkanaka, ordutik hona gero eta interes gehiago piztu duen gai bat izan da: hau da, gizonak zer egin dezake berdintasunaren alde; nola kokatzen da; zer suposatzen du gizon mota jakin bat izateak, hau da, gizarteak erakusten diguna familiaren bitartez, hezkuntzaren bitartez… Horren hausnarketa eta hori guztia apurtzen joatea nahi izan da, beste gizon eredu batzuk bultzatu nahian”. Gaur egun badira gizon taldeak martxan Gipuzkoan, Hernanin eta Zarautzen kasu: “Talde txikiak dira, baina hor jarraitzen dute. Orain hogei urte ez zegoen halako ezer, azaldu bezala desagertzen ziren”, dio Otxotorenak.