Bi bertsolari, diren moduan

Ander Lizarralde eta Unai Muñoa. Bihar buruz buru ibiliko dira Andoaingo Bastero kulturgunean. Bertsolari moduan egin dituzten urte hauetan guztietan ehunka aldiz egin duten keinua izan da taula gainera igotzea. Kasu honetan, ordea, ez dute betiko moduan egingo. Ez dute gai-jartzailerik izango alboan. Gaia eurak izango dira, eta eurei buruz hitz egingo dute.

Ez gara Palestinaz ari… emanaldiaren estreina baino astebete lehenago —joan den ostiralean—, Basteron bertan ari dira ikuskizunari azken ukituak ematen. Bertsotan aritu dira, gairik gordinenak azaleratzeko tresna gisa; aktore lanetan aritu dira, umorea ere ikuskizun horretako osagai garrantzitsua baita. Eta alboan bi musikari izan dituzte: Aitor Atxega gitarran, eta Imanol Kamio pianoan eta akordeoian.

Bat-batekoa albo batera utzi dute, eta orain mezua beste modu batera adieraztera doaz. Mugimendua, keinua, begirada… dena da adierazgarri, eta atrezzoa ere erabili behar dute. Amaia Vazquez psikologoaren gomendioak adi entzun dituzte Lizarralde oiartzuarrak eta Muñoa lasartearrak, estreinaldiaren egunean okerrik ez egiteko.

Bi urtez lantzen aritu diren proiekuaren atzerako kontua hasi dute, eta hasi dira beldurra nabaritzen. “Askok pentsatzen dute ehunka lagunen aurrean bertsotan aritzea ausarta dela. Izan daiteke, baina nire eskema zaharretik ateratzea, niri behintzat, asko kostatzen zait”, adierazi du Lizarraldek. “Guk formatu hori ikasia daukagu, eskuak patriketan sartu eta gauzak oso serio botatzen. Hortik aurrera, irribarre bat egitea, edo eskuak mugitzea… ikaragarri kostatzen zait”, gaineratu du.

Muñoa ez du horrenbeste beldurtzen aktore lanetan aritzeak, baina bai jendaurrean den bezala agertzeak: “Beldur eszenikoa parte bat da, baina niri beldur gehiago ematen dit jendearen aurrean garen bezala jartzeak, ‘hau naiz ni’ edo ‘hau da nire parte bat'”.

Gizona eta emozioak

Beldurrez bezala, kezkatzen dituzten beste hainbat gaiez hitz egingo dute bihar bi bertsolariek. Oraingoan, ordea, ez dute gai sozialez hitz egingo, proiektuaren abiapuntua horixe baitute, eurei buruz hitz egitea, eta horregatik bota dute honako galdera hau: “Erreparatzen al diogu gure buruari?”. Emozioez hitz egitea, oro har, kosta egiten dela esan dute, eta euren kasuan, gizonak izanda, are gehiago. “Gizonek oraindik ezkutatuago daukagun aldea da hori. Itxura sendoa eman behar dugu, beti babesa eman behar duenaren itxura, eta ez babestua izan behar duenarena. Horri ekarpen bat egin nahi diogu”, zehaztu du Muñoak. Gizontasunarekin eta beldurrarekin batera, beste gai batzuk ere landuko dituzte ordubete pasatxoko emanaldian: haurtzaroa, egoa eta askatasuna, kasurako.

Haurtzaroa, hain zuzen, ikusleari nor diren hobeto ulertzen laguntzeko landuko dute. Egoa ere azaleratuko dute, “lotsaz gordeta” eduki duten zati hori. Gainera, emanaldia eurei buruzkoa izanda, “egozentrismo ariketa bat” izan daitekeela uste dute. Eta askatasuna, berriz, Euskal Herriaren askatasunari erreparatzen dion gizartean askatasun pertsonala ere aldarrikatzeko.

Muñoak azaldu duenez, urteak dira harremana egin zutenetik, eta biek ibilbide beretsua egin dute euren barne munduaren lanketari dagokionez. “Kontua zen guk elkarrekin hitz egiten genituen gaiak eta konpartitzen genuen intimitate hori, nola sumatzen genuen gure inguruan ez dela hain ohikoa, ez gaudela hain ohituak gure miseriak kontatzera, gure ahuluneak azaleratzera. Ohartu ginen denbora asko pasatzen dugula gai estratosferikoez hitz egiten, eta gutxi ematen dugula gutaz hitz egiten”.

Lizarralderen arabera, barruan zuten korapiloa kanporatzeko ariketa bat egiten ari dira ikuskizun honen bidez: “Behar bat genuen askatzeko, barruan genuen hori azaleratzeko. Bertsoa eta musika instrumentu gisa hartu ditugu, barruan horrenbeste estutzen gintuen behar hori azaleratu eta adierazteko”.

“Mezua jantzi”

Proiektua mezutik abiatu da, eta bertsolari bakoitzak bere sorta egin du. Behin sorta egin eta txukunduta, musikaz jantz zitekeela bururatu zitzaion bikoteari, eta Aitor Atxega gitarristarengana jotzea erabaki zuten. Gero, pianoak emanaldia are gehiago jantzi zezakeela bururatu zitzaien, eta Imanol Kamiorekin jarri ziren harremanetan. Akordeoia ere jotzen du Kamiok ikuskizunean.

Oinarria hartuta, forma ematen hasi ziren, eta horrek egin du ikuskizunak, bertsolaritzaz gain, musikatik, poesiatik eta antzerkitik edatea. “Konturatu ginen emanaldia oso trinkoa zela, gaiak oso sakon lantzen direlako. Orduan, umorea behar genuen. Umorea esketxen bidez egitea erabaki genuen, eta orduan, antzerkitik hasi ginen hartzen. Bi ahotsetara politago gera zitekeela bururatu zitzaigun orduan, eta kantaritik ere hasi ginen hartzen. Joan gara elementuak bilduz, mezua janzteko”, azaldu du Muñoak.

Ildo horretan, esaten dute ez direla kantariak baina kantatu egiten dutela, ez direla aktoreak baina antzeztu egiten dutela, ez direla poetak baina poesia egiten dutela. Bertsolaritzaren bidez biluztuko dira, baina alde batetik eta bestetik hartu dituzten elementuen bidez jantziko dute igorriko duten mezu hori.

Ikus-entzuleek mezu hori jasotzea falta da orain. Asmoa da beraiek azaleratuko dituzten zenbait gairekin identifikatuta sentitzea eta, era berean, gogoeta egitea. “Haurtzaroaz hizketan, agian bere haurtzarora joango da, edo nik nire beldurrarekin azaltzen ditudan elkarrizketen bidez, agian euren beldurrarekin ere konektatuko dute. Helburua da gai horiekin galderak piztea, eta beraiek gu ispilu gisa erabiltzea”, esan du Muñoak.

Estreina gainean dutela konturatu da Lizarralde zer egitera doazen, baina era berean, horrek motibatzen duela esan du: “Norbait publikotik altxatzen bada eta esaten badigu ‘gizajo batzuk zarete’, horrek ere zerbait positiboa ekarriko digu. Hala ere, ez gara oso ezberdinak gure artean, eta enpatia lortzeko ariketa ona izan daiteke”.

Publikoaren epaia ere proiektuaren beste fase bat izango dela iritzi dio Muñoak, bi bertsolariak diren bezala edo, behintzat, haien parte bat ikusiko dutelako. “Badakigu batzuk epaitu egingo gaituztela, eta arrisku hori hartzen dugu. Hori kudeatzea izango da prozesuren zati bat”.