Josune Zarandona
Legazpi Rubiken kuboaren hiriburu bilakatuko da hurrengo asteburuan, abenduaren 17an eta 18an. Jon Alberdi Gardek, 11 urteko legazpiarrak, Legazpiko Rubik Irekia antolatu du, gurasoen laguntzarekin, eta asteburu guztian Rubiken kuboarekin aritzen diren nazioarteko jokalaririk onenen topagune bihurtuko da Legazpiko kiroldegia. Ez da Alberdik Legazpin antolatuko duen mota horretako lehendabiziko txapelketa, baina aurrekoekin alderatuta badauka ezberdintasunik: txapelketa ofiziala izango da hurrengo astekoa, munduko World Cube Association (WCA) erakundearen irizpideekin antolatutakoa. Hala, errekorren bat izaten bada, munduko erregistro ofizialean jasota geratuko da.
Orain urtebete hasi zen Alberdi Rubiken kuboarekin lehiatzen eta orduan heldu zion serio gaiari. “Aitonak beti izan ditu Rubiken kuboak etxean. Beti piztu izan didate jakin-mina, baina iaz arte ez nintzen hasi praktikatzen”, kontatu du. Hasieran, Interneten aurkitutako bideo tutorialak begiratuta hasi zen kuboen buruhauste jolasa ebazten. “Segituan” harrapatu zuen jokoaren dinamikak, eta, poliki-poliki praktikatuz, hura ebazteko beharrezkoa duen denbora murriztuz joan da. “Hasieran, oso poliki biratzen nuen kuboa, baina praktikari esker, azkartasunean nabarmen hobetu dudala nabaritu dut”, zehaztu du Alberdik.
Kubo ezberdinak
Kuboa ebazteko garrantzi handia dute “teknikak eta metodoak”. Mugimendu jakin batzuk zehaztuta daude: algoritmoak. “Algoritmo bakoitza zortzi eta bederatzi mugimenduz osatuta egon daiteke”, hasi du azalpena. ” 3x3ko kubo bat egiteko, zazpi edo zortzi algoritmo daude hastapeneko metodoan. Azkarrago egiteko, algoritmoak gehitu egiten dira. Ni orain ikasten ari naizen metodoak, esaterako, 150 algoritmo ditu”.
Tamaina eta forma askotako Rubiken kuboak daude. Karratuak —sei aurpegikoak— 2×2, 3×3, 4×4 edo 5×5 artekoak izan daitezke, tamainaren arabera. Formari dagokionez, Piramix, Megamix, Skweb edo Square-1 izenekoak daude. Txapelketa ofizialetan, aukeratutako kubo motak zehazten du maila, eta parte hartzaile bakoitzak aukeratzen du zein kuborekin lehiatu nahi duen. Alberdiren ama Idoia Gardek azaldu duenez, kubo bakoitzarekin bost ariketa egiten dituzte, eta jokalarien batez bestekoa, denborarik onena eta txarrena alde batera utzita, gainontzeko hiru denborekin ateratzen den kopurua da.
Kuborik txikiena du gustukoen Alberdik, 2x2koa. “Bost segundoko batezbestekoa daukat orain, baina bi segundora jaistea gustatuko litzaidake”, dio. Buruko min handien ematen diona, berriz, kubo handia da, 5x5ekoa: “Lau minutura jaitsi naiz orain”. Luzera begirako dituen beste helburuen artean, 3x3koan “hamar segundoko denborara ahalik eta gehiena gerturatzea” da bat; gaur egun, hamazazpi segundoan dauka markarik onena.
Kidetza eta adiskidetasuna
Iazko abenduan eta aurtengo maiatzean herri txapelketak antolatu zituen Alberdik Legazpin, baina “ilusio berezia” egiten dio hirugarrenak. Txapelketa ofiziala den aldetik, hainbat baldintza bete beharko dira, bai materialei dagokienez eta bai espazioari dagokionez: “Kuboak nahasten diren lekua eta lehiaketa gauzatuko dena pareten bitartez banatuta egongo dira; eta hotz handia egitea ere ez da komeni, kuboak azkar biratzeko eskuek bero egon behar dutelako”, azaldu du Alberdik. Amak azaldu duenez, semea arduratu da txapelketaren antolaketaz. “Berak aukeratu ditu kategoriak, berak prestatu du kartela, bera egon da udaletxeko bilera guztietan,…”.
50 bat jokalarik parte hartuko dute guztira, Euskal Herrikoek, Espainiakoek, Txinakoek, Herbehereetakoek, Errusiakoek eta Venezuelakoek. Parte hartzaileen artean, Berta Garcia, Julen Simon eta Eder Olivencia Espainiako txapeldunak eta Antonie Paterakis Europako txapeldun ohia azpimarratu dituzte ama-semeek.
Txapelketetan jokalari guztien artean dagoen kidetasuna azpimarratu du Gardek: “Edonork marka bat lortzen duen bakoitzean, parte hartzaile guztiak hunkitzen dira. Oso gauza polita da”. Txapelketei esker “asko” ikasi duela esan du Alberdik. “Denok joaten gara irabaztera, baina inoiz ez bestea hondoratzera. Asko laguntzen diogu elkarri”.
Bikuña jauregian jokatuko dute txapelketa. Abenduaren 17an, kanporaketak egingo dituzte goizez eta arratsaldez, eta abenduaren 18an, finalak, goizetik. Txapelketa hasi bezperan, Berta Garcia kataluniarrak giroa berotzeko hitzaldi bat egingo du Urretxuko Gainzuri ikastetxean.
Leave a Reply