Ez dakit non, ez dakit noiz harrapatutako birus bat gainetik ezin kendurik nabil aspaldian. Eta hemen goiko argazkitxoan neure burua kamiseta tiradunean ikusten dudanean oilo ipurdia jartzen zait; urte sasoi epelagoan egindako argazkia da dudarik gabe.
Batzuetan, gorputzak abisu txikiak bidaltzen dizkigu: “Txst, txst… katarro bat. Hartu atseden”. Mentazko karameloak eta paperezko mukizapi mordoa erosi, eta lanean jarraitzen dugu. Baina gorputza konforme ez, eta bigarren abisua bidaltzen digu: “Txst, txst… gripe bat. Segi ohera”. Orduan ere artículo tres, kasu putik ez; farmaziara joan, eta Frenadol, Farmagrip, Iniston, Strepsils, Lizipaina eta aurrean ikusitako droga guztiak erosten ditugu. Mentazko karameloekin eta paperezko mukizapiekin batera poltsoan indarka sartu, eta segi aurrera (lanera, lagunekin kafetxoa hartzera eta etxera joan aurretik letxuga, esnea eta oilaskoa erostera sinfalta). Eta gorputza, berean, temati, “txst, txst… pasatu egin haiz, rubia… tori gripea, gastroenteritisa, ezpaineko herpesa, gau osoan lorik egiten utziko ez dizun eztula eta ohetik ez jaikitzeko adinako sukarra, eta orain, geldi!!!”. Orduan bai, orduan kasu egiten diogu, beste erremediorik ez dugulako, toki guztietara eramaten nauten hanka motz hauek zutik egoteko indarrik ez dutelako.
Aste pare bat eman ditut gorputzak bidalitako keinu, alarma eta abisu guztiak ez entzutearren sekulako ahaleginak egiten. Beti dago gaixorik zaudela ez onarzeko aitzakiaren bat: batean, azken emanaldia da, eta gaizki datorkit. Bestean, nire egun librea da, eta ohean geratzen banaiz, alferrik galduko dut. Hurrena, Euskal Herrira buelta, eta aspaldian ikusi gabeko txokoak zapaldu gabe ezin gelditu. Anabasa horren barruan, Almeriako emanaldia egiteko eguna iritsi da.
Goizeko zortzietan hartu dugu hegazkina Bilbotik Madrilera, gero Madrildik Almeriara. Antzokira iritsi naizenean, gorputzak “kraask!” egin dit, eta oraingoan bai, oraingoan nahitaez entzun dut. Ordubete eskas falta da emanaldia hasteko, eta orain nire gorputza da niri jaramonik egiten ez didana, aurpegia zurbil, izerdi hotza eskuetan eta bizkarrean, eta nahita ere ezin eutsi goragale itogarri honi… Komunaren aurrean belauniko, eta emanaldia hasteko 40 minutu falta direla, izuak harrapatu nau. Gero, ispiluaren aurrean aurpegia ur hotzarekin freskatu ostean neure burua begiratu dudanean, aurrean ditudan begi negartiei erregutu diet “mesedez, gaurkoa jasan ezazu nolabait… bihar emango dizut atseden, aste osorako, mesedez, zainduko zaitut, nire hitza ematen dizut… pixka bat gehiago, mesedez”.
Gorputzaren erantzuna garbia bezain gordina izan da, eta ostera ere komunaren aurrean belaunikatu nau, gupida gabe. Haserre dago, minduta. Horrela hasi dut emanaldia, gorputza zutik mantentzeko ahaleginak eginez, eta antzoki ikaragarri horretan guri begira dauden 800 ikusleei zor diedan errespetua nire gorputzari lapurtuz. Emanaldiaren erdialdera iritsi garenean, mediku batek hartu nau; xiringa bat du eskuan, eta oharkabean ziztatu nau. “Prinperan jarri dizut, goragalea mozteko; bukatu arte ondo eutsiko diozu honekin, gero segi ohera eta hartu atseden”. Freddy Mercuryren abestirik garratzenetako bat buruan bueltaka dabilkidala zapaldu dut berriro ere agertokia, ezpain artean “show must go on” marmarti batekin. Gorputzak azken erregua (txutea esan beharko nuke agian?) erdipurdika onartu dit, eta emanaldia bukatzeko indarrak nonbaitetik atera ditu, baina akabo… gero ohera eraman dut zuzenean; nahikoa egin du gaixoak. Eta gaur hemen nago, txintxo-txintxo, nire gorputzarekin bakeak egiten.