Langabezian gelditu direlako, etxeko diru sarrerak murriztu direlako… Hipotekaren kuotak ordaindu ezinik gelditzen diren familien kopurua handitzen ari da. “Gero eta gehiago ikusten dira negozio txikiren bat zuten familiak. Askok negozioa irekitzean etxea jarri zuten berme moduan; orain, krisiarekin negozioa itxi, diru sarrerarik gabe geratu, eta, gainera, etxea galtzeko arriskuan daude”, azaldu du Xabi Soto Kaleratzeak Stop plataformako kideak.
Azken bost urteetan etxe kaleratzeen kopurua etengabe handituz joan da. Kolokan dagoena etxebizitza eskubidea dela aldarrikatu dute behin eta berriz Kaleratzeak Stop plataformakoek. Izan ere, plataforma horretara jotzen dute kaltetu askok laguntza eske. “Laguntza judiziala eman, eta jarraitu beharreko bideari buruzko aholkuak ematen dizkiegu”. Prozesua atzeratzen, banketxeekin negoziatzen eta kaleratzea saihesten saiatzen dira. “Prozedura judizial hauek oso azkar joaten dira, eta horien aurka egiteko aukera gutxi uzten dute”.
Espainiako Gobernuak dekretu bat onartu zuen joan den azaroan, zenbait kasutan, etxe kaleratzeak eragozteko. “Adabaki” bat besterik ez dela pentsatzen du Sotok: “Arazoa errotik konpontzeko ez da nahikoa”. Baldintza “zorrotz” batzuk betetzen dituztenei bakarrik eragiten die.
Banketxeen eta kaltetuen arteko bitartekaritza zerbitzu bat ere jarri zuen Eusko Jaurlaritzak. “Hasieran, esperantza handiak genituen, baina nahiz eta langileek lan ona egin, banketxeek proposamenak ez badituzte onartzen, ez du ezertarako balio”, adierazi du Sotok. “Bankuek aurrera jarraitzen dute kaleratze prozedurekin; bestelakorik diotenak gezurretan ari dira”.