Rocka bada emakumeentzat

Euskal Herrian oholtzaz oholtza dabilen zenbat emakume musikari ezagutzen dituzu? Zenbat bateria jotzaile eta gitarra jotzaile? Galdera horiei erantzutea lehiaketa gisa planteatu dute Emarock egitasmoaren webgunean. 74 emakume musikariren irudiak jarri dituzte, nahi duenak, edo ahal duenak, haien izenak asma ditzan. “Kontua da jendeak ez dituela emakume musikari asko ezagutzen, eta ez da ausartzen lehiaketan parte hartzera. Hala ere, gure benetako helburua ez da jendeak erantzunak bidaltzea; gure helburua da webgunean sartzen den jendea irudi horrekin gelditzea, konturatzea emakume asko dabilela musika munduan, eta ohartzea horietako zein gutxi ezagutzen ditugun”, azaldu du Saioa Cabañasek (Bilbo, 1982), Emarock eraskuketako argazkien egile eta Emarock elkartearen koordinatzaileak.

Hilaren 15a bitartean Donostiako Emakumearen Etxean dago ikusgai Emarock. Iragana, oraina eta geroa erakusketa. Cabañasek ateratako argazkiek osatzen dute, eta jardunean dauden emakume musikariak agertzen dira, oholtza gainean. Indar handiko argazkiak dira. Cabañasen arabera, “indar eta ausardia handiko” emakumeak direlako. Hain zuzen ere, Emarocken helburua “Euskal Herrian musikagintzan aritzen diren emakumeei protagonismoa eta espazio bat ematea, eta emakume gehiago esparru hau jorratzera animatzea da”.

Cabañas 15 urte zituenean hasi zen kontzertuetara joan eta argazkiak ateratzen. Gizon zein emakume, ez zuen ezberdintasunik egiten. Erakusketa bat egiteko eskatu ziotenean ohartu zen material nahikoa zuela emakumeei buruzko erakusketa bat egiteko. “Dena den, emakume gehienak abeslari gisa aritzen ziren, eta ohartu nintzen hutsune bat zegoela, apenas zegoela emakume gitarra, bateria edo baxu jolerik”. Horrek eragindako gogoeta izan zen Emarock egitasmoaren abiapuntua. Egun, Euskal Herriko lurralde guztietako hainbat lagun ari dira lanean. “Beharraren arabera, jende gehiago edo gutxiago aritzen gara, eta proiektu zehatzetarako sekulako laguntza eman duen jendea batu zaigu”.

Proiektu horietako bat Emarock erakusketaren osagarri den dokumentala izan zen. Hamasei elkarrizketa egin zituzten, eta horien hitzekin osatu zuten. “Erakusketak musika munduan aritzen diren emakumeen alde objektiboa islatzen du. Dokumentalak, berriz, haien alde subjektiboa eskaintzen du, eurek azaltzen baitute euren errealitatea”.

Erakusketa arrakasta handia izaten ari da, eta toki askotatik deitu dituzte. Ondorioz, lanez gainezka daudela aitortu du Cabañasek, eta hainbat lan baztertuta dituztela. Esaterako, musikarien biografiak osatuta dituzte, eta gehiagoren berri ari dira jasotzen. Denak bildu, eta webgunean eskegi nahi dituzte, emakume musikarien bilgune eta erreferente izan dadin; eta, era berean, kontzertu antolatzaileek ere kontuan har ditzaten. “Izan ere, oholtzara igotzen den emakume bakoitza erreferente bilakatzen da beste neska askorentzat. Hemen [argazkietan] dauden askok diote beste emakume musikariren bat izan zela eurei bidea ireki ziena, eta hemen daudenak ere bide irekitzaile izatea nahi dugu”.

Bestetik, emakume musikarien bilgune izan nahi dute. Cabañesek gogoan du Kerasy taldeko Silvia Guillenek Tolosako erakusketan esanikoa. “Erakusketara sartu eta harrituta gelditu zen, hainbeste emakumeren irudiak ikusita. Eta gero esan zigun: ‘Jo, jada ez naiz bakarrik sentitzen’. Hori guretzat oso handia da”.