“Txirrindularitzan munduko onenekin lehiatzea ezinezkoa da; krosean ez”

Lanean ari dela erantzun die Ibon Esparzak (Donostia, 1977) Gipuzkoako Hitza-ren galderei, hori baita harentzako une aproposena. Arratsaldean, entrenatzera joaten da, eta sakelako telefonoa itzalita edukitzen du. Maratoia prestatzen aritzen denean, arratsaldeko entrenamenduaz gain, goizean beste saio bat egiten du, lanera sartu aurretik. Landan zeharreko kroserako Aieteko parkean entrenatzen da, belarretan.

Mugerza Memorialean eta Donostiako Krosean aterako zara. Zein da zure helburua?

Oraintxe ez nago oso puntu onean. Maratoia egin nuen, eta errekuperatzea pixka bat kostatu zait. Baina, tira, gutxinaka jartzen ari naiz, eta, aurrean ibiltzea ezinezkoa denez, izugarri gustura geldituko nintzateke euskaldunen artean bost edo seigarren iritsita. Gainera, Elgoibarren ibilbidea oso gogorra da.

Halako krosetan, aurrena doan korrikalariak itzulia kenduz gero, lasterketatik kanpo gelditzen zara. Horren presioarekin ateratzen zarete?

Ni ibiltzen naizen mailan ez da hainbesteko presioa. Ibilbideak bi mila metro inguru izaten ditu, eta itzuli bat kentzeak esan nahiko luke irabazleak zazpi bat minuturen aldea atera dizula. Gure mailan hori oso zaila da. Baina korrikalari batzuentzat bada presioa, eta haien helburua izaten da hiru itzulitan dena ematea, eta laugarren itzulian, ez badituzte harrapatu, pixka bat lasaitzea.

Noiztik atera izan zara lasterketa hauetan?

Ni 1997an hasi nintzen lasterka, eta, ordutik, Lasarteko krosean ia urtero atera naiz. Urtero saiatzen naiz joaten; etxe ondoan da, jende asko joaten da, eta asko gustatzen zait. Etxeko krosa da, eta esanahi berezia du. Gustura ibiltzen gara hipodromoan bueltaka, zaldiak bezala. Elgoibarrekoan gutxiagotan atera naiz, baina lau edo bost aldiz parte hartu dut. Gainera, Elgoibarren, Gipuzkoako Txapelketa irabazi nuen, duela bederatzi urte inguru, eta horrek balio berezi bat ematen dio.

Korrikalari handiekin batera lehiatzen zarete, gainera.

Bai, hori oso handia da. Bai Elgoibarren eta bai Lasarten munduko atleta onenekin batera egiten duzu lasterka, eta hori beste kirol batzuetan ez da gertatzen. Txirrindularitzan, adibidez, ezinezkoa da munduko onenekin lehiatzea; krosean ez. Izan ere, proba hauetan posible da munduko txapelduna irteeran zure ondoan edukitzea. Gainera, ez dira lasterketa jendetsuak; 100-150 lagun aterako gara gehienez, eta horrek esan nahi du denok elkar ezagutzen dugula eta badakigula gutxi gorabehera zeinen ondoan joan lasterka.

Asfalto gaineko herri lasterketak indarra hartzen ari dira, dudarik gabe; landan zeharrekoak, aldiz, ez dira hain jendetsuak. Zergatik? Zailagoa da landan zehar korrika egitea?

Ez, zailagoa ez da, baina asko entrenatu behar da. Ordu asko sartu behar dira. Errepidean zazpi kilometro egiteko ez da entrenamendu asko behar, eta atletismo popularra indar handia hartzen ari da. Atletismo federatua nolabait baztertuta gelditzen ari da.

Asfalto gainean ere aritzen zara, baina landan zehar ibiltzeko modu berezian prestatzen zara?

Maratoia prestatzen duzunean, maratoiaren erritmoan egiten duzu prestakuntza; eta kros hauek egiteko abiadura handiagoan aritzen zara, baina besterik ez. Bueno, ni Aieteko Parkera joaten naiz entrenatzera, han maldak daudelako eta ondo etortzen zaidalako.

Lasterka egiteko zer nahiago duzu, euria edo eguzkia?

Nik nahiago dut euria. Lehorrean jendeak izugarrizko erritmoa eramaten du, eta gu larriago ibiltzen gara haien atzetik joateko. Euria egiten duenean eta lokaztuta dagoenean, nik ez dut hainbeste jaisten nire erritmoa, baina beste jende batek bai, eta horrek aukera gehiago ematen dit haiekin lehiatzeko.