Beren lekuaren konkistan

Beren lekuaren konkistan

Nerea Uranga

Joan den igandean estreinatu zuten Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haurrentzako Neguko Topalekua Azpeitiko Azoka plazan. Haurren Kontseiluak inaugurazio ekitaldia egin zuen, zinta mozketa eta guzti, eta, mokadutxo bat jan ondoren, jolasean, tertulian eta egonean egoteko aukera izan zuten han bildutako ehun haur inguruk. Horretarako baita Azpeitiko Udalak Azoka plazan maiatzera arteko igande arratsaldeetarako egokitu duen gune berria. Haurren Kontseiluak herriko erakundeari azaldutako behar baten erantzuna da Neguko Topalekua.

Herri Hezitzailea filosofiaren barruan abiarazi zuten Haurren Kontseilua, iaz, Leire Goenaga Azpeitiko Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez: “Lehendik ere egin izan dira hainbat ekintza eskolak herriratzeko, eta herrian egiten diren hainbat proiektutan partaide izateko”, esan du Goenagak. “Bestelako behar bat ikusten zen, ordea, eskoletako curriculumetan txertatuta dauzkaten balioak —haurrak parte hartzaileak izatea, aktiboak izatea…— herrian txertatzeko”. Horregatik erabaki zuten Haurren Kontseilua osatzea. “Izan ere, balio batzuk ez badira txiki-txikitatik barneratzen eta praktikan jartzen, urrun gelditzen dira gero”.

Urtebeteko jarduna

Azpeitiko hiru ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako ikasleen ordezkariek osatzen dute Haurren Kontseilua, eta Jauzika elkarteak dinamizatzen du. Urtebeteko bidea egin du, eta hasi da herrigintzan leku propioa egiten eta eraikitzen. Aisialdirako gune berriak lortu dituzte jada; hala nola, Goena parkean zabalik dagoen tirolina eta zuhaitz parkea, edo herriko plazan ireki berri duten Neguko Topalekua.

Haurren Kontseilua hilero biltzen da, eta eskoletan landutako proposamenak eramaten dituzte bileretara. “Ideiak edo proposamenak nahi duten eran azaltzeko aukera ematen zaie kontseiluko kideei, eta hala egiten dute: bideoz, elkarrizketa eran, Power Pointekin…”, azaldu du Aloña Larrañaga Azpeitiko Udaleko Gazteria teknikariak. “Haurren Kontseiluko kideak arduratu dira Neguko Topalekuaren irekiera ekitaldiaz eta izaeraz ere; haiek antolatu dute dena”. Bukaeran, gune berriak izandako harrerarekin “oso gustura eta esker oneko” agertu zirela argitu du Larrañagak.

Norberak eraiki edo lortu duena gehiago zaintzen eta estimatzen da, Edurne Korta udaleko Hezkuntza teknikariaren ustez: “Haurren eta gazteen artean, haurrek berek eskatutako edo sortutako horrek du arrakastarik handiena; buru-belarri sartzen dira beren proiektuetan. Askotan, eginda emandako hori ez dute euren sentitzen”.

Neguko Topalekuaren filosofia berarekin, baina beste formatu batekin, negurako jolasgune estalia ere egokitu du udalak kiroldegian, asteburuetarako. 0 eta 8 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat da. Goenagak azaldu duenez, gurasoek udalari azaldutako behar bati erantzuteko sortu dute gune hori. “Kiroldegiko gunean ez da hezitzailerik egoten, eta haurrek gurasoen edo helduen ardurapean egon behar izaten dute”. Guneak harrera zerbitzu bat du, edozein arazo izanez gero erabiltzaileek nora jo jakin dezaten. “Gabonetako oporraldian ireki zuten, eta oso harrera ona izan du; ordu tarte bakoitzean, 30 bat familia biltzen dira, batez beste. Haurrak jolasean ibiltzeko eta goxo egoteko egokituta dago gunea, eta baita psikomotrizitatea lantzeko ere”.

AZPEITIKO HAURREN KONTSEILUA

Neguko asteburuetarako gune estaliak egokitu ditu udalak haurrentzat. Hala ere, Haurren Kontseiluak lanean jarraitzen du, eta beste hainbat proposamen ditu eskuartean: herriko festetan ere beren tokia nahi dute. “Jaietan haur txiki-txikientzako, gazteentzako eta helduentzako ekintzak antolatzen dituztela diote, baina beren adinekoentzat [10-12 urte] prestatutakoen falta sumatzen dute”. Besteak beste, helduentzako egiten duten Bakailao Txapelketaren tankeran, haurrentzako pintxo lehiaketa antolatzea proposatu dute, edo haurrentzako herri kirolak prestatzea. Haurren Kontseiluko kideak “lanerako gogoz” eta “ardurak hartzeko prest” daude, Gazteria teknikariaren arabera.

Haurren proposamenei erantzuteak duen garrantzia nabarmendu du Goenagak: “Haurren Kontseiluak azaldutako beharrak entzun eta aintzat hartzen ditu udalak, eta haien eskaerari ezezkoa eman behar badio, arrazoiak azaltzen dizkie. Gaiaren arabera, udaleko zenbait sailetako zinegotziak bildu izan dira Haurren Kontseiluarekin”.

Baita pentsarazi ere

Parte hartzeko eta aktibo izateko aukera eman zaien era berean, haurrek pentsatzen eta hausnartzen ikas dezaten ere nahi du udalak Herri Hezitzailea filosofiaren barruan. Horretarako, urtarrilaren 28tik maiatzera artean, hilean behin, larunbat arratsalde batean, filosofia era ludikoan lantzeko ikastaro bat egingo du LH3tik LH6ra artekoentzat, Jakin-min elkarteak gidatuta. “Pentsatzen dakiten eta kritikoak diren haurrak nahi ditugu, eta hori kontuan hartuta antolatu ditugu filosofiari buruzko saioak”, azaldu du Kortak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.