Tumore erregistroko datuak eman dizkio Gipuzkoako Hitza-ri Jose Alberro doktoreak. Azken datuen arabera, 3.700 minbizi diagnostiko egiten dira urtean. Orain hogei urte 2.000 kasu diagnostikatzen ziren urtean. Minbizi kopuruak gora egin duen arren, heriotza tasak behera egin duela adierazi du Alberrok.
Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako datuak ere baditu kirurgialariak. Azkeneko kopurua 12.300 diagnosikoa da hiru lurraldeetan. Kopuru hauek absolutuak dira, hau da, minbizi mota guztien batuketa dira.
Alberrok beste zehaztapen bat ere egin du: “Gizonezkoei askoz ere gehiago eragiten die minbiziak”. Gipuzkoako 3.700 diagnostiko horietatik 2.400 inguru gizonezkoei egindakoak dira, emakumezkoenak ez dira 1.500era iristen. “Hala ere, orain artean emakumezkoetan nekez aurkitu ditugun minbizi motak haiengan ere ugaritzen ari dira; biriketako minbizia kasu”. Alberrok dioenez, emakumezkoengan erretzeko ohitura zabaldu izanak zerikusirik badu kopuruen igoeran.
Gizonezkoei gehiago eragiteaz gain, minbizirik larrienek ere haiei egiten diete eraso, emakumezkoei baino gehiago.
Bularreko minbizia, bestalde, emakumezkoekin lotu bada ere, gizonezko gehiagok izaten dute.
Alberro doktoreak, kopuru horien guztien berri eman eta gero, gaur egun hamar minbizitik zazpi sendatzen direla esan du. “Baina minbiziari ezin zaio diabetesari eskatzen ez zaiona eskatu. Sendatuta ere, kronikoa bihurtzen da”.