Antzerkia zaie sendabide

Antzerkia zaie sendabide

Jon Miranda

Antzerkiaren bidez, indarkeria matxistatik bizirik atera diren Guatemalako emakumeak dira Las Poderosas antzerki taldeko Telma Ajin, Adelma Cifuentes, Mayra Salvador, Telma Sarceño, Lesbia Tellez, Melany Vicente eta Javivi Paz. Bizi izandako biolentziei aurre egiteko laguntza legala eta psikologikoa ematen zuen erakunde batean egin zuten topo, eta, 2008an, arta prozesuaren barruan, antzezlan bat sortzeko proposatu zieten. Handik bi urtera, 2010ean antzeztu zuten lehen aldiz Las poderosas lana, eta Tolosako Topic zentroan emango dute gaur, 18:00etan, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailaren eta Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik.

“Antzerkiarekin, gure bizitzak eraldatu ziren”, aipatu du Lesbia Tellez taldeko kideak. Hemezortzi urte ezkonduta egon, eta indarkeria matxistaren biktima izan zen. “Beste pertsona bat naiz orain. Nire ikasketak arlo honetan egin ditut, eta kultur kudeaketan eta giza eskubideen eta bakearen kulturan lizentziaduna naiz”. Beka bat ere eman diote lidergo feministako graduondo baterako. “Sekula ez nuen hau guztia lortuko antzerkiagatik izan ez balitz”.

Gazte eta nerabeak ere bai

Obrak terapia gisa erabiltzen du antzerkia, sendatze pertsonala eta ahalduntzea uztartuz. Metodologia integrala darabilte, eta indarkeria matxista prebenitzeko eta gaiaz sentsibilizatzeko saioak egiten dituzte. Biolentziaren biktima diren emakumeekin egin izan dute lan, baina baita gazte eta nerabeekin ere: “Izan dira bizitza kentzeko erabakia hartua dutela aitortu diguten emakumeak, obra ikusi ondoren aurrera egitea erabaki dutenak; beste kasu batean, lankide baten senarrak antzezlana ikusi eta bere buruari aitortu zion ez zuela tratu txarrik gehiago emango”.

LAS PODEROSAS ANTZERKI TALDEA

Guatemalan ez ezik, Latinoamerikako hainbat herrialdetan ere egin izan dute Las poderosas antzerki lana, hiriburuetan nahiz landa eremuko komunitateetan. “Ikasi dugu sendatze prozesuan oso garrantzitsua den gauza bat: inork ezin gaituela ahaldundu, guk geuk egin behar dugula. Geure burua baloratu, eta geure eskubideak baliarazi behar ditugu”, aipatu du Tellezek. Las Poderosas antzerki taldeak beste bi antzezlan sortu ditu urteotan: Naciendo, Guatemalako gerraren testuinguruan emakumeek jasan duten indarkeria hizpide duena; eta In La K’ech, Latinoamerikan lurraldearen defendatzaile diren emakumeei egiten dizkieten mehatxuak kontatzen dituena.

Latinoamerikan lurrak erauzten dabiltzan transnazional handiei euren gorputzarekin aurre egiten dieten emakumeen errealitatea jaso zuen Euskal Herriko Mas Mujeres kolektibo feministak bere lehenengo proiektuan, Babesleak izeneko album ilustratuan. Finantzaketa kolektibo baten bitartez atera zuten liburua, eta mehatxatuta zeuden emakumeak laguntzeko erabili zuten argitalpenak salduta lortutako dirua.

‘Valientas’ izeneko bilduma

Mas Mujeres kolektiboak Valientas izeneko bilduma abiarazi zuen lehen album ilustratuarekin. “Azken urteetan historiatik ezabatuak izan diren emakumeen memoria berreskuratzeko ahalegin bat egin da, eta ondo dago, baina guk gaur egungo borroka kolektibo batzuk ekarri nahi genituen publiko zabalera”, esan du Cristina Albak. “Bizigarriagoa den mundu baten alde euren gorputza jartzen duten emakumeengan jarri nahi genuen arreta”. Mas Mujeres kolektiboko kideetako batzuk Guatemalan bizi izandakoak dira, eta han ezagutu zituzten Las Poderosas antzerki taldeko emakumeak. “Argi geneukan bigarren ale bat kaleratzekotan haien historiari erreparatu behar geniola. Erreferentea da haien jarduna, eta merezi du kontatzea. Jende askorentzat baliagarria izan daiteke”.

Esan eta egin. Guatemalako antzerki taldearen jardunean oinarritutako Boteretsuak bigarren album ilustratuak berrogei orrialde ditu. Mas Mujeres kolektiboko Haizea Murgia kideak osatu ditu testuak, eta Andrea Condek, berriz, ilustrazioak. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso dute, eta finantzaketa kolektibo baten bitartez ere finantzatu dute proiektua. “Ekarpen horiei guztiei esker, albuma kaleratzeaz gain, antzerki taldeko kideen hegaldiak ordaindu ahal izan ditugu, eta Hego Euskal Herrian bira bat egin ahal izango dute egunotan”.

Boteretsuak album ilustratua gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz argitaratu dute. “Ipuin atipikoa da; askotariko hizkuntzak eta sinboloak erabiltzen ditu indarkeria matxistak identifikatzeko eta prebenitzen laguntzeko. Ahalduntzeko ipuin bat da, indarrez betea, ekintza iradokitzen duena”. Bihar, Anoetako liburutegian egingo dute album ilustratuaren aurkezpena, 12:00etan. “Jende gehiago inplikatu nahi dugu emakumeok aske izango garen beste mundu posible honen eraikuntzan”, esan du Tellezek. Haien borrokara lotu nahi duenak aukera izango du gaur-biharretan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.