Zumarraga
Urte erdi baino gehiago daramate Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak Lingua Nabajorum. Euskararen historia txoroa antzezlan komikoa taularatzen, eta antzokiak eta aretoak betetzen jarraitzen dute. Gaur Zumarragako Zelai Arizti aretoan eskainiko du bere azken lana Ez Dok Hiru konpainiak, Jon Oregiren zuzendaritzapean, eta ikusleei barre eta algara eginaraziko diete 22:30etik aurrera.
Euskara hizpide hartuta aurretik egindako hiru obraren jarraipena da Lingua Nabajorum. Lehena Euskara sencilloaren manifiestoa izan zen, eta euskaldun berriak ziren protagonista; bigarren lanarekin, Larru haizetara-rekin, sexuaren eta hizkuntzaren arteko lotura landu zuten; eta Euskarazetamol antzezlanarekin super-euskalduna lortzeko formula topatu zuten.
“Trilogiaren laugarren saioa” zela esan zuten antzezleek Lingua Nabajorum obra aurkeztu zutenean, eta, izenburu osoak dioen bezala, “euskararen historia txoroa” da bi aktoreek taula gainean kontatzen dutena. Komedia dibertigarri honetan Martinezek eta Telleriak teoria berri bat jarriko dute mahai gainean: une historiko garrantzitsuetan izandako gatazken ondorioz garatu da euskara, eta une historiko horiek dira obraren ardatza. “Euskararen historia txoroa egin dugula esan nahi dut. Ez berez txoroa delako, baizik eta guk nahi dugun bezala manipulatu dugulako”, adierazi zuen Martinezek, obrari buruz.
Laugarrena, baina ezberdina
“Trilogiako laugarrena” izan arren, Lingua Navajorum obrak badu ezberdintasunik aurrekoekiko. Beste hiru lanetan, Martinezek eta Telleriak Mikel eta Patxo pertsonaien rolak jokatzen zituzten; honako honetan esketxak irudikatzen duen aro historikoaren araberako rolean agertzen dira. Edan eta Epa esketxean Adam eta Eva irudikatuko dituzte, Espartero eta Maroto izango dira Espartin eta Amoroto esketxean, eta erromatarren etorrera, Orreagako borroka eta ganboatarren eta oinaztarren arteko bandokideak ere baliatuko dituzte euskararen bilakaera azaltzeko. Horien ondorioz sortuko dira, esaterako, ergatiboa, nor-nori-nork paradigma eta euskara batua.