E. Esnaola
Fraide frantziskotarra, musikazalea, euskaltzalea, idazlea eta eguraldi iragarlea zen Pello Zabala. Oso ezaguna euskaldunen artean. Euskal hedabideetan egin zuen ekarpenik: Euskadi Irratian, esatari lanetan —Klasikoak gaur saioan 22 urtez, eta eguraldiaren berri emanez—, eta BERRIA Taldean, administrazio kontseiluko kide izan zen sorreratik (2003), 2008ra arte. Aurten hil da Zabala (Amezketa), 78 urte zituela. Otsailaren 1ean zendu zen. Zuloa utzi du euskal munduan. “Herriarekin oso gertu sentitzen naiz, eta eskertuta nago. Hori izan da nire bizitzan egin dudan lanik handienetakoa”, zioen BERRIA egunkarian, 2005ean. Otsailaren 3an egin zuten hileta elizkizuna, haren bizitokian: Arantzazun (Oñati).
Zehazki, 10 urte zituela sartu zen Arantzazuko apaiztegian, eta han egin zuen bizia, frailetza ikasten, eta, 1985etik aurrera, fraide. Musika eta euskara izan zituen “beti afizio nagusi”, eta esaten zuen harrapatzen zuen guztia irakurtzen zuela. Liburuei-eta ez ezik, naturari ere begiratzen zion asko; ikasketez ez zen meteorologoa, baina eguraldiaren berri ematen zuen, eta jarraitzaile ugari zeuzkan. Konpositorea eta organista ere izan zen Zabala.
Karmele Aierbe (Ataun) euskaltzalea ere hil da aurten, otsailaren 14an. 71 urte zituen. “Euskarak beti markatu nau”, esan ohi zuen Aierbek, eta haren alde egin zuen borroka politikoa. “Karmelek ulertzen zuen euskara gure bihotza dela, eta horretan jardun zuen etengabe”, adierazi zuen Juan Karlos Ioldi herrikideak hura hil ondoren. Euskal Herrian Euskaraz-eko (EHE) nazio koordinatzaile izendatu zuten 1988an, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) sortzeko lan egin zuen —1991n sortu zuten—. Aierbek ez zuen sinesten elebitasunean; haren “gezur politiko-linguistikoa” txarresten zuen, euskara eta erdara “maila berean ez” daudela jota. Irakasle ere aritu zen: 20 urterekin, Ataungo ikastolan hasi zen.
1998an HBko Mahai Nazionaleko kide hautatu zuten, aurreko mahaikideak atzeman zituztenean. Hark ere jasan zituen atxiloketak: zazpi. Hiru aldiz espetxeratu zuten, eta “tortura larriak” salatu zituen. Ezker abertzalearen ziklo aldaketa babestu zuen duela dozena bat urteko eztabaidetan.
“Emakume abertzalea, euskaltzalea eta ezkerrekoa. Beti irribarre batekin eta maitasunez hartu nauena. Beti leiala”, idatzi zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak haren heriotzaren berri izatean.
Segurola, Garmendia…
Iñaki Segurola (Azpeitia) ere ezaguna zen euskal kulturan. Idazlea, filologoa eta hiztegigilea zen. Apirilaren 15ean hil zen, 60 urte zituela. Batez ere, hiztegigintzan egindako lanagatik zen ezaguna. Ibon Sarasola ondoan zuela, urteak egin zituen Orotariko Euskal Hiztegian lanean, baita Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan ere. Segurola euskaltzain urgazle izendatu zuten, 1991n. Hainbat liburu eta artikulu ere idatzi zituen, eta Euskadi Irratiko kolaboratzailea izan zen urte askoan, kulturari buruzko programetan.
Txomin Garmendia (Berrobi) ere hil da 2022an, irailaren 15ean, 88 urte zituela. Bertsotan, Gipuzkoako txapelduna izan zen 1967an, eta Txapelketa Nagusiko finalean lau aldiz kantatu zuen. Hainbat liburu idatzi zituen.
Halaber, besteak beste aurten hil dira, haiek ere arrasto bat utzita, Xanti Iparragirre euskaltzale eta bertsolaria (Errenterian jaioa, Eskoriatzan hil zen, 87 urterekin); Abelin Linazisoro idazle eta aktorea (Zumaia, 79 urte); Miren Jone Azurza kazetaria (Donostia, 92 urte); Pilar Iparragirre kazetari eta idazlea (Idiazabal, 70 urte), eta Jose Ramon Rekalde jurista, idazle eta politikaria (Donostia, 85 urte).
Leave a Reply