Unai Zubeldia
Sute txiki bat, urtarrilaren 3an; hamar egun geroago, Donostiako 5. Instrukzio Epaitegian deklarazio hartzea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) arduradunei, ingurumenaren aurkako ustezko delituengatik; erraustegian matxura tekniko bat, apirilaren 26an; Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, martxa bat Lasarte-Oriatik erraustegiraino, maiatzaren 14an; Arkaitzerreka errekastoan ustez isuri bat, uztailaren 13an; erraustegien kontrako giza katea Donostian, irailaren 11n; erraustegiaren kontrako azken manifestazioa Donostian, azaroaren 27an… Aurten bost urte bete dira Zubietako erraustegia egiten hasi zirenetik —2017ko maiatzaren 10ean jarri zuten lehen harria—, baina kontrako iritziak indarrean daude oraindik ere.
Bereziki, Arkaitzerreka errekastoko isuriek sortu dute eztabaida aurten. Usurbilgo Udalak ikerketa bat abiarazi zuen, uztailaren 13ko isuria tarteko, eta azaldu zuen “ezohiko neurri oso handiak” atzeman zituztela lau elementutan; amonio eta kloruro poluzio handia topatu zuten, besteak beste. Horren harira, Ezker Anitzak berehala eskatu zien Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari isuriaren jatorria argitzeko. GHK-k uztailaren 14rako adierazi zuen erraustegitik ez zela egon inolako isurketarik.
Gipuzkoako Ingurumen Probintzia Auzitegiko fiskalburuak ikerketa bat abiarazi zuen berehala, Arkaitzerreka kutsatuta zegoen argitzeko. GHK-k, berriz, berretsi egin zuen hasierako iritzia, behin laginak aztertuta. Haren esanetan, egunero hartutako ur laginetan ez zen ageri isuririk. “Aipagarria da egoera biologikoa beheko uretan goiko uretan baino hobea dela”, adierazi zuen. “Inguru horretan betelanak eta lur mugimenduak egin dituzte, eta hor egon daiteke jatorria”.
Erraustegiaren inguruan dauden lur azpiko urek metal astun, dioxina eta furano kantitate arriskutsuak dituztela ere salatu zuen GuraSOSek abuztuan, baina, kasu horretan ere, GHK-k ukatu egin zuen errauste plantaren azpiko uren kutsadura errausketaren ondorio dela. “GuraSOSek behin eta berriz asmo txarrez erabiltzen du informazioa”.
Zubietako erraustegiak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela adierazi izan du sarritan GHK-k, baina Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak azaroaren 22an aitortu zuen gehiegizko isuriak daudenean ez dagoela “erretzea automatikoki geratzeko gai den sistemarik”. Aurretik, Fiskaltzaren epai baten harira, GHK-k urrian aitortu zuen tutu batzuk daudela Zubietako erraustegian, baina ez direla kanpoan husten. GuraSOSek eskatu zuen erraustegia “berehala” ixteko.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eskatuta, Toxico Watch Herbehereetako fundazioak beste ikerketa bat ere egin du erraustegiaren inguruan, eta ondorioztatu du bereziki dioxina maila handiak, normalean baino altuagoak, agertu direla Zubieta inguruan dauden oilategietako arrautzetan eta goroldioetan.
Parke eolikoen auzia
Green Capital izan zen lehenengo, Statkraft ondoren… Gipuzkoan indartzen ari da parke eolikoei buruzko eztabaida, eta horren erakusgarri izan zen urriaren 11n Azpeitian egin zuten batzarra. Bertan izan ziren Norvegiako Statkraft enpresa publikoko ordezkariak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea bera. Alkateak zehaztu zuen oraindik “aurrelanketa fasean” dagoela proiektua, baina aukera horri, “oraingoz”, ez zion aterik itxi.
Kanpoaldean, parke eolikoen aurka dauden hainbat herritar elkartu ziren Azpeitian, Sañu Bizirik elkarteak deituta. Statkraftek Debagoienean —Eskoriatza eta Aramaio (Araba) artean— eta Urola aldean —Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean— azaldu du, orain arte, parke eolikoak egiteko asmoa. Aurrez, Green Capital enpresak adierazi zuen Kortazar (Elgoibar), Buruzai (Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Azpeitia eta Azkoitia), Trekutz (Antzuola) eta Eskeltzun (Zizurkil) lau parke eoliko egiteko asmoa.
Leave a Reply