Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Maite Alustiza

ustralian eta Txinan izan ondoren, Gipuzkoara iritsiko da World Puppet Festival. Haur eta helduentzako 240 ikuskizun eskainiko dituzte mundu osoko 40 konpainiak, bihartik ekainaren 5era. Donostiak eta Tolosak hartuko dute txotxongiloen jaia, eta aretoetan ez ezik, kalean ere izango dira emanaldiak. Donostian, esaterako, hogei agertoki baino gehiago jarriko dituzte: Eason, Kontxa pasealekuan, Bulebarrean, Koldo Mitxelenan… Berdin Tolosan: Euskal Herria plazan, Plaza Berrian, Lopez Mendizabalen, Trianguloan… Honako hauek dira antolakuntzak “nahitaez” ikusi beharrekoen artean aipatu dituenak:

INAUGURAZIO EKITALDIA
Bihar, 22:00etan, Zurriolan

Belgikako Tol Theatre konpainiak emango dio hasiera jaialdiari, Zurriola hondartzako kai muturrean. Hitzik gabeko aireko ikuskizun bat dakar konpainiak; dantzaren, kantuaren eta zinemako irudien nahasketa bat. Garabi handi baten bitartez, txotxongilo erraldoiak, aktoreak, bizikletak eta beste hainbat elementu hegan jarriko dituzte. Adin guztietako ikusleentzat.

‘RED EARTH REVISITED’
Maiatzaren 30ean, 18:30ean, Antzoki Zaharrean

Tragedia historiko baten bueltan girotzen da ikuskizuna. Hegoafrikan gertatu zen, Lurmutur Ekialdean, 1853. eta 1854. urte artean. Ingelesak Hegoafrikaren azken zati hori konkistatzen saiatu ziren, eta, artean, Xhosa erregeak eta buruzagiek gobernatzen zuten ingurua. Urteak eman zituzten han borrokan, eta gatazka horren biktimetako bat Nongqawuse umezurtza izan zen.

Hiru herrialdetako kideek sortu dute ikuskizuna: Hegoafrikako Assitej South Africa konpainiak, Herbehereetako Speetheater taldeak eta Euskal Herriko bi txotxongilolarik. Lau aktore profesionalek eta Europako eta Afrikako lau gaztek kontatzen dute istorioa. 10 urtetik gorakoentzat. Hizkuntza: ingelesa eta euskara, gaztelerazko azpidatziekin. Prezioa: 8-12 euro.

‘SPARTACUS’
Maiatzaren 31n, 21:00etan, Gazteszenan

Erroman kokatu du kontakizuna Frantziako La Licorne konpainiak. Zuzeneko musikarekin girotuta, Kristo aurreko 73. urteko gizarte iraultza baten historia dakar. Gladiatoreak, kondenatuak eta esklabu guztiak akabatu arte borrokatzen diren bitartean, herritarrek eta Erromako enperadoreek gozatu egingo dute. Askatasunaren bila, Espartakok iraultza odoltsu bat gidatuko du, milaka esklaburekin batera. Txanponaren bi aldeak erakutsiko ditu obrak: Erromaren aberastasuna eta boterea batetik, eta miseria eta heriotza bestetik. 6 urtetik gorakoentzako saioa da —frantsesez izango da, azpidatziekin—. Prezioa: 10 euro.

‘ÓSCAR, EL NIÑO DORMIDO’
Ekainaren 1ean, 18:30ean, Viktoria Eugenia antzokian

Andaluziako (Espainia) El Espejo Negro konpainiak 7 urtetik gorakoentzako ikuskizun bat dakar, gazteleraz. Oscar haurra da protagonista. Istripu bat izan zuen, eta, ondorioz, lo luze batean murgildu zen. Bederatzi hilabete eman zituen ametsetan, egun eta gau. Hala zegoela, gurasoek txikiagoa zenean irakurtzen zizkioten ipuinak gogorarazi zizkioten, eta, pixkanaka, esnatzen joango da. Ez du, ordea, ezer gogoratuko: ahaztu egin zaio hitz egitea, idaztea eta ibiltzea. Feten Europako Haur Antzerki Azokan ikuskizun onenaren saria jaso du. Prezioa: 8-12 euro.

‘LES IRRÉELS’
Ekainaren 2tik 5era, 17:00etan, Garberan eta Okendo plazan
Hitzik gabeko ikuskizun bat eskainiko du Frantziako Creature konpainiak. Ez dago argi pertsonaiak zer diren: irrealak ala gizakiak, antzinako zibilizazio bat, etorkizuneko tribu bat edo oraindik deskubritu gabeko espezie bat. Irrealen kanpamentuan hamabost denda daude, eta bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa dauka barruan. Ekainaren 2an eta 3an, Garbera merkataritza gunean emango dute; hilaren 4an eta 5ean, berriz, Okendo plazan. Guztiak 17:00etan dira. Adin guztietako ikusleentzat prestatutako saioa da.

‘OUT’
Ekainaren 4an, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian

Helduentzako ikuskizun bat dakar Italiako Unterwasser konpainiak. Out mutilaren eta bere bihotzaren arteko istorioa kontatzen du. Mutila kolorerik gabeko etxe batean bizi da, eta bere txoria (bihotza) galdu eta min hartuko ote duen beldur, kaiolan (bularrean) gordeko du. Halako batean, ihes egingo du txoriak, eta mutilak lehen aldiz bere bihotza aurkitzeko bidaiari ekingo dio. Beldurra, adorea, adiskidetasuna eta maitasuna sentituko ditu; eta bihotza irekitzeko gai diren pertsonez betetako mundu batean ibiliko da. Prezioa: 15-18 euro.

Leave a Reply

Your email address will not be published.