Josune Zarandona
Lanean ari zenean baino agenda beteagoa du orain Asun Ugartek (Brinkola, Legazpi, 1953). Gipuzkoako Nagusilan Adin Nagusiko Giza Boluntariotza elkarteko lehendakariordea da eta Legazpiko ordezkaritzako koordinatzailea. Lan horiek kentzen dizkiote eguneko ordurik gehienak, baina “gustura” dabil, “bizirik” sentiarazten dutelako. Boluntario lanean, eman baino gehiago, jaso egiten dela dio. Adinekoak gizartearen “parte garrantzitsu” direla uste du.
Legazpin, Brinkolako Bergaretxe baserrian jaio zinen. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Gurasoak, hiru anai-arreba, amona eta osaba bat bizi ginen baserrian. Hiru anai-arrebetatik gazteena naiz ni, eta etxeko jostailua nintzen orduan; oso maitatua sentitu izan naiz beti familian. Asko gustatzen zitzaidan baserriko bizimodua eta naturarekiko harremana; ikaragarri gozatu nuen urte haietan. Nik 18 urte bete nituenean, Legazpira joan ginen bizitzera. Aldaketa handia izan zen niretzat. Gaur egun, oraindik, baserriko bizimodu haren falta sumatzen dut.
Zein ikasketa egin zenituen?
Oinarrizko ikasketak Brinkolako eskoletan egin nituen. Mutilak ginen, batetik, eta neskak, bestetik. Ondoren, Zumarragako Hijas de la Cruz mojen eskolan Idazkaritza ikasketak egin nituen.
Urola kooperatiban lan egin zenuen gero, erretiroa hartu arte.
Gaur egun, desagertuta dagoen Legazpiko Plasticos Mel enpresan hasi nintzen, 16 urterekin. Handik pare bat urtera hasi nintzen Urola kooperatiban, orain zortzi urte erretiroa hartu nuen arte.
Garai hartan ez zen ohikoena emakume batek etxetik kanpora lan egitea. Ez da ala?
Gaztea nintzela amak beti esaten zidan ikasi egin behar nuela eta gai izan behar nuela ekonomikoki inoren mendeko izan gabe nire bizitza aurrera eramateko. Betirako gogoan geratu zitzaidan hori, eta nire seme-alabei ere aholku bera transmititzen saiatu izan naiz beti. Horri esker, beti izan naiz ausarta gauza askori heltzeko. Urolan, adibidez, tailerrean hasi nintzen lanean. Gerora, ikasketa gehiago eginda, giza baliabideen sailean lan egiteko aukera sortu zitzaidan, bulegoan, erretiroa hartu nuen arte.
Alaba minbizi baten ondorioz hil zitzaizun. Ama moduan nola bizi izan duzu hori?
2012ko martxoaren 21ean hil zen, bere anaiak urteak betetzen dituen egun berean. 34 urte zituen. Biokimikako ikasketak eginak zituen, eta medikuntzan mikrokapsulazioa nola aplikatu ikertzen ari zen. Haren lantaldeko kideek amaitu zuten ikerketa hura, eta pentsatzen dut Ainhoak hasitako lan hari esker alor horretan aurrerapen txikiren bat egin dela. Oso esperientzia gogorra izan zen; oso harreman berezia genuen bion artean, eta asko gozatzen genuen elkarrekin. Une askotan oso gertu sentitzen dut oraindik ere, eta indar handia ematen dit. Azkenean, horrekin bizitzen ikastea beste biderik ez da geratzen, gogorra den arren. Laguntzarekin lortu dut.
Bi urte geroago, 2014an hartu zenuen erretiroa, eta orduan hasi zinen Nagusilanen boluntario gisa lanean.
Erretiroa hartu nuenean, etxean ezer egin gabe egote hori ez zela niretzako egokia konturatu nintzen. Banuen Nagusilanen berri, eta herrian egin zuten kanpaina baten aitzakian hasi nintzen han. Oso garrantzitsua izan zen niretzat, besteentzat egiten nuen lan hark nire barneko minak arintzen lagundu zidalako.
Zer da Nagusilan?
Donostian sortu zen Nagusilan, eta iaz bete zuen 25. urteurrena. Legazpiko ordezkaritza 2000. urtean sortu zuten; aurten ospatu dugu 20. urteurrena. Orain bi urte behar zuen, baina, pandemiagatik, atzeratu egin behar izan genuen. Nahigabeko bakardadean dauden pertsonen ahotsa da Nagusilan, haien ondoan egotea, entzutea, akonpainamendua egitea,… dira gure egiteko nagusiak. Oso lan ona egiten dugula iruditzen zait. Elkarlanean aritzen gara udaleko gizarte zerbitzuekin, eguneko zentroarekin, adineko egoitzakoekin eta herriko beste hainbat talderekin: Kattalin, Buztintegi erretiratuen elkartea, Iratzarri emakumeen taldea…
Zein balorazio egiten duzue Nagusilanen 22 urteotako ibilbideaz?
Sortu zenetik gaur egunera garapen bat izan du Nagusilanek. Egoera berrietara egokitu behar izan dugu, ikasi, baina aurretik egon direnek egindakoa ahaztu gabe. Legazpin lan ona egin dugula uste dut. Pandemiako urteak bereziki gogorrak izan dira, eta bakardadean dauden pertsonen errealitatea inoiz baino nabarmenago geratu da. Oraindik asko dago egiteko, eta jendea animatu nahiko nuke gerturatzera. Dena den, azpimarratu beharra dago borondatea edukitzea oso ondo dagoela, baina formakuntza ere ezinbestekoa da. Azken urteetan azpimarra handia egin diogu alor honi eta Nagusilan ikasten programaren bitartez formakuntza saio asko eskaintzen zaizkie boluntarioei.
Nagusilanen Legazpiko ordezkaritza. Legazpiko Nagusilaneko boluntarioak, 2018an egindako topaketa batean, Legazpin —goiko lerroan, eskuinetik hasita bigarrena da Asun Ugarte—. Gaur egun, 40-45
boluntario ari dira lanean Legazpiko ordezkaritzan.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronka nagusiak?
Gai honen inguruan gizartea nola sentsibiliza daitekeen litzateke erronka bat. Asko kostatzen zaigu luzerako konpromisoa hartuko duten boluntarioak bilatzea.
Zuri zeuri, zer eman dizu boluntario lanak?
Bizi irakaspen asko eman dizkit, eta adiskide berriak egiteko aukera ere bai. Besteei laguntzeak asebete egiten du, eta, emateaz gain, jaso ere asko egiten da.
Zahartzaroari buruz zeintzuk dira gizarteak epe ertain-luzera dituen erronkak?
Gizarte kohesionatu batean, pertsonen arteko zaintza da oinarrietako bat. Enpatia falta handia dago. Zaintza emakumeen ardura izan da beti, eta familiek hartu dute beren gain lan hori, eredu tradizionala desagertu den arte. Rolak aldatu egin dira, eta noraezean gaude orain. Bizi itxaropena handitu egin da, eta, horrekin lotuta, mendekotasuna duten pertsonen kopuruak ere gora egin du. Familiek tradizioz bete izan duten zaintza funtzio hori bere gain hartu behar du gizarteak, eta horretan zeregin handia du administrazio publikoak; horretan sakontzen ez bada, arazo handi bat izango dugu.
Zahartzaro aktiboa aldarrikatzen eta praktikatzen duzuen gero eta adineko pertsona gehiago zaudete. Garai batean, behin erretiroa hartuta, adineko pertsonak gizartetik desagertzen zirela zirudien. Aldatzen ari al da pertzepzio hori?
Asko aldatu dela uste dut. Nire ustez, boluntario izatea, bere horretan, bada zahartzaro aktiboa aldarrikatzeko modu bat. Gaur egun, erretiroa hartzean, intelektualki prestatuago gaude, eta osasun aldetik ere hobeto iristen gara adin jakin batzuetara. Adineko pertsonak oso baliotsuak gara esparru askotan eragiteko; jakintza, denbora eta esperientzia dauzkagu; altxor bat da hori, eta gizarteak jakin beharko luke baloratzen eta bere alde erabiltzen.
Pentsio duinen, osasungintza publiko duin baten edo bestelako borroken aldeko aldarrien atzean gero eta adineko pertsona gehiago zaudete. Zure ustez, nondik eta zergatik gertatu da iraultza hori?
Adineko pertsonek dituzten beharren eta premien aldetik sortu dira mugimendu hauek. Sufritzen ditugun eskubide urraketak direla eta, ahotsa altxatu beharra zegoen nonbaitetik. Adineko pertsonok asko daukagu esateko alor askotan, nahiz eta garai batean ez zen aukera hori ematen. Gero eta adineko pertsona gehiago gara, eta komenigarria da gure ahotsa entzutea.
Zer-nolako harremana duzu gaixotasunekin? Zenbat eta zaharragoa eta zaurgarriagoa izan, orduan eta kezka gehiago sortzen al da?
Aldatzen da egoera, bai. Adinarekin, zalantza eta kezka gehiago sortzen zaizkit gaixotasun baten inguruan; beldurra eta errespetua ematen ditu. Niretzat, osasun fisikoa zaintzea bezain garrantzitsua da osasun emozionala ere zaintzea; elkarrekin doaz biak.
Azaroaren 25a pasatu berri da. Zure belaunaldiko emakume askok isiltasunean bizi izango zuten, ziurrenik, etxe barruko biolentziaren errealitatea. Zer iritzi duzu gaiaren gainean?
Emakumeak burujabetza ekonomikoa lortzean, asko irabazi da borroka horretan. Baita, noski, emakumeak ahalduntzeko egin duen ahaleginean ere. Dena den, gaur egun gazteen artean zenbait jarrera ikusita, sorpresa asko hartu ditut, eta ez onerako. Ikasteko asko daukatela iruditzen zait; balioetan galtzen ari gara. Pertsonei eta haien gaitasunei eman behar zaie balioa.
Zeintzuk dira zure asmoak eta erronkak?
Argi daukat ahal dudan bitartean Nagusilanen lanean jarraituko dudala. Zeregina daukazun bitartean, bizirik zaudela sentitzen duzu, eta hori oso beharrezkoa da adinean aurrera zoazenean. Bizitza ospatzen jarraitu beharra daukagu. Azkenean, eguneroko gauza txikiek betetzen dute gehien.
Leave a Reply