“Sarraila aldatu, eta berriz nire etxean sartu nintzen”

Duela hilabete batzuk kendu zioten etxea Juan Carlos Infanteri. Halere, berriz bere etxera bueltatu da. “Ni bakarrik nago, ez neukan nora joan; beraz, sarraila aldatu, eta berriz nire etxean sartu nintzen”. Gaur egun, etxea Kutxabankena den arren, oraindik bertan bizi da.

Hamabost urte baino gehiago zeramatzan Infantek lanean. “Ez nuen inoiz mailegua ordaintzeko arazorik izan; baina krisiarekin, langabezian geratu nintzen”. Duela hiru urte inguru izan zen. “Hasieran, kuotak ordaintzen nituen, baina, gero, oinarrizko laguntza kobratzen hasi nintzenean, ez zitzaidan iristen”. Orduan, aurrezki kutxarekin harremanetan jarri zen. “Ordainketak pixka bat atzeratzeko eskatu nien, baina ez dute akordiorik egin nahi”.

Behin etxea galduta, Kaleratzeak Stop plataformakoengana jo zuen. “Lehenago joan banintz laguntza eske, zerbait gehiago egin ahal izango genuen. Izan ere, etxearekin gelditzeaz gain, 85.000 euro eskatzen didate”.

Klausula bat dagoela azaldu du Infantek: “150.000 euro baino gutxiagoko mailegua eskatuz gero, etxebizitza ordainetan eman eta zorra kita daiteke. Nik baldintza hori betetzen dut, baina ez didate onartzen”. Hori eskatzen dute Kaleratzeak Stop plataformakoek, etxea ordainetan ematearekin nahikoa izatea. Horrez gain, Infantek nora joan ez duenez, etxea alokairu sozialean uztea nahi dute.

Gaur egun, berriz, lanean ari da. “Lan kontratua eta nominak eraman nizkien, berriz ordaintzeko moduan nintzela ikus zezaten. Epaitegietako prozesua hasita zegoela eta gelditzerik ez zegoela erantzun zidaten”. Infantek dio ez duela inoiz nahi izan mailegua ordaindu gabe uzterik: “Ez badut ordaindu, une horretan ezin nuelako ez dut ordaindu”.

Eusko Jaurlaritzak jarri zuen bitartekaritza zerbitzura ere joan zen. “Bi neska zeuden lanez gainezka. Datuak hartu, eta gutxi gehiago egin zuten”.

Salaketa, bide penaletik

Bere etxea okupatzeagatik “mehatxuak” jaso dituela azaldu du. Zigor auzitegian haren aurkako salaketa ere jarri zuten: “Epailearen aurrera deklaratzera joan nintzen Kaleratzeak Stop plataformako abokatuarekin. Azkenean, epaileak bide penala bertan behera utzi zuen; geure artean akordioren bat egin behar genuela esan zigun. Baina ezinezkoa da. Abokatuak pare bat idatzi bidali ditu Kutxabankera, baina ez dute erantzuten. Nire ondasunak bahitzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen omen dute, baina ez daukat beste ezer gehiago kentzeko”.

Plataformatik jaso duen laguntza “izugarria” dela esan du: “Gutxienez, badakizu zer egin, eta nora joan. Elkarri laguntza morala ere ematen diogu”. Eguberrietan, esaterako, plataformako hainbat pertsona elkarrekin bazkaltzeko elkartu ziren.