Gipuzkoatik mundura

Gipuzkoatik mundura

Mikel del Val

Itsas ingurunean eta elikagaien esparruan ikerketa lanetan aritzen den Euskal Herriko fundazio bat da AZTI, Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundea. Berrogei urteko esperientzia du, eta hiru egoitza ditu; horietako bat, Pasaian. Beste biak Bizkaian daude: Derion eta Sukarrietan. Erakundearen jarduna, berriki, zientzia munduko lehen lerrora iritsi da. Izan ere, AZTIk, Kanadako Simon Fraser University eta International Seafood Sustainability Foundation (ISSF) erakundeekin elkarlanean, itsasoetako biodibertsitatea neurtzeko, monitorizatzeko eta hari jarraipena egiteko mundu mailako indize bat sortu du. Azken 70 urteotako arrantzako datuak izan ditu muinean ikerketak. Bigarren Mundu Gerra ondorengo industria arrantzaren datuak erabili dituzte ikertzaileek. Emaitza horiek, gainera, mundu osoan ezagun den Science zientzia aldizkarian publikatu dituzte.

AZTIko atunen ikertzailea da Haritz Arrizabalaga, eta indize berriaren garapenean hartu du parte. Ikertzaileak azaldu du “biodibertsitatea zaintzeko mundu mailako konpromiso batzuk” daudela gaur egun, eta “biodibertsitate galera gelditzeko beharraz” hitz egiten duten gero eta ikerketa gehiago daudela. Arrizabalagak berak konpromiso horiek aldarrikatu ditu: “Oraindik ez gaude ziur biodibertsitate galerak zein eragin izango duen ekosistemetan eta gugan. Horregatik daude zehaztuta konpromisoak”.

Tresna erabilgarri gutxi

Konpromiso horietara iristeko norabidea egokia den edo ez ikusteko, Arrizabalagak aitortu du ez dagoela “tresna erabilgarri asko”. Helburu horrekin abiatu zuten euren ikerketa, hutsune bat antzeman baitzuten arlo horretan: “Indize berri honekin ikusi ahal izango dugu urtez urte biodibertsitatearen galera handitzen edo txikitzen ari den”.

ARRANTZA - ATUNA

AZTIkoek azterketa hori ez dute ezerezetik abiatu, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (NKNE) duen metodologian oinarritu baitira ikerketa egiteko. Arrizabalagak zehaztu du erakunde horrek “animalia batzuen desagertze arriskua zehazteko metodologia bat” darabilela. Ikerlariaren hitzetan, NKNEk hamar edo hogei urtez behin soilik egiten ditu azterketak, arriskuan diren espezie horien egoera zein den ikusteko. “Eta horrela oso zaila da jarraipen zehatz bat egitea. Biodibertsitatearen galera saihesteko erabaki batzuk hartzen dira, baina ez dakigu zehatz zein diren neurri horien emaitzak”.

AZTIko ikerlariek proposatu dute indize sortu berriarekin urtez urte ikusi ahal izatea aldaketak. “Adierazle jarraitua izango litzateke geurea. Tresnak behar ditugu biodibertsitatearen egoera monitorizatzeko, eta gure indizea aurrerapauso bat dela uste dut”.

Ikerketaren ondorioak

Azterketa amaitu ondoren ondorio argi batzuetara iritsi direla adierazi du Arrizabalagak. Ozeanoan eta itsasoan dauden harrapakarien egoera aztertzea izan da ikerketaren ardatz nagusia; zehazki, atunen, marlinen eta marrazoen jarraipenaren emaitza zehatzak dituzte. Atunetan eta marlinetan garai batean biodibertsitatearen galera bat egon bazen ere, azken hamarkadetan haien egoera “hobetu” egin dela ondorioztatu dute.

Marrazoei dagokienez, berriz, egoerak “okertzen”jarraitzen duela ohartarazi du AZTIko ikerlariak, eta haientzako neurriak eskatu ditu. “Atunak arrantzatzen dituzten bitartean, arrantzaleek nahi gabe harrapatzen dituzte marrazoak”. Arrizabalagak gaineratu du neurriak hartzen dituztenean “atunentzat” hartzen dituztela. “Haien egoera zaintzeko, eta modu jasangarrian harrapatzen jarraitu ahal izateko. Marrazoentzat, ordea, ez dira hainbeste neurri hartu”. Horregatik, AZTIko ikerlariak uste du marrazoentzat ere neurri batzuk hartzen hasteko garaia dela. “Haien egoerari ere buelta eman nahi badiogu, neurriak hartu beharra daukagu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.