Unai Zubeldia
“Gu ez gara ari pertsonei buruz hizketan; eredua da gure eztabaida, eredu aldaketa nahi dugu”. Bi aste pasatu dira Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaileek 114 lanpostu finko lortzeko Irungo Ficoba erakustazokan lan eskaintza publiko bateratuko lehen azterketa egin zutenetik —68 lanpostu eskaini dituzte Gipuzkoako Foru Aldundirako, eta 46 Arabako Foru Aldundirako—, baina haserrea ez da baretu suhiltzaileen artean. Unai Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen langile batzordeko kideak azaldu du azaroaren 26ko lehen azterketa horrek azaleratu zituela aurretik zeuzkaten “beldurrak eta kezkak”. 1.170 suhiltzailek egin zuten azterketa, eta Badiolak gogoratu du “287k soilik” gainditu zutela. “Zoritxarrez, gure lanbidearekin batere zerikusirik ez daukan azterketa eredu bat lehenetsi dute”, salatu du Badiolak.
Lehen aldiz, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Akademiak (Araba) bideratu du prozesua, eta, hain zuzen ere, horrek sortu du eztabaida suhiltzaileen eta aldundiaren artean. “Langile batzordeak bere prestutasuna azaldu zuen lantalde bat sortu eta geure artean Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuetarako egokia den oposizio eredu bat definitzeko”, esan du Badiolak. “Aldundiak ezetz esan zigun, ordea”. Langile batzordeko eledunak zehaztu du eurek, “orain arte bezala”, aldundian bertan kudeatu nahi zutela prozesu guztia.
Aldundiak ohar bidez azaldu du ulertzen duela azterketa gainditu ez dutenen “dezepzioa”, baina “guztiz” arbuiatu du prozesua ezbaian jartzeko “edozein saiakera” —joan den ostiralean bilera egin zuten aldundiko eta suhiltzaileen langile batzordeko ordezkariek—. “Azterketaren emaitza hau administrazio publikoen beste kategoriek dituztenekin homologa daiteke”. %24,5ek gainditu zuten. Badiolak argitu du eurek “behin eta berriz” esan dutela ez direla sartuko ehunekoen eztabaidan. “Kontua ez da hori; eredua bera da gure eztabaidagaia”.
Adibide gisa, langile batzordeko kideak jakinarazi du berrogei galdera zeudela azterketaren lehen zatian, eta horietatik hamabost legeari buruzkoak zirela. “Geografiari buruz, berriz, zortzi galdera erraz egin zituzten. Azterketaren pisu osoa test psikoteknikoak hartu zuen, eta hori izan zen larriena”. Aldundiaren ustez, berriz, “erabat errespeturik gabea” da aditzera ematea lehen proba gainditu duten 287 hautagaiek ez dutela betetzen foru erakundeak eskatzen duen suhiltzaile profila.
Badiolak jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sei suhiltzaile zerbitzu daudela, “udalak eta foru aldundiak kontuan hartuta”, eta orain arte bakoitzak bere oposizio eredua lantzen zuela, “toki bakoitzeko zerbitzuaren betebeharrak kontuan hartuta”. Arkautin dena bateratuta, “arrisku baten beldur” ziren suhiltzaileak. “Erakunde itxia da Arkauti, ez dago sindikatuen ordezkaririk, eta gure beharretatik urrundu zitezkeen. Hala gertatu da azkenean”.
Aldundiak, “abantailak”
Aldundiak “abantailak” ikusten dizkio lan eskaintza publikoa Arkautin bateratzeari. “Bai hautagaientzat eta bai administrazioarentzat. EAEko suhiltzaileen hautaketa prozesuen bateratzerako lehenengo pausoa da hau, eta plazak maiztasun handiagoarekin eskaintzea ekarriko du horrek”. Bestalde, prozesu horrek “eraginkortasunean aurrera egitea” bermatuko duela uste du aldundiak. “Baliabide publikoen erabileraren eraginkortasuna hobetzeaz gain, Arkautik eskaintzen duen maiztasunak enpleguaren egonkortasuna indartuko du”.
Lehen azterketa gainditu duten 287 suhiltzaileek beste bi egin beharko dituzte oraindik: beste test psikotekniko bat eta proba fisikoak. Datak zehaztu gabe daude oraindik.
Leave a Reply