Miren Garate
Hiru hilketa matxista izan dira aurten Euskal Herrian. Gipuzkoarra zen hil dutenetako bat: Maria Luisa Larrañaga 68 urteko soraluzetarra. Irailaren 26an izan zen hilketa, Benidormeko (Herrialde Katalanak) haren etxean. Emakumearen senarra, 73 urtekoa, trafiko istripu batean hil zen egun berean, eta Espainiako Polizia horren berri ematera joan zen bikotearen etxera. Han topatu zuten emakumea, hilotz: bi labankada zituen bularraldean. Bi hipotesi nagusi eman zituen Poliziak: emazteari eraso egin ostean ihesean joan eta auto istripua izan zuela senarrak, edo bere buruaz beste egin zuela, autoa bidetik aterata. Izan ere, gidatzen ari zen autoak hainbat metro egin zituen kontrako noranzkoan, garabi bat zeraman kamioi baten kontra jo aurretik.
Azaroaren 25ean izaten da indarkeria matxista oro salatzeko eguna, eta, pandemiak ezarritako mugak alde batera utzita, milaka lagun atera dira kalera aurten. Herriz herriko mobilizazioez gain, Gipuzkoan, Donostian izan zen mugimendu feministak deitutako manifestazio nagusia. Protestaren amaieran irakurri zuten testuan gogora ekarri zituzten indarkeria matxistaren ondorioz hildako andreak, baina nabarmendu zuten hilketek eragiten duten larritasunaz harago, bortxaren aldaera gehiago ere badaudela. Testu horretan bertan, adibidez, udan izan ziren “ziztadak” gogora ekarri zituzten, eta azaldu zuten “matxismoaren kontrol mekanismo betierekoak” zeudela horien atzean.
Hain zuzen ere, udan, jai giroan, hainbat eta hainbat ziztada jasan izana salatu zuten emakumeek. Hedatu zen alarma sozialak beldurra hauspotzen duten diskurtsoak zabaltzen dituela ohartarazi zuen mugimendu feministak, eta horiek emakumeen askatasuna “mugatzen” dutela.
Cabezudoren epaiketa
Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotuta, martxotik apirilera bitartean izan zen Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa, eta ekainean atera zen sententzia. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko 1. Sekzioak 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri zion, bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu egitea egotzita.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko iturriek zehaztu zutenez, ordea, haren espetxealdiak ezingo du iraun hogei urte baino gehiago; betetzat jo zituen behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak. Beste 217 delitu ere egotzi zizkioten akusazioek, baina horien gaineko absoluzioa eman zuen sententziak. Hau da, zigorrak apalak izan ziren akusazioek egindako eskeekin alderatuta. Fiskalak 250 urteko kartzela eskatu zuen; akusazio partikularrak, 2.627 urtekoa.
Argazkilari ezaguna izana zen Cabezudo, eta haren modeloek jarritako salaketengatik epaitu zuten. Iruzurra, intimitatearen aurkako delituak, haurrekin egindako pornografia eta sexu erasoak egotzi zizkioten, besteak beste. 2013an jarri zuten akusatuaren kontrako lehen kereila. Hedabideetan-eta isilpean gelditu ziren haren kontrako lehen salaketak, eta Justiziak ez zuen neurririk hartu akusatuaren kontra. 2018ko udaberrian kasuari buruzko albisteak oihartzuna lortzen hasi ziren, eta, urte hartako maiatzean, preso sartu zuten.
Bestalde, azaroaren 25a bezala, martxoaren 8a ere borrokatzeko, aldarrikatzeko eta elkartzeko eguna izan zen. Milaka emakume atera ziren kalera, sistema “patriarkal, kolonial, kapitalista, estraktibista, biozida, heteronormatibo eta kapazitistaren” aurka egiteko, eta zaintza sistema publikoaren premia azaleratzeko. “Zaintza lanak politikoak dira: funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko”, esan zuten manifestazioan. Hala, mugimendu feministara batzeko deia egin zuten: “Gure artean antolatzen jarraitzeko beharra inoiz baino handiagoa da”.
Berdintasun planak
Martxoaren 8an betebehar bat ere sartu zitzaien indarrean enpresei. Ordutik, 50 langiletik gorako enpresa guztiek berdintasun plan bat izateko obligazioa dute. Data hartan, Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak onartu zuen enpresak ez zirela araudia betetzen ari, oso plan gutxi zeudelako erregistratuta artean. Horregatik iragarri zuen lan ikuskaritzak “zaindu” egingo duela ea berdintasun planak egiten dituzten.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, urrian aldaketa egon zen Emakunden. Emakundeko zuzendari izateari utzi zion Izaskun Landaidak, Jaurlaritzako ordezkarien esanetan, “erronka berriak” aurrera eramateko, “bestelako soslai bat” behar zuelako erakundeak. Miren Elgarrestak hartu zuen Landaidaren kargua, ordura arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari izandakoak. Horrenbestez, aldaketa izan zen aldundian ere: Nerea Isasi eibartarrak hartu zuen Gipuzkoako Berdintasun zuzendari kargua, Elgarresta ordezkatuz.
Leave a Reply