Miren Garate
Urte amaieran, lehertu egin da egoera Osakidetzan; zehazki, Donostialdeko erakunde sanitario integratuan (ESI). Aurretik zetozen arazoak, baina abenduaren 2an, Osakidetzak kargutik kendu zituen Donostia ospitaleko zuzendari kudeatzailea eta erietxeko zuzendari medikoa. Bi kargugabetzeen ondotik, bata bestearen atzetik etorri ziren beste espezialitate batzuetako zuzendarien eta zuzendariordeen dimisioak. Eta denek eman zituzten arrazoi berdintsuak dimisioa emateko: desadostasun sakonak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin. Besteak beste, “goitik beherako” erabakiak inposatzea egotzi zioten, eta osasun sare publikoa “era diktatorialean” kudeatzea. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, berriz, “antolakuntza aldaketa” soiltzat jo zituen kargugabetzeak. Hark esan zuen “gertaera kate baten” ondorioz beharrezkoa zela Donostialdeko ESIko zuzendaritza aldatzea.
Egoera salatzeko, zenbait egunez elkarretaratzeak egin zituzten medikuek Donostia ospitaleko eskaileretan —azken hiru egunotan eten egin dituzte elkarretaratzeak, egoera “onbideratzen” ari dela iritzita—. Hainbat kezkaren berri eman zuten, eta horiek ez zegozkion soilik Donostia ospitaleari. Besteak beste, lantaldeen urritasunarekin lotutako kezka, lehen mailako arretaren egoerarekiko kezka, Onkologikoaren geroari buruzko zalantza, Donostia ospitaleak hainbat jardueratan orain arte izan duen “erreferentzialtasuna” galtzeko arriskua eta abar aipatu zituzten.
Protestetan parte hartu zuten langileen aldarrikapenak “ulertzen” dituela esan du asteotan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta nabarmendu zuen “konfiantza” zuela gatazkak izango duen bideratze egokian. Kudeatzaile talde berria jarri du Osakidetzak Donostialdeko ESIan, eta horren bidez konponbiderako urratsak egingo dituztela uste zuela azaldu du Urkulluk.
Hain zuzen ere, Agustin Agirre izendatu dute behin-behinean Donostia ospitaleko zuzendari kudeatzaile. Agirre Bidasoaldeko ESIko burua zen. Aurrez, Bilboko Basurtuko ESIko zuzendari medikoa izan zen, eta, Bidasokora lekualdatu aurretik, Debagoieneko ospitaleko zuzendari medikoa izan zen. Erietxe horretan aritu ziren lanean 2018ko udaberriko lan eskaintza publikoko iruzurrak salatu zituzten hiru anestesiologoak, eta, hain justu, auzia salatu ondoren Agirrek emandako tratua salatu zuen haietako batek.
Hain zuzen ere, hiru anestesiologo horietatik bik lana utzi dute aurten. Urri amaieran BERRIAn egindako elkarrizketa batean azaldu zuten “jazarriak” sentitzen zirela. Irregulartasunen jakitun, etsaminetako bat egin aurretik —Gasteizko erietxeetarako anestesiologoak hautatzekoa—, proba hori nork gaindituko zuen iragarri zuten, eta notario aurrean jaso zen agiria: asmatu egin zituzten izen guztiak. Elkarrizketan esan zuten lanean traba handiak jarri zizkietela ordutik.
Bidasokoan, itxierarik ez
Donostia ospitaleko langileek aipatutako kezketako bat da Onkologikoaren etorkizuna, eta hango langileek eta pazienteek ere mobilizazioekin jarraitu dute aurten. Tartean, manifestazio bat egin zuten urrian, Onkologikoa monografikoa eta bizirik leloarekin. Batetik, Onkologikoak minbizian ardaztutako “izaera monografikoa” galdu duela salatu zuten, eta beharrezkotzat jo zuten lehengo eredua “berreskuratzea”. Bestetik, Onkologikoaren eta Osakidetzaren arteko lotura akordioa sinatu zutenetik lau urte pasatu diren arren, azaldu zuten oraindik ez dakitela zer gertatuko den eraikinarekin eta langileekin —Kutxa fundaziokoak dira oraindik langileak—. Horren guztiaren ondorioak agerikoak direla esan zuten: itxaron zerrendak luzatzea, probak egiteko toki batetik bestera ibili behar izatea, eta, minbizi kasu batzuetan, baita heriotza tasa handiak izatea ere.
Donostiatik kanpo ere, beste ESI batzuetan ere izan dira protestak. Sagarduik iazko urrian iragarri zuen, Bidasoko Ospitaleko erietxeko kirurgia saila eraberritzeko lanak egin bitartean, urte eta erdi inguruan, ebakuntza gelak itxita egongo zirela. Tarte horretan, ebakuntzak Donostiako Onkologikoan egitea zen Osakidetzaren asmoa. Iragarpenak haserrea eragin zuen ospitaleko langileen nahiz herritarren artean, eta Osasun Bidasoa plataforma eratu zuten. Azkenean, proiektua alboratu zuen Osasun Sailak, eta beste alternatiba bat ari da prestatzen.
Tolosan ere urteak daramatzate Asuncion ospitaleko egoera salatzen, eta hura “publifikatzeko” eskatzen. Ospitale berria egiteko proiektua dago, eta, duela gutxi zabaldu denez, ospitaleak larrialdiak artatzeko zerbitzua eta hamazazpi espezialitate izango ditu. Sagarduiren esanetan, zortzi edo hamar urte beharko dituzte proiektua amaitzeko. Lanak 2025. urtean hasiko lituzkete, baina sailburuaren hitzetan, ez dute aldaketarik aurreikusten Asuncion Klinikarekin dagoen hitzarmen itunduaren inguruan.
Leave a Reply