Unai Zubeldia
Hutsune bat nabaritu zuen Unai Elizasu gai jartzaileak. “Jabetu nintzen abenduaren 18ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren ondoren Donostian ez zegoela bertso saiorik programatuta”. Bertsoa “gori-gorian” dagoen garaian, Donostiak ere “plaza bat” behar zuela sentitu zuen gai jartzaileak, eta, txapelketa nagusia oinarri hartuta, finalista ohien saioa antolatzea erabaki zuen. “Horrelakoetan, Donostiako Doka kafe antzokira joan izan naiz beti, eta beso zabalik hartu naute berriz ere”. Andoni Egaña, Jon Maia, Jexux Mari Irazu eta Aitor Sarriegi ariko dira bertsotan etzi, igandean, Dokan (19:00), eta Elizasuk jarriko dizkie gaiak.
Abenduaren 18an jokatuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Iruñean (11:00); joan den larunbatean gelditu zen zehaztuta zortzikoa: Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi. Horietatik sei ere Dokan izango dira urtarrilaren 3an; Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabal salbu, beste seiak. Aurretik, abenduaren 29an, “ia finalista” izan diren lau bertsolari ariko dira kantuan: Maialen Arzallus, Miren Artetxe, Julio Soto eta Agin Laburu. Saio bakarrerako sarrera eros daiteke —12 euro—, eta baita hiruretarako sarrera ere —26 euro—.
Txapelketaren ondorenean bertsolariek burua “bero-bero” izaten dutela azpimarratu du Elizasuk. “Baina gainetik izugarrizko pisua kenduta egoten dira. Sorkuntzarako oso momentu pletorikoak eta politak izaten dira txapelketaren ondorengoak”.
Gauzak probatzeko gogoz
Gertuenekoari helduta, etziko saiorako telefono deiak egiten hasi eta “erantzun ona” jaso zuen Elizasuk. “Horri esker, izugarrizko laukotea osatu dugu azkenerako”. Gai jartzailearen hitzetan, “finaletik eta seriotasunetik erabat aparteko bertso saioa” izango da etzikoa. “Bertso saio goxo bat egiten saiatuko gara, txapelketako presio eta estutasunik gabea; beste atmosfera bat sortuko da”. Horretarako baldintza guztiak beteko direla uste du Elizasuk: “Oso modu librean ari dira txapelketatik kanpoko bertsolariak, oso modu jolastian. Gauzak esateko eta probatzeko gogoz daude, eta hortik tira egingo dugu. Baina, noski, txapelketa izango da gaietarako aitzakietako bat. Denetik izango dugu Dokan”.
Horrelako saio bat barru-barrutik bizi izatea “benetan erakargarria” dela uste du Elizasuk, eta zalantzan dauden horiei dei egin die halako esperimentu baten parte izateko. “Egunero ez da izaten horrelako bertsolariekin elkartzeko aukera, eta ordu eta erdi polit bat bizi ahal izango dugula uste dut. Plazetan oso gutxitan ikusten diren gauzak ikusteko aukera izango da”.
Jexux Mari Irazu izango da etziko protagonistetako bat. Larrauldarrak ez zuen zalantzarik izan Elizasuren deia jaso zuenean. “Bitxia egin zitzaidan Unairen planteamendua. Bertsolarioi txapelketarekin bizi izandakoaren gogoeta moduko bat egiten lagunduko digu saioak, iragan hori berritzen, eta gustura jaso nuen proposamena”.
Irazuk onartu du “mentalizazio ariketa txiki bat” eskatuko diela etziko saioak. “Baina prestaketa berezirik ez dugu egin beharko. Ni, azkenean, astero joaten naiz bertso eskolara”. Dokako saioa finalaren atarian kokatuta ere, “ohiko saio baten traza” gehiago izango duela uste du larrauldarrak. “Txapelketaren testuinguruan, baina jaialdi bati lotuagoa egongo den saio bat irudikatzen dut nik, nahiz eta ez dakigun Unaik zer edukiko duen prestatuta”. Aurretik Dokan kantatutakoa da Irazu. “Eta oso plaza ederra da, bildua”.
Plazaz plaza hasita berriz
“Hainbat gorabehera tarteko”, bolada luze batean bertsotan aritu gabe egon da Irazu, baina aurten plazaz plaza hasi da berriz larrauldarra. “Oso periferian nabil ni. Otordu bueltako saioak tokatzen zaizkit batzuetan, libreko saioak…”. Tartean, maiatzean, Leitzako (Nafarroa) I. Mingañe Saltsan bertso afari sariketa irabazi zuen. “Belaunaldien arteko esperimentu gisako bat izan zen, eta gustura aritu nintzen gazteekin kantari”. Sentsazioak berreskuratuta, bertsotan “oso gustura” dabilela aitortu du. “Lehen baino gehiago disfrutatzen ari naiz”.
Irazu 1997an eta 2001ean izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista, eta lehen finaleko irudi bat dauka gogoan iltzatuta. “Ofizioa amaitu eta lasai samar eseri nintzen ni. Sebastian Lizaso, berriz, ura edaten saiatu zen, baina, eskuetan zeukan dardararekin, basoa lurrean utzi behar izan zuen berriz. Izoztuta utzi ninduen haren barrua nola zegoen antzemateak”.
Leave a Reply