Unai Zubeldia
Ezinegon handiarekin eta protesta artean hasi zen urtea errepideetan. Urtarrilaren 18an sartu zen indarrean Beasain eta Bergara arteko A-636 autobideko bidesaria. Ordutik, autobide guztia da ordainpekoa, eta hiru arkuren bidez egiten dira ordainketak, free flow sistema baliatuta. Erabiltzaileek ez dute gelditu behar izaten, sistema elektroniko horrek identifikatzen baitu ibilgailu bakoitza. Ibilgailu arinek 2,53 euro ordaindu behar izaten dute ordutik, nahiz eta, erabileraren arabera, Abiatu gailuarekin hainbat deskontu lor daitezkeen, %25etik %75era artekoak.
Urtarrilaren 18a baino lehen, Abiatu gailua eskuratzeko tramiteak errazteko hainbat bulego jarri zituzten Goierrin, Urolan eta Debagoienean: Ezkio-Itsason, Ormaiztegin, Zumarragan, Beasainen, Legazpin, Bergaran, Urretxun eta Antzuolan, zehazki. Jarduera profesionaleko garraiolariek, berriz, ez daukate deskonturik; 4,11 euro ordaintzen dute kamioi arinek eta 5,15 euro hamabi tonatik gorakoek.
Herritarren protestak
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Bidegirekin kritiko, hilabete askoan protesta egin zuten hainbat herritarrek, Goierriko eta Deba Aldeko Kontseilu Sozialistek deituta. Besteak beste, urtarrilaren 9an ehunka lagun elkartu ziren Beasainen, bidesari berriaren aurka protestan. Haien esanetan, krisi ekonomiko betean, “gastu bat gehiago” da bidesaria inguruko herritarrentzat, eta “negozioa egitea eta finantzaketa bide berriak lortzea” daude erakundeen asmoen artean. Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuak behin eta berriz azpimarratu du zerga orokorren bidez bakarrik ezinezkoa dela errepideek eskatzen dituzten mantentze eta hobekuntza lanak egitea. “Baliabide gehiago behar dira horretarako, eta horregatik jarri dugu bidesari hori”.
Beasain eta Bergara arteko A-636 autobideko bidesaria indarrean jarri ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du 2023ko urtarrilaren 1etik hainbat deskontu aplikatuko dituela lurralde osoko bidesarietan. Salgaien garraioak %15 eta %25 bitarteko deskontuak izango ditu, eta garraio publikoak, %50ekoa. Ibilgailu pribatuei ezarritako 35,25 euroko hilabeteko muga jatorri guztietako autoei aplikatuko zaie urtarriletik aurrera, eta, aldaketarik ezean, erabileraren araberako deskontuak ezarriko dituzte aurrerantzean ere bidesarietan.
Deskontu sare zabala
Espainiako Gobernuak ekainean iragarri zuen garraio publikoa %30 merkeagoa izango zela irailaren 1etik aurrera, inflazioari aurre egiteko, eta autonomia erkidego, aldundi eta udalen esku utzi zuen deskontua %50era handitzea. GGLA Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak abuztuaren 4an jakinarazi zuen irailaren 1etik abenduaren 31ra arte Mugi txartelarekin %50ekoa izango zela deskontua. Ekialdebus, Lurraldebus eta antzeko zerbitzu guztietan aplikatzen ari dira %50eko deskontua Mugirekin. Erabaki horrekin bat eginda, jabetza publikoko beste zerbitzu batzuek ere jakinarazi zuten %50eko deskontua egingo zutela euren zerbitzuetan; hala egin zuten Euskotrenek eta Renfek.
Horrez gain, Gipuzkoako garraio publikorako Mugi txartelak Bilboko metroko bidaiak ordaintzeko ere balio du azaroaren 15az geroztik. Hori bai, kasu horretan, deskontuetarako ez dira kontuan hartzen bidaia kopuru horiek.
Leave a Reply