Euria dela, elurra dela, haize zakarra, muturreko beroa, laino itxia, sute arriskua, izotza edo olatuak direla… Fenomeno klimatologiko eta naturalak tarteko, maiz ematen ditu Eusko Jaurlaritzak kolore ezberdinetako abisuak. Etengabe alerta egoeran gaudela dirudien arren, hedabideek horretan erantzukizun handia dutela dio Jose Antonio Aranda Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Klimatologia zuzendariak. “Izan ere, denak ez dira alertak. Horia denean, abisua izaten da; laranja, alerta da; eta gorria, berriz, alarma. Eta ez da gauza bera bat edo bestea ezartzea; ez da berdina bata edo bestearekin dagoen arriskua”.
Ia bi aste igaro dira hedabideetan alerta egoeren azken zurrunbiloa hasi zela; hilaren 13an elurragatik emandako abisuarekin hasi, eta ez du etenik izan. “Baina bi asteotan soilik egun bat egin dugu alerta laranjarekin; gainerakoetan abisu horia zen”. Hilaren 18an izan zen, meteorologia iragarpenek euri asko iragarri zutelako: 80 litro egun bakarrean. Ezberdintasuna ondo azaldu behar dela dio Arandak, bestela herritarrak pentsa baitezake beti egoera bera dela. “Kolore bakoitzak bere esanahia du, eta horiek ondo interpretatzea ezinbestekoa da, herritarrek modu batera edo bestera jokatzeko”.
Orain hiru bat urte jarri zuten martxan koloretako abisuen sistema. “Europan erabiltzen den sistema da, EMMA izenekoa. Egun, Europako toki gehienetan bateratuta dago abisuak emateko modua”, azaldu du Arandak. Dena den, Europan hemen baino “zurrunagoa” dela dio. “Han, kolore bakoitza noiz ezarri oso zehaztuta dago. euri kopuruaren arabera kolore bat edo bestea ezartzen da. Guk ez dugu hain zurrun jokatzen, ez baita gauza bera 80 litro botatzea lurra lehor-lehorra dagoenean, edo astebetean euria gelditu gabe aritu denean. Guk aldagai ezberdinak hartzen ditugu kontuan”.
Negu osoa abisu horiarekin egiten duen lurralderik ere badela dio Arandak. “Zero azpiko tenperaturekin, automatikoki ezartzen da abisu horia, eta Araban, adibidez, badaude ia negu osoa abisuarekin pasatzen duten eremuak”. Gipuzkoan halako gunerik ez dagoela dio, baina euriarekin, adibidez, badaudela hainbat toki adi ibili behar dutenak.
Horietako bat Astigarraga da. Eusko Jaurlaritzatik iristen diren abisuei adi egoten dira han. “Abisu bat iristen zaigunean, egiten dugun lehenengo gauza ibaia nola datorren begiratzea da. Hainbestetan irten da ura, segituan sumatzen dugu arriskua zenbatekoa den; esperientziak asko irakatsi digu”, azaldu du Astigarragako alkatetzak. Arriskurik badago, ibai ondoan bizi diren herritarrei zein enpresei SMS bat bidaltzen diete. “Iazko uholdeen ondoren, zerrenda bat osatu genuen urak harrapatzen dituen bizilagunekin, eta mezu bat bidaltzen diegu, neurriak har ditzaten. Izan ere, ezin da saihestu ura irtetea, baina bai ur horrek kalte handiak eragitea”. SMSez gain, udalaren webgunean, Twitterren eta Facebooken jartzen dute abisua.
Donostian konplexuagoa da prozesua. Txetxu Mendizabal Donostiako suhiltzaileetako Babes Zibileko inspektoreordeak azaldutakoaren arabera, alerta laranja da haientzat garrantzitsua; eta Jaurlaritzak alerta ezartzen duen bakoitzean, protokolo bat abiatzen du udalak. Berdin dio zein den alerta eragin duen fenomeno klimatologikoa. Olatuengatik eta elurrarengatik, berriz, abisu horia ematea nahikoa da protokoloa martxan jartzeko, eta laranja balitz bezala jokatzen dute. Adibidez, Paseo Berria berehala ixten dute olatuengatik abisu horia ematen denean.
“Protokoloaren garapenean parte hartzen duten talde guztiak ohartaraztea izaten da lehen pausoa. Eta haiek berehala jartzen dira lanean, kalteak eragozteko”, azaldu du Mendizabalek. Elurra eta euria tarteko direnean, berriz, krisi mahaia automatikoki elkartzen da; eta gauza bera alarma gorria denean ere. “Abisu goiztiarrak oso baliogarriak dira. 48 orduko aurrerapenarekin iristen zaigu abisua Jaurlaritzatik, eta horrek erantzuna emateko aukera handia ematen du”.