Beñat Agirresarobe
Oiartzungo Ugaldetxo auzoko industrialdean, bada goizero peto koloredunak janzten dituzten dozenaka kide biltzen dituen biltegi bat: Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren egoitza nagusia da. Bergaran du beste biltegi nagusia gobernuz kanpoko erakunde horrek. 1997. urtean, duela 25 urte, hainbat boluntariok Elikagaien Zarrastelkeriaren Aurkako Elkartea-Gipuzkoako Elikagaien Bankua sortu zuten. Gaur egungo lehendakariorde Carlos Martinezek adierazi duenez, elikagai mordoa xahutzen zela jabetu ziren hainbat kide 1990eko hamarkadaren bukaeran, eta elikagai horiek beharra zeukaten pertsonei emateko asmoa izan zuten hasiera-hasieratik.
“Hasieran oso elikagai gutxi jasotzen genituen, baina gaur egun 2,7 milioi kilo inguru berreskuratzen ditugu urtean, jasotze eta banaketa zerbitzuen bidez”, adierazi du lehendakariordeak. Arlo sozialari lotutakoaz gain, elikagai bankuak badu ingurumeneko helburu bat ere: “Jasotzen ez dugun elikagai kopuru handi bat joaten da hondakindegi edo errauskailuetara. Horiek berreskuratu egin behar dira”. Elikagaien bankuaren amaierako helburua zein den argi du Martinezek: batere bildu behar ez izatea. “Geure burua desagerraraztea gustatuko litzaiguke”. Hau da, familiek elikagai beharrik ez izatea desio dute.
Oiartzungo egoitzan, aste barruan 115 boluntario elkartzen dira —beste 70 inguruk egiten dute lan Bergaran—, elikagai banku batek eskatzen duen lan guztia egiteko: banatzaile handi, denda eta supermerkatuetara joaten dira furgonetetan, oraindik jan daitezkeen elikagaien bila. Ondoren, horien kalitatea egiaztatzen dute, biltegian bertan; fruta eta barazkiak garbitu, eta dena sailkatzen dute apal eta hozkailuetan. Zerrenda luzeak egiten dituzte, banan-banan elkarte laguntzaileek behar duten hileroko elikagai kopurua sailkatzeko. Bukatzeko, aste barruan ordu bat esleitzen diete elkarteei, eta biltegietatik pasatu behar izaten dute, janariaren bila. Jantoki sozialak, ikastetxeak eta laguntza elkarteak izan ohi dira horien artean ohikoenak.
Egoera zaurgarrian dauden familietako kideek ere hilabeteko janari saskia jaso dezakete, baldin eta haien egoera egiaztatzen badute eta erakunde laguntzaileetako batekin harremana badute. Elikagai bankuak orotariko elikagaiak ematen dizkie familiei, eta, gaur-gaurkoz, pertsonako ehun euroko laguntza dela kalkulatzen dute. Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin harremana duten elkarteek duten sarea aintzat hartuz gero, 20.600 pertsona inguru artatzen ditu bankuak urtero. Belen Mendez erakundearen presidenteak azaldu duenez, 2020an 17.000 onuradun zituzten: “Gaurko kopurua ia %25 handiagoa da”.
Lau bide
Alabaina, elikagai bankuaren jarduerak janaria banatzeaz harago doaz. Gaur egun, lau programa ditu indarrean, elikagaien xahuketa ahal bezainbeste murrizteko. Lehenengoa Azken minutua deiturikoa da. Supermerkatu eta enpresa gehienek kalteren bat duten produktuak edo iraungitze data hurbil dutenak botatzeko ohitura dute. Elikagai bankuko boluntarioak, egun batzuetako epearekin, saltoki horietara joaten dira, eta jaso egiten dituzte.
Bigarrena, bilketena da. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa handiak antolatzen ditu: urte honetan hamaika urte izango dira lehen aldiz azaroko bilketa handia antolatu zutenetik. Hala, pandemian bilketa elikagai bonuen bidez bakarrik egin badute ere —horiek supermerkatuetan trukagarriak dira—, lehenbailehen postu fisikoak jarri dituzte berriz ere. Bestetik, 57 erakunde, ikastetxe eta enpresak ere antolatzen dituzte bilketak, elikagaien bankuarekin lankidetzan. 2021. urtean 855 janari tona jaso zituzten bide horretatik.
Hirugarren lan lerro iraunkorra erosketena da. 2021ean, hornitzaile zorro berria sortu zuten haren bidez, eta 398 tona elikagai berreskuratu zituzten 569.890 euroren truke. Elkartearen laugarren zutarria, Europako Batasunaren funtsetatik urtero jasotzen duten laguntza da. 2021eko datuen arabera, 365 elikagai tona berreskuratu zituzten laguntza horiei esker.
Martinezen arabera, kontrol handia eskatzen du elikagai bankuaren jardunak: “Programa informatiko baten bidez, uneoro jasotzen dugu elikagai mota bakoitzetik zenbat kilo iristen diren, eta horien iraungitze data edo kalitatea zein den. Horrela, ezustekoak saihestu, eta elkarte bakoitzari banaketan dagokiona emateko aukera dugu”.
2022a, urte zaila
2022a gorabehera handiko urtea izan da; hala iritzi dio elkarteko lehendakariak. “Urte hasieran, pandemia lausotu zenean, bazirudien urte ona izango zela. Ondoren, Ukrainako gerra hasi zenean eta prezioak igo zirenean, kolpe latza hartu genuen. Dohaintzek nabarmen egin zuten behera, eta uztailean elikagai gutxiago banatzen hasi behar izan genuen”.
Irail bukaeran bizi izan zuten egoerarik zailena. Orduan, elikagairik gabe gelditu ziren, baita supermerkatuetako krediturik gabe ere. “Egoera horretan, dohaintza emaileei ahalegin bat egiteko eskatu genien. Erantzuna bikaina izan zen: hiru astean 40.000 euro jaso genituen”. Ostera, iazko bilketa handia egin zuten azaroan, urtero bezala, eta orduan beste milioi bat euro baino gehiago jaso zuten. “Espero dezagun denok zertxobait ematea eta 2023a urte ona izatea”, esan du Mendezek.
Leave a Reply