“Oso gizon atsegina da”. Modaren mundu arranditsuarekin lotzen dute Paco Rabanne moda diseinatzaile ezaguna, baina gertuko tratuan aski abegikorra dela ikusi du Iñaki Aristik (Errenteria, 1959). Hendaian (Lapurdi) orain dela gutxi bilera bat egin dute Herrera Herrira herri batzordeko kideek eta Pasaiako Udaleko ordezkariek diseinatzailearekin. Kaiko Herrerako eremurako —135.000 metro koadro inguru dira, garai batean Pasaiako Portuarekin lotutako jardunbidera atxikiak eta egun bazter utziak— herritarren iritziak eta nahiak bilduta landu duten egitasmoa aurkeztu zioten, eta bertan Rabanne Espazioa eraiki nahi luketela oroitarazi zioten, modarekin lotutako industria eta ikerketara bideratutako esparru bat. Atxikimendu irmoa azaldu die Rabannek, egundaino ez baitu ahaztu sorlekua: Trintxerpen jaio zen, 1934an, otsailak 18 zituela.
Kaiko Herrerako lurrak Pasaiako Udalaren esku uzteko eskatzen duzue. Noren esku daude egun?
Lur publikoak dira, portuko jardunbidera bideratuak. Gaur egun, portuak ez ditu lehengo neurriak behar, portuko jarduna asko urritu baita. Gure aldarrikapen nagusia da lur horiek dohainik Pasaiako Udalaren esku geratzea eta bertan eremu horretarako herriko biztanleek egindako proposamena garatzea; 2009an ekin zitzaion partaidetza ekimen baten emaitza da, eta 155 lagun inguruk parte hartu zuten bertan. Ondoren, 6.000 lagunek baino gehiagok eman dute beren izenpea egitasmo horren alde.
Zein dira plangintza horren xedeak?
Gure eskualdean, batez ere, eremu libreak behar dira; arnasa hartzeko lekuak behar ditugu, eta aparkatzeko arazoei ere aurre egin behar diegu: 2.000 aparkaleku inguru egitea proposatu dugu. Kulturara eta kirolera bideratutako azpiegiturak daude plangintzan, baita jardunbide ekonomikoa sustatzeko asmoz egindakoak ere. Jakina. Ekonomian eremu berriak bilatu behar dira.
Testuinguru horretan, plan horren barruan, Rabanne Espazioa legoke…
Ziriza etxearekin batera, zeina kultur arloko jardueretara bideratu nahiko genukeen, egitasmoaren ikonoetako bat litzateke. Ez litzateke Balentziagaren estiloko museo bat; Rabanneren figura aurkezteaz gain, heziketara, ikerketara eta industria trakziora bideratutako eremu bat litzateke, horrek herrian mugimendua eragiteko. Ildo horretan, espazio horren ondoan hotel bat egitea ere proposatzen dugu; Pasaian, tamalez, egun ez dago pentsio egokirik ere hona datozen bisitariei harrera egiteko. Eta horien ondoan Euskal Herriko Itsas Museoa ere egin nahi genuke bisitariak erakartzeko. Gero, horiez gain, itsasora bideratutako ikerketa eta garapeneko industria ere hona ekartzea litzateke helburua. Egun, Azti hemen dago, eta eraikin handiago batean jartzea nahi genuke, eta kirol eta aisialdi jardueratarako ere hainbat espazio bideratzea.
Paco Rabanneri eskainitako espazioa aspalditik datorren egitasmoa da. Orain dela ia hamar urte ere Pasaian izan zen proiektu horri sostengua ematen. Zer dio orain?
Udalaren ekimenez jo dugu orain Rabannerengana, egitasmoaren alde egiten jarraitu nahi dugula oroitarazteko. Oso abegikor hartu gaitu, oso gustura; egitasmoa aurkeztu diogu, azter dezan. Izugarri gustatu zaio plangintza herritarren partaidetzaren emaitza izatea, eta bere atxikimendu osoa azaldu du, bere izena eta ospea proiektuaren alde emateko borondate erabatekoa. Pasaia munduan jartzeko garaia dela esan du Rabannek.
Zer lotura klase du Pasaiarekin?
Gerra garaian, 3 urteko mutikotxo bat zela alde egin behar izan zuen Pasaiatik, baina amaren eta amonaren bidez ezagutu zuen Trintxerpe; horiek asko hitz egiten zioten Pasaiari buruz, eta, nolabait ere, herri honen alde zerbait egiteko gogo agerikoa du.
Pasaiako biziberritzeari buruz asko hitz egin da, kaiko Herrerako lurren erabilerari buruz ere bai, baina ez da ia deus ere egin orain arte. Berriz piztu duzue zuzia. Herritarrak baikorrak zarete oraingo honetan?
Zalantzarik ez dugu, asko borrokatu beharko dugu, baina argi dugu lortuko dugula. Bada instituzioek eskualde honen alde egiteko garaia. Kanpoko kaiaren xantaia jasan behar izan dugu urte hauetan, baina bada garaia hori gainditu, albora utzi, eta eskualde honetako herritarrek eskatzen dutena aintzat hartzeko.