Sozietate anonimoa da Gureak Taldea, eta etekin guztiak etxean gelditzen dira

Gureak Taldea duela 30 urte sortu zen, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Atzegi erakundearen ekimenez. Enplegu babestuko enpresa taldea da, eta sozietate anonimoa den arren, zenbait berezitasun du. Izan ere, “estatutuek diote dibidendurik ezin dela banatu”, taldeko zuzendari Iñigo Oiartzabalek azaldu duenez. Sortzen diren etekin guztiak, beraz, “Gureak barruan gelditzen dira; bazkideek ez dute zentimorik ikusten, dena inbertitzen da enpresa taldean”.

Sozietate anonimoaren %32 Atzegirena da, eta %20na dute Kutxa Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Fundosa Grupo SAk (ONCE fundazioarena). Donostiako Udalak zati txiki bat du (%4), eta ehuneko zati txikiago batean “hasierako langileen aportazio batzuk daude”.