M. Garate
Aurreko bi urteetan ia gai bakarra izan ostean, COVID-19aren pandemiak atsedena eman du. Gaitza ez da desagertu, oraindik ere kutsatu egiten dira herritarrak, baina eguneroko bizitza ez du hainbeste baldintzatu aurten, indargabetu egin direlako hari aurre egiteko neurriak: gaixotu ostean, zenbait egunez konfinatuta egotea ez da nahitaezkoa jada; maskara osasun zentroetan, adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan bakarrik da derrigorrezkoa; ez dago mugarik nahi adina jenderekin elkartzeko; ikasturtea burbuilatan antolatu beharrik gabe hasi zuten ikasleek irailean; eta herrietako jaiak egiteko aukera egon da berriz ere.
Aurten pandemia bigarren maila batean geratu arren, iraun zuen bitartean eragin zituen kalteak azaleratu eta azaleratu ari dira. Buru osasuna da adibideetako bat. Hainbat ikerketak adierazi dute haur, gazte eta nerabe askoren oreka emozionalari eta buru osasunari erasan ziela: lehendik zeuden gaitz batzuk gehitu egin ziren, eta patologia berriak azaleratu. Ohartarazi izan dute gora egin dutela elikadura nahasmenduek, autolesioek eta depresio kasuek.
COVID-19aren beste ondorioetako bat izan zen atzeratu egin zirela gaixotasunak detektatzeko probak, eta luzatu itxaron zerrendak. Adituek jakinarazi dutenez, horren eraginez, minbizi kasu asko behar baino beranduago hautemango dira, eta heriotza tasetan eragina izan dezake horrek hurrengo urteetan ere.
Badira COVID-19a gainditzea lortu ez duten herritarrak ere: COVID iraunkorra dute, eta osasun sistemak abandonaturik dituela salatu izan dute sarritan. Long COVID Euskal Herria elkartean bildu dira horietako batzuk, eta Gipuzkoan bertan hainbat arlotako espezialistekin “arreta osoa” jasotzeko aukera eskatu diote Osakidetzari. Nekea, artikulazioetako mina, laino moduko bat buruan, gauzak ahazteko joera eta beste hainbat sintoma dituzte gaixoek.
Leave a Reply