A. Arzallus
Hogei bat urte zituenetik hamaika marka egina da Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a (Azkoitia, 1959). Duela bi urte utzi zion harri jasotzeari, eta semea ibiltzen da orain.
Nola aldatu da herria txikia zinenetik?
Goitik behera. 6 urte nituela hasi nintzen eskolan, herriko plazan bertan. Plaza bera ere oso diferentea zen orduan, oso goian zegoen, eskailera batzuk igo behar ziren hara joateko. Gerora, lau jarri zuten. Gogoratzen naiz pisagailu bat ere bazela kalean bertan, Etxebeltzen parean. Harrezkero, obra asko eta handiak egin dira, tartean Oteizaren zazpi frontoiak ere bai.
Zertan egin du onera eta zertan txarrera?
Txarrera ezertan ez; aldaketak egin beharra daude, eta haietara ohitzea da kontua.
Zer da herritik gehien gustatzen zaizuna?
Kalean gutxi ibiltzen naiz, lanagatik ez bada behintzat. Ez naiz sekula poteoan-eta ibiltzekoa izan. Gehienez ere afaltzera irteten naiz, eta gero etxera. Afari mokadu bat egiteko taberna onak daude behintzat, eta hori gauza ederra da.
Herriak herri kirolekiko izan duen jarrera ere oso ona izan da beti, eta udaletik ere beti jaso izan dut babesa, batzuk edo besteak egon agintean. Herrian marka asko egiteko aukera izan dut, eta hori eskertzekoa da.
Herrian baduzu txoko maiterik?
Egia esan ez, behar dudanaren arabera batera edo bestera joaten naiz. Adibidez: txuleta bat jan beharko banu Isidrorenera joango nintzateke edo Aizpurutxora.
Iaz, Loiolako jaietan omendu zintuzten, eta hil honen hasieran Azkoitian bertan, Garagardo Azokaren barruan. Herrian estimatua sentitzen al zara?
Bai, oso estimatua gainera. Edozein lekutara joanda ere ate guztiak zabalik izaten ditut. Loiolako jaietan 23 urtean parte hartu izan dut hutsik egin gabe; ohore bat izan da, eta iaz omenaldia jasotzeak sekulako poza eman zidan.
Zeuk harri jasotzeari utzi zenion, baina orain semea hasi zaizu.
Bai, halaxe da, eta poza ematen dit, hari eskerrak oraindik mundu horretan segitzen baitut. Astean behin edo bitan etortzen da etxera beste lau bat lagunekin entrenamenduak egitera, eta giro ederrean ibiltzean gara.
Zer moduzkoa dator?
Denborak erakutsiko du hori, oraindik gaztea baita. Martin Mendizabal azpeitiarra ibiltzen da nire semearekin batera, eta joan den larunbatean Azpeitian, Elkartasun Egunean, 180 kiloko errektangularra jaso zuen. Marka polita da sekula plazara irten ez den batentzat.
Haiekin batera jarduten duen beste batek, Elias Perez hondurastarrak, 103 kiloko kubikoa hiru minutuan hiru aldiz jaso zuen. Hori ere ondo dago. Xabier Aranburu Gusta beasaindarrak, berriz, uztailaren 3an 225 kiloko errektangularra jasotzeko asmoa dauka. Pixkanaka-pixkanaka ari gara mutilak gogortzen.
Zertan jarduten duzu orain?
13 urte nituela hasi nintzen altzariekin lanean, eta bizitza osoa daramat haiei lotutako lanetan. 2007tik etxe-aldatze zerbitzua eskaintzen dut.
Leave a Reply