Mondragonetik atera eta korporazioarekin harreman eredu berri bat izateko proposamena egin dute Ulma eta Orona kooperatibek. Eta bazkideek gaur dute proposamenarekin ados dauden edo ez bozkatzeko eguna. Ulmak Donostiako Illunben deitu ditu bazkideak ezohiko batzarrera. Oronak, berriz, Hernaniko bere egoitza nagusian egingo du batzarra.
Bi kooperatibek urte askoan agertu dituzte desadostasunak korporazioarekin, eta ez da lehen aldia Mondragonetik kanpora aritzeko aukera mahai gainean dutela. Fagor Etxetresnak hondoratu ostean korporazioak hartutako norabidearen ondoren, baina, nabarmen okertu dira harremanak. Ereduen talkak eragin du bide propioa abiatu nahi izatea. Mondragoni atxikitako kooperatiba izateari utzi, eta hitzarmenen bidezko harreman bat garatu nahi lukete harekin, itunpeko lotura bat sortuz.
Mondragoneko ordezkarien esanetan, proposamenak “guztiz” aldatzen du Mondragonen izaera, eta orain arteko “berrikuspenik handiena” egitea dakar. Batasunerako eta elkar ulertzeko deia egin die Ulmari eta Oronari, gogoraraziz elkarrekin “indartsuagoak” direla.
Leave a Reply