June Romatet
Jentilen, Mariren, Basajaunen eta Euskal Herriko mitologiako beste hainbat izakiren istorioak antzeztuko dituzte bihar Oñatiko Gandiaga topagunean, 16:30ean. Arantzazu Lab gizarte berrikuntzarako laborategiak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak antolatutako ekitaldia da, Jentilbaratza elkarteko kideek sortutakoa.
Ataungo elkartea da Jentilbaratza, eta Euskal Herriko mitologia eta Jose Migel Barandiaran Ataungo etnografo, antropologo eta ikerlariaren bildumak belaunaldi berriei transmititzeko egiten du lan. Transmisio lanerako, emanaldiak, ipuin kontaketa antzeztuak eta ibilbideak sortzen ditu, horien artean Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren kontakizun antzeztua. Narratzaile batek kontatzen du istorioa, eta antzezleak izaten ditu inguruan.
Leire Aiartzaguena Oñatiko Arantzazu parketxeko arduradunak azaldu du ez dela lehen urtea ipuin zaharren kontakizun antzeztua antolatzen dutena. “Elkarteak harremana du Ataungo Barandiaran museoarekin; parketxea ere bada hura, eta Euskal Herriko ipuinak kontatzeko saioak egiten hasi ziren, horiek inguruko herrietara zabaltzeko asmoz”. Arantzazu parketxeko arduradunak esan du emanaldiak antolatzeko garaian parketxeen inguruko herrien egoera aztertzen dutela, eta “bideragarria” ikusten dutenetan antolatzen dituztela emanaldiak.
Ipuinak aldatu eta aldatu
Oñatin hirugarren urtez antolatuko dute aurten saioa, eta gogotsu daude ipuinak entzuteko. “Lehen urtean parketxean egin genuen; azkenekoa, ordea, Arantzazu Labekin elkarlanean antolatu genuenez, Gandiaga topagunean izan zen, aurten bezala”, kontatu du Aiartzaguenak. Hirugarren urtez egingo badute ere, adierazi du ipuinak ez dituztela errepikatzen; Jentilbaratzan istorio ezberdinak prestatzen dituzte, eta, herri berean behin baino gehiagotan antzeztu behar badute, aldatu egiten dituzte istorioak: “Garrantzitsua da berrikuntzak izatea, jende askok errepikatu egin nahi izaten baitu horrela, eta gehiago ikasten baitugu, noski”.
Maitane Aizpurua ataundarra aritzen da narratzaile lanetan Barandiaranen ipuin eta kontakizunetan oinarritutako istorioak kontatzean. Istorioa aurrera doan heinean, taldeko beste kideek antzeztu egiten dute, eta garai bateko mitoetan barrena bidaiatzen du ikusleak. Antzerkian eta kontakizunean gehiago barneratzeko asmotan, antzokia edo gela bera apaindu egiten dute, eta beste hainbat efektu ere erabiltzen dituzte. “Antzokia apaintzeak beti ematen dio edertasun bat emanaldiari, eta gehiago gozatzen du ikusleak”, esan du Aiartzaguenak.
Ataunen eta Zegaman egin dituzte azken kontakizunak, herri bakoitzean bi emanaldi, eta sarrera guztiak saldu dituzte kasu guztietan. Bihar arratsaldean Oñatin egingo duten emanaldirako ere sarrerak “amaitzear” daude, eta antolatzaileek espero dute aurreko urteetan bezain gustura amaituko dutela bertaratzen diren ikusleek. “Saio hauetatik jendea oso pozik ateratzen da, haurrek asko gozatzen dute eta helduenek euren herriko mitologia ikasten dute”, azaldu du parketxeko arduradunak. Horrez gain, azpimarratu du “bereziki familientzako saioak” badira ere, gazte eta helduak ere bertaratu daitezkeela.
Euskararen Egunean
Euskal Herriko mitologia biltzen duten istorioetan laminak, jentilak, iratxoak eta beste hainbat pertsonaia ezagutuko dituzte ikusleek. Euskaraz izango da saioa, eta aproposa izango da eguna bera ere: abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Egunarena “kasualitate polit bat” izan dela esan du Aiartzaguenak: “Berezia da Euskararen Nazioarteko Egunean euskaraz eta Euskal Herriko ipuinez gozatzeko aukera izatea”.
Biharko kontakizun antzeztua ikusteko beharrezkoa da aurrez sarrera erostea. Parketxera deituta (699-33 51 83) edo arantzazu@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita eskuratu daitezke sarrerak. 5 euro balio du sarrera bakoitzak. Oñatikoa kontakizunen beste geltoki bat soilik izango dela gogoratu du Aiartzaguenak, eta biharko ikuskizunera joaterik ez dutenei aurreratu die “laster” izango dela Jentilbaratzaren beste ikuskizun batzuez gozatzeko aukera.
Leave a Reply