Bikilaren oinordeko, ezustean

Mamo Wolde etiopiarra (Jirgalem, 1932-Addis Abeba, 2002) izan zen Mugerza Memorialean parte hartu zuen lehen atleta afrikarra, 1963an; eta, ordutik, kontinente beltzetik heldutako korrikalarien garaipen sorta luzearen iragarle izan zen. Lautan irabazi zuen Elgoibarko krosa, eta Lasarten jokatzen den Donostiako Nazioarteko Krosa, berriz, hirutan.

Estimu handia diote Elgoibarren atleta etiopiarrari, eta estatua bat altxatua dute haren omenez. Wolderen izena darama, halaber, Mugerza Memorialaren barne korritzen den junior mailako lasterketak; eta, aurten, lehen garaipen haren 50. urteurrena aitzakia hartuta, atleta etiopiarraren argazki batek ilustratzen du krosaren afixa.

Wolderen itzala, ordea, Gipuzkoako bi krosetatik haratago heldu zen. Izan ere, 1968an Mexikoko Olinpiar Jokoetako maratoian urrea lortu zuen.

Abebe Bikilak irabazi zuen proba hori aurreko bi jokoetan, baina Bikilaren lesio batek atletismoaren froga nagusia irabaztera eraman zuen Wolde; ezustean, Derek Clayton australiarra jotzen baitzuten faborito. Mexikoko jokoetan Mamo Woldek 10.000 metroko lasterketa ere irabazi zuen.

Municheko 1972ko Olinpiar Jokoetan parte hartu eta brontzezko domina irabazi ostean utzi zuen atletismoa Woldek. Eta karrera militarrera itzuli zen.

1993an, Mengistu Haile Mariam diktadorearen garaian (1971-1991) oposizioko kide bat hiltzeagatik atxilotu eta espetxeratu zuten. Woldek errugabea zela adierazi zuen behin eta berriro, baina bederatzi urte egin zituen kartzelan. 2002ko urtarrilean askatu zuten, oso gaixorik zegoela, eta maiatzaren 26an hil zen, Addis Abeban.