‘3Lak’, hiru poeta handi

Lertxundi eta Valverde

Donostia

Xabier Lizardi, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Xabier Lete. Hiru poeta handi horien lanak ikuskizun bakar batean bildu dituzte Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak, eta euskal literaturaren klasiko horien poetikari buruzko kontzertu hitzaldia atondu dute, 3Lak izenburupean. Lizardi, Lauaxeta eta Lete dira hiru L-ak, eta haien eleak dira Lertxundik eta Valverdek taularatuko duten ikuskizuna harilkatzen dutenak.

Letrei, lirikotasunari eta literaturari dagozkie, halaber, hiru L horiek, eta hirurak izango dituzte aztergai Lertxundik eta Valverdek. Hala, Valverderen kantaldia hiru poeten hitzekin osatuko da, Lertxundik hitzezko argibideak ematen dituen bitartean. L-ak esanahi gehiago ere badu, hiru poetei erreferentzia egiteko orduan: “Luma lehenak, lanean libreak, lekuko leialak”.

Lertxundi eta Valverderen emanaldia Donostiako San Telmo museoko ekitaldi aretoan izango da, datorren asteazkenean, 19:00etan. Hain zuzen ere, museo horretan joan den azaroaren 16tik ikusgai dagoen Badu Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketaren barnean antolatu dute kontzertu hitzaldia.

Erakusketa azken txanpan sartzen ari da, otsailaren 17rako iragarri baitute amaiera, baina haren inguruko ekitaldiak ez daude inolaz ere amaitzear. Datorren asterako, esaterako, hiru ekitaldi antolatu dituzte. Heldu den asteartean, asteartero egin duten moduan, hizkuntzarekin lotutako zerbitzu eta erreminta teknologikoen aurkezpen gune izango da Badu Bada erakusketa; eta Bi Tanta diseinu grafiko, web eta komunikazioko enpresa gazteak eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak parte hartuko dute. Ostegunean, berriz, Xose Estevez historialariak erakusketari buruzko ikuspegi pertsonala emango du, bisita gidatu baten bitartez. Bisita galegoz izango da. Orain arte, hainbat pertsona ezagunek egin dute bisita gidatua Badu Bada erakusketan, eta haren edukien gaineko interpretazioa eskaini diote bertaratutako bisitariari: Iñaki Perurena, Luistxo Fernandez, Ibon Sarasola, Harkaitz Cano, Maialen Lujanbio eta abar.