Ohiko etxebizitzatik harago

Ohiko etxebizitzatik harago

Mikel del Val

Errenterian bada ohiko etxebizitzatik harago doan proiektu bat, beste era batera jarduteko gai dena, beste filosofia bat duena: etxebizitza komunitarioa. 2019ko irailean jarri zuten martxan, orduan hasi baitziren lehenengo maizterrak etxe horietan bizitzen. Gipuzkoako bakarra da.

Etxebizitza sortzeko ideiak bide bat egina zuen ordurako. Izan ere, 2017an, Errenteriako Udalaren ekimenez, Marea Gora egitasmoa abiarazi zuten, gazteei galdetzeko zer-nolako herria nahi zuten bizitzeko, eta zer arazo eta kezka nagusi zituzten egunerokoan. Orotara, seiehun lagun baino gehiagoren iritzia bildu zuen udalak, eta 18-30 urte arteko lagunek plazaratu zuten kezka nagusia: etxebizitza propioa eskuratzeko zailtasuna. Han eman zioten forma etxebizitza komunitarioa sortzeko ideiari.

Errenteriako Udalaren jabetzakoa da etxebizitza, eta 26 pertsonarentzako lekua dago, hamar apartamentutan banatuta. Gaur egun, zortzi pertsona bizi dira, baina pisuetan “errotazio oso handia” izan dela baietsi du Xabier Sanchez Gazteria zinegotziak. “Bizirik dagoen etxebizitza dela erakusten du horrek”. 2019ko irailetik 30 pertsona inguru bizi izan dira bertan.

Etxebizitza komunitarioa Gazteria Sailean emantzipaziorako dituzten proiektuetako bat dela azaldu du zinegotziak. Horrez gain, beste helburu batzuk ere badituela jakinarazi du Sanchezek: ekonomikoki eskuragarria izatea, banakakotasuna haustea eta izaera komunitarioaren filosofia sustatzea.

Aldi berean, maizterrek zenbait baldintza bete beharra dauzkate apartamentu horietan bizi ahal izateko. Eskatzaile guztiek 18 eta 30 urte artean izan behar dituzte, eta gutxieneko diru sarrera batzuk ere behar dituzte alokairua ordaintzeko. Erabiltzaileek euren diru sarreren %15 ordaintzen dituztela jakinarazi du Sanchezek, eta ordaindu beharreko gutxieneko diru kopurua hilean 90 eurokoa izango dela. Kopuru horretan sartzen dira logelaren alokairua eta oinarrizko gastuak; elektrizitatea, ura eta wifia, esaterako.

Gainerako diru kopurua irabazi asmorik gabeko entitate batean ordu komunitarioak sartuz osatzen dutela zehaztu du Gazteria zinegotziak, “komunitate izaera hori ere eraikinetik kanpo gauzatu dadin”. Aukeratzen duten entitatean bederatzi ordu sartu behar izaten dituzte gazteek hilean, eta boluntariotza lana egiten dute bertan.

Arauak eta betebeharrak

Maizterrek beste hainbat ardura ere hartu behar izaten dituzte euren gain etxebizitza horietan bizitzeko. “Jendeak irmoki erakutsi behar du prest egongo dela komunitatean lan egiteko eta bertan txertatzeko. Arauetako bat da hemen bizi diren pertsonek komunitate bat eratzea, eragile moduan ere funtzionatzeko”, adierazi du Sanchezek. Hori dela eta, zinegotziak argi utzi du bakoitzaren egitekoak ez direla soilik “alokairu merke batean” bukatzen: “Jendeak argi izan behar du nora datorren. Ez da alokairu merke bat ordaintzea soilik; komunitatearekin ardura bat izan behar dute. Harago doan zerbait bilatzen dugu”.

Etxebizitza komunitarioen erabiltzaileetako bat da Maria Mendizabal errenteriarra. Urtarrilean hasi zen bertan bizitzen, eta onartu du “etxetik kanpo bizitzeko beharra” zuelako sartu zela proiektuan: “Ikasketengatik bi aldiz bizi izan nintzen kanpoan, eta pertsonalki asko hazi nintzen urte horietan. Etxetik kanpo bizitzearen betebeharrak eta eskubideak disfrutatu nahi ditut orain”.

Mendizabalek onartu du “gehienetan” ondo moldatzen direla etxean, eta biltzar bat ere badutela, sor daitezkeen arazoez hitz egiteko eta etxebizitzaren egunerokoa antolatzeko. “Gustura nago, gazteen artean bizi naizelako. Bizilagunak ezagutzea oso ona da; familia baten modukoak dira”.

Komunitateak ere bidelagunaren figura baliatzen du maizterren eta etxebizitzaren jarraipena egiteko. Pertsona hori komunitatean dago txertatuta, eta dinamizazioan laguntzen du. “Kanpoko” pertsona bat da. Izaera komunitario horri eutsiz, etxebizitzako ardurak kide guztien artean banatzen dituzte, eta, bakoitzak norberaren logela izateaz gain, komunak dira eremu batzuk: ikasketa gela, sukaldea, trastelekua eta garbigailua, adibidez.

Komunitate izaera horrekin bat eginez, igandean egingo duten SOS Arrazakeriaren Bizilagunak proiektuarekin bat egin nahi dute gazteek, eta jendea horretan parte hartzera animatu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.