Aginagako tunela eraikitzeko proiektua, auzitan

Hainbat herritar eta elkarte alegazioak aurkezten ari gara Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri duen proiektua bertan behera uztea eskatzeko. Izan ere, lehen begiratuan proiektu hori ez dela eztabaidagarria iruditu arren, zinez auzitan jarri behar dela ondorioztatzen da xehetasun handiagoz aztertzen denean.

Lehenik eta behin, Oriako itsasadarreko naturgunean eragiten dituen ondorioengatik jarri dugu auzitan egitasmoa. Aipagarria da hasieratik naturguneak babesteko ardura duten administrazio organoen erantzun argia eragin duela proiektuak, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Saileko zuzendaritzak 2008an ohartarazi baitzion Garraio Sailburuordetzari trazatua Olaberrietako paduraren babes bereziko eremuan sartzen dela, eta bertan azpiegiturak eraikitzea “berariaz debekatuta” dagoela.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak iaz kritika zorrotza egin zion Garraio Azpiegituren zuzendaritzari, proiektuak Oriako itsasadarreko Kontserbazio Bereziko Eremuan eragiten dituen kalteengatik azaldutako eragozpen nagusiak “ez dituztelako aintzat hartu”. Hala ere, Garraio Sailburuordetzak bere horretan jarraitzen du egitasmoa gauzatzeko ahaleginean, ohartarazpenak aintzat hartu gabe, eta Espazio Natural Garrantzitsuen gaineko kaltea proiektuaren Ingurumen-Inpaktuaren Azterlanak berak “larritzat” jo arren.

Horrez gain, Txokoalde auzotik hurbil obrako jarduketa nagusiak jasango dituen Irisasiko baso eremuan eragingo duen kaltea ere nabarmentzen du azterlanak. Eta baita landarediaren gaineko eragin larria eta proiektuak obraren amaieran Itzaoko ibarrean, egungo trenbidearen gainean, ezartzea aurreikusita dagoen 5 metroko zabalerako eta 3 kilometro luzeko bidearen (argiztapen eta guzti) inpaktua ere. Halako bide bat eraikitzeak erabat urratzen ditu natura balio handiko eremu horiek duten irisgarritasun zaila bermatze aldera ezarritako neurriak.

Guztiz salagarria da, bestalde, proiektuak ez duela inolako eskaera azterketarik, ez eta obra horren ebaluazio sozioekonomikorik ere. Azpimarratu behar da Aginagako tunelaren egitasmoa 2000. urtearen hasieran diseinatu zutela eta obra handiago baten zati labur bat baino ez dela; Zarautz eta Usurbil artean trenbide sare osoa bikoizteko trazatu berriko azpiegitura mordo bat eraikitzea aurreikusita zegoen.

Hala ere, plan hura ekonomiaren hazkunde handiko eta garraio azpiegituren hedapen bortitz baten testuinguruan bultzatu zuten —egin kontu, Zumaia eta Hondarribia artean metro gisako zerbitzu bat ezartzeaz ari zen Jaurlaritza, handinahikeriak jota—, eta hori guztia oso zalantzagarria da gaur egungo baldintzetan. Aginagako tunelaren proiektuak ez du justifikazio zorrotzik, eta are gutxiago trenbide sarea tarte horretan hobetzeko hain erasokorrak ez diren eta azpiegitura berririk eraikitzea eskatzen ez duten bestelako aukera batzuk plantea daitezkeenean.

Hori dela eta, Aginagako tunela eraiki ordez, egungo trenbidearen optimizazioan oinarritutako estrategia alternatibo bat defendatzen dugu: Euskotrenen linea jarduketa apalagoekin hobetzea; Donostia eta Zarautz arteko trenen maiztasuna zentzuz handitzea ahalbidetuko luke horrek. Horretarako, Txokoalden bide bikoitzeko gurutzagune bat sortzea, geltokia berriro irekitzea eta sarrerako trenbide pasagunea kentzea ere eskatzen dugu.

Gai horiek zehatzago azaltzen dira alegazio dokumentuan: Alegazioakaginaga.wordpress.com helbidean. Ingurumenaren hondamenak kezkatzen gaituen eta azpiegitura lan handietan gobernuen gehiegikeriak onartzen ez dituztenei alegazioak aurkezteko edo beharrezkotzat jotzen diren gaiak planteatzeko dei egiten diegu. Abenduaren 28ra arte luzatu dute alegazioak aurkezteko epea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.